Udalak alegazioak aurkeztu ditu Berriztagarrien LPSaren hasierako onarpenaren aurka

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/07/24 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Plana baliogabetzeko eta planaren idazketa berri bat egiteko eskatu du udalak, prozedurak zenbait arlotan legedia urratzen duela argudiatuta.

  • Aldaba auzoan bi zentral fotovoltaiko handi ezartzeko kokalekuak definititzen ditu planak.

 

Eusko Jaurlaritzaren Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren (LPS) hasierako onarpenaren aurka alegazioak aurkeztu ditu Tolosako Udalak, plana osatzeko prozedurak zenbait arlotan legedia urratu duela argudiatuta. 

Plan honek EAEn zentral eoliko eta fotovoltaiko handiak eraiki ahal izateko kokalekuak jasotzen ditu, horietako bi Aldaba auzoko lurretan. Kokaleku hauek, ordea, ezinegona sortu dute bertako bizilagunen artean, eta azken asteotan harremanetan izan dira udal ordezkariekin.

Lehen sektorea, bioaniztasuna eta ondarea kolokan

Hiru dira, batik bat, herritarren kezka iturri nagusiak: lehen sektorean, bioaniztasunean eta ondarean izango luketen eragina. Izan ere, bi baserriren jardun ekonomikoan zuzenean eragingo lukete bi instalazioek: bata, Isastegi Sagardotegiaren ustiapen ekologikoko eta bertako sagarrak mantentzeko sagastietan; bestea, nekazaritza ekologikoan, eta ahuntz gaztaren eta ogiaren ekoizpenean urteak daramatzan Aldaba Zahar baserriko lurretan.

Lur horietan, gainera, Eusko Jaurlaritzaren Katagoloan jasota dauden eta legez babestuta dauden eta arrisku egoeran dauden hegazti eta ugaztun espezieak bizi dira. Intxur mendian dagoen Burdin Aroko herrixkaren aztarna arkeologikoetan ere eragingo lukete.

Lege hausteak

Aholkulari juridikoekin gaia aztertu ostean, prozesuak zenbait arlotan legedia urratu duela ondorioztatu du udalak. Batetik, parte hartze publikorako prozesuan, ez baita bete legeak informazioa jasotzeko eta alegazioak jartzeko ezarritako 45 eguneko epea. Prozesuaren hasierak, gainera, bat egin zuen udal hauteskundeekin eta gobernu aldaketekin. 

Bestetik, informazioa jasotzeko herritarren eskubidea urratu dela ere ondorioztatu da, ez baita eskura izan kokalekuen egokitasuna aztertzeko beharrezkoa den dokumentazio osoa.

Plana osatzerako garaian Eusko Jaurlaritza arbitrariotasun osoz jardun dela ere argudiatu du udalak, metodologian ezarritako irizpideak kontraesankorrak baitira zenbaitetan, eta argudio teknikorik gabeak beste kasu batzuetan. Bestelako Lurralde Plan Partzialen, Plan Sektorialen eta bertako Hirigintza Planaren gain ere jartzen da zenbait kasutan.

Baliogabetzeko eskaera

Argudio horietan oinarrituta, LPSa baliogabetzeko eskaera egin du udalak. Ez behin betiko, ordea. Prozesua berrabiarazi eta Berriztagarrien inguruko beste LPS bat osatzeko eskaera egin dio Eusko Jaurlaritzari, beti ere orain arte alboratu dituen alorrak kontuan hartuz, hala nola, ingurumena, tokiko lurralde antolaketa, parte hartze publikoa edota metodologia.

LPSa baliogabetuko ez balute, berriz, eta aurkeztutako dokumentazioan jasotako argudioak kontuan hartuz, laborantzara bideratutako bi lursail hauek instalazio fotovoltaikoak jartzeko aproposak ez direla izendatzeko eskatu du udalak.

“Energia berriztagarrien sorkuntzan oinarritutako sistema bat diseinatzeko beharrezkoa dugu lurraldea antolatzeko plangintza-tresna egokiak izatea. Baina proiektuei mugak ezartzeko ere erabili beharko lirateke, herritarrak izan daitezen onuradun, batik bat, eragin zuzena eta konponezina badute laborantza-lurretan, hainbat familiaren bizimodu eta hauen sostengu ekonomiko diren aktibitatetan edo gure ondare natural eta kulturalean, besteak beste”, azaldu du Aitor Agirresarobe Murgi, Jasangarritasuna, Ingurumena, Landa Garapena eta Trantsizio Energetikoa Saileko zinegotziak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA