Nolakoa da San Esteban, Bidebieta-Iparragirre-Izaskun eta landa eremuetako errealitatea?

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/10/21 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Eremu horietan hobekuntzak eta ideia berriak proposatzeko epea zabalik da, igandera arte, eta ondoren jasotakoak lehenetsiko dira auzotarrekin.
     

Auzoen eta bere auzotarren errealitate zabala ezagutzea, hobekuntza esparruak identifikatu eta, auzotarrekin elkarlanean, premia handiena duten lanak lehenesteko. Hori da AuzoEkin proiektuak, lehen fase honetan bilatu duena. Horretarako hiru eremuren diagnostiko integralak egin ditu Udalak aurten, auzoetako beharrak identifikatu ez ezik, errealitate soziala ezagutzeko: Bidebieta-Iparragirre-Izaskun inguruan, San Estebanen eta landa eremuko auzoetan egin da lanketa. Joan den astean eremuetako bakoitzean aurkeztu ziren ondorio nagusiak, eta atzo gauza bera egin zen udaleko langile eta ordezkari politikoekin.

Diagnostikoa egiteko informazio estatistikoa —erroldakoak, Eustatekoak eta Lanbidekoak— aztertu da. Horrez gain, inkestak egin dira hiru eremutan. Hiru eremuetan 2.543 biztanle bizi dira guztira, eta 562 inkesta egin dira. Hori osatzeko, talde eragilearekin saioak, eremuetako bakoitzean elkarrizketa sakonak, eztabaida taldeak eta auzoan zehar ibilaldi gidatuak egin dira, beharrak identifikatu eta aztertzeko. Bada, zein dira auzo horietako biztanleriaren ezaugarriak eta bilakaera? Nola autematen dute auzoko bizitza? Zer ikusten dute hobetzeko?

 

Bidebieta-Iparragirre-Izaskun

Gaztetze fasean dagoen eremua da. Azken hamarkadan % 15 hazi da biztanleria, eta laurdena auzora etorri berria da —gehienez 5 urte daramatza bertan bizitzen—. Batez besteko adina 45 urtekoa da: gehienak 35-54 urte artekoak dira, % 26,7. 15 urtetik beherako haurrena da hazkunderik handiena: 2015ean % 6,2 ziren, orain % 15,3. Jatorriari erreparatuta, % 8,5 kanpo jatorrikoak dira, gehienak latinoamerikarrak eta afrikarrak. 

Langabezia tasa murritza bada ere —% 5 baino gutxiago—, egoera ekonomikoa apala da, oro har: laurdenak hilabete bukaerara iristeko zailtasunak ditu. Bizilagunen gehiengoa ez-aktiboa da eta etxebizitzaren kostuak presio handia eragiten du, eta ondorioz, hilabete bukaerara iristeko zailtasunak ageri dira. 2,5 pertsona bizi dira etxebizitza bakoitzeko. Erdia jabetzan duen etxebizitza batean bizi da, eta oro har etxebizitzen egoera orokorra ona da. 

Auzoaren beharrei dagokienean, jasotako ekarpenek erakutsi dute auzoak bi lehentasun nagusi dituela: espazio publikoaren bizi-kalitatea eta komunitatearen aktibazioa. Zabalarreta parkea auzoaren bihotz eta topagune potentzial gisa ikusten da, baina egun egoera ahulean dago, eta bizilagunek haren birgaitzea lehen urrats gisa proposatu dute. 

Irisgarritasun arazoek —espaloien egoera, konektibitate eskasa, oinezkoentzako segurtasun falta...— kezka iturri dira, eta konponbide zehatzak proposatu dira. Halaber, merkataritzaren gabezia eta lokal publiko hutsen aktibazioa auzoaren dinamizaziorako gako modura azpimarratu dira. Prozesuak erakutsi du bizilagunek auzoarekiko atxikimendu sendoa dutela, nahiz eta auzogintza oraindik mugatua izan.

 

San Esteban

Neurri apalagoan bada ere, San Estebanen ere biztanleria hazi egin da (% 5,8ko gorakada). Igoerarik handiena 15 urtetik beherakoen artean eman da, hamarkada batean % 5 hazi baita adin-tarte hori, auzoko biztanleen % 16,9 izateraino. Auzoaren laurdenak 24 urte baino gutxiago ditu. Batez besteko adina, berriz, 43 urtekoa da. Sexuen arteko desoreka txikia da. 

Langabezia tasa esanguratsua du, % 12koa, herena iraupen luzekoa. Diru-sarrerak apalak dira; hala ere, ez da zailtasun ekonomiko orokortu bat antzeman, gastu maila neurrian egiten baita. Etxebizitzaren eskuragarritasuna eta alokairuaren presentzia altua —biztanleen ia erdia alokairuan bizi da—, gazteen emantzipazio altuaren eta biztanle berrien erakargarritasunaren erakusle dira. Batez beste 2,3 pertsnoa bizi dira etxe bakoitzeko.

Biztanleen % 40ak bost urte baino gutxiago daramatza bertan bizitzen, baina bizilagun berrien presentzia ez dira oraindik auzogintza aktibo eta kohesionatu batean islatu. Udalarekiko distantzia emozionala hautematen da, gainera, ia bi hamarkadaz luzatu den auzoko garapen urbanistikoa tarteko, utzikeria instituzionalaren pertzepzioak elikatua. Hala ere, bizilagunek auzoaren aktibo nagusiak argi dituzte: lasaitasuna, hurbiltasuna eta identitate kolektiboa. 

Azpiegitura eta ekipamenduen egoerari dagokionez, gabezia zehatzak aipatu dira —komun publikoak, argiteria, iturriak edo estalkiak— eta horiek auzoaren ‘duintasun sinbolikoarekin’ lotzen dituzte. Ferialekuaren egoera ere auzoaren metafora bihurtu da: potentzial handiko espazioa, baina erabilpen eta mantenu faltagatik lausotua. Aniztasun kulturala eta belaunaldien arteko oreka funtsezko ardatzak gisa ikusi dira.

 

Landa eremua

Aurreko bi eremuetan ez bezala, biztanleria jaisten ari da nabarmen: % 6,5 gutxitu da. Gainera, zahartze-prozesu sakona izaten ari da: ia % 5 hazi dira 65 urtetik gora dituzten auzotarrak. Dena den, 47,5 urtekoa da batez besteko adina da. 

Belaunaldi berriek emantzipatzeko dituzten zailtasunek eragin zuzena dute, emantzipazio tasa oso urria baita, %8koa. Etxebizitza eskaintza mugatua da eta kanpotik etorritako jendea erakartzeko gaitasun eskasa giltzarriak dira biztanleriaren beherakada azaltzeko. Lan-merkatuaren egoera orokorrean egonkorra da, eta errenta mailak erlatiboki lasaiak dira, batez ere, etxebizitzen jabetza orokortuak gastu presioa murrizten duelako. % 7ak baino ez du etxebizitza-gastuen gehiegizko zama, eta % 95ak ez du hilabete bukaerara iristeko zailtasunik.

Ekintza kualitatiboek argi utzi dute azpiegitura eta zerbitzuen gabezia dela auzoen kezka partekatuena: ura, saneamendua, argiteria eta bideen egoera dira lehentasun nagusiak. Arazo horiek ez dira zerbitzu faltatzat soilik ikusten, jarraipen eskasaren sintoma gisa baizik. Horregatik, bizilagunek Udalarekin harreman iraunkorrak eta egituratuak proposatu dituzte, auzoen jarraipen teknikoa eta erabakietan parte hartzea bermatzeko. 

Ondarearen eta historiaren balioa ere azpimarratu da, paisaia, eraikin historikoak eta herribideak komunitatearen identitatearen ardatz gisa ulertuz. Auzogintza eta komunitatearen aktibazioa funtsezko zutabe gisa agertu dira, nahiz eta elkarteek belaunaldi erreleboaren eta baliabide faltaren erronkak pairatzen dituzten. Hala ere, herritarren prestutasun eta inplikazio maila altuak erakusten du bizitza sozial eta kulturala berpizteko potentzial handia dutela.

 

Proposamenak egiteko aukera zabalik

Lehen diagnostiko fasean bizilagunengandik jasotako proposamen eta beharrak zerrendatuta daude jada, eta ikusgai jarriko dira erabaki.tolosa.eus plataforman datozen egunotan. 

Hala ere, zabalik dago proposamen gehiago egiteko epea, auzotar guztientzat. Mota askotako iradokizunak jaso dira orain arte: konponketkin zerikusia dutenetatik hasita —bideen konponketa eta irisgarritasuna, gune berdeak, argiteria, bizikleta aparkaleku berriak, eta abar—, izaera komunitarioagoa dutenetara —auzo-elkartea sortzea, jaiak berreskuratzea—.

Hilaren 26ra arte, igandera arte, izango da proposamenak egiteko aukera. Bi eratara egin ahal izango dira: online erabaki.tolosa.eus plataforman erregistratu eta zuzenean argitaratuta, edo, presentzialki, UDATE arreta bulegoan proposamena idatziz entregatuta. 

Proposamenekin, eremu bakoitzean bost urterako estrategia bana landuko da. Helburua da jasotzea denbora horretan garatu beharreko helburuak eta akzioak. Aurrerago deliberazio- eta parte hartze aktiboko dinamikak uztartuko ditu, lehentasunak ezartzeko. Lehenetsitako proposamenen azterketa teknikoa egin ondoren, datorren urtean egin beharreko lanen azken aukeraketa egingo da auzotarrekin batera. Aukeratutakoak datorren urteko udal aurrekontuan txertatuko dira zuzen-zuzenean, eta eremu bakoitzak 60.000 euroko poltsa izango du. Era berean, kopuru hori gainditzen duten proposamenak datozen urteotako inbertsio- eta mantenu-planetan txertatzeko ahalegina egingo du Udalak.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA