Tolosako Elkarteen eta Boluntarioen Azoka, urriaren 22an

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/10/15 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Herrian jarduten duten 26 elkartetan egiten diren boluntario-lan ezberdinak ezagutzeko aukera emango du azokak, goiz osoan zehar, Zerkausian.
     

Zerkausiak Tolosako Elkarteen eta Boluntarioen Azokaren beste edizio bat hartuko du, hilaren 22an, datorren asteazkenean. Tolosako Udalak eta Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolak elkarlanean antolatuta, 10:00etatik 13:30era bitarte egingo da.

Azokaren helburua da boluntariotza sustatzea, Tolosako elkarteen —edo Tolosan jarduten dutenen— aniztasuna  erakutsi eta boluntarioen lana ikusaraztearekin batera. Aurten 26 elkartek hartuko dute parte, eta beren jarduna ezagutu ahal izango da. Interesatuek, gainera, boluntario lanetan parte hartzeko izena eman ahal izango dute bertan.

Tolosako ikastetxeetako 665 ikasle inguru pasako dira bertatik, baina herritarrei zabaldutako azoka ere bada: 11:15etik 12:15era bitartekoa herritar guztiei zabaldutako tartea izango da.

Ikasle guztiek, gainera, azoka baino lehen aurre-lanketa bat egingo dute ikastetxeetan elkarte horien jardunari buruz, baita ondoren ere. Azoka egunean, berriz, lanketarekin jarraitzeko fitxa batzuk bete beharko dituzte. Parte hartzen duten ikasle guztien artean Tolosako kirol eta kultur produktuetan gastatzeko 10 bonu zozkatuko dira, Tolosa&Cori esker.

Elkartegintzaz hausnartzeko tartea

Boluntariotza-lanaren errealitateetan sakondu asmoz, aurten ere hitzaldi bat izango da goiz erdian. Zerkausiko enbarkaderoan izango da, 11:15ean, Gizalderen eskutik. Elkartegintzako eginkizunen inguruan arituko dira, boluntariotza rolak ezagutu asmoz. Halaber, elkarlanean aritzeko Gipuzkoan dauden esperientziak emango dira ezagutara. Segidan, Tolosan egin daitekeenari buruz hausnartuko dute ikastetxe bakoitzeko hiruna ikaslek eta azokan parte hartuko duten elkarteetako ordezkariek. 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA