- Inbertsioetara eta kapital-transferentzietara 7,15 milioi euro bideratzea aurreikusi da: auzoak berritzeko, etxebizitzaren arloko politikak indartzeko eta udal azpiegiturak hobetzeko.
- Osoko bilkurak azaroaren 26an onartutako proiektuak udalaren egonkortasun ekonomikoa, baliabideen kudeaketa arduratsua eta herritarren ongizatea uztartzea du helburu.
.png)
Tolosako Udalak, 2027rako, 42.880.205 euroko aurrekontu-proiektua onartu du azaroaren 26ko osoko bilkuran. 2026koarekin alderatuta, % 0,34 handiagoa da. Hau da 2027rako kontuen helburu nagusia: herritarren beharrei erantzuten jarraitzea, kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzea eta Tolosaren etorkizunerako estrategikoak diren proiektuak garatzea.
Helburu horiek lortze aldera, udal-baliabideen erabilera eraginkorra eta arduratsua lehenetsi da, gastu arruntaren kontrola eta inbertsio-gaitasuna uztartuz. Hain zuzen ere, udalaren egoera ekonomikoa egonkortasun finantzarioaren isla da: sarrera arruntak % 2,07 handitzea aurreikusten da, gastu arrunt ez-finantzarioak % 1,34 haziko dira, eta aurrezki garbia 1,15 milioi eurokoa izatea espero da. Testuinguru horretan, aurrekontu-proiektuaren ardatzak dira udal-zerbitzuen kalitatean aurrerapausoa ematea eta herriaren eraldaketan sakontzea.
Inbertsioek protagonismo berezia izango dute 2027ko aurrekontuan. Izan ere, guztira 7.152.000 euro aurreikusi dira inbertsio errealetarako eta kapital-transferentzietarako; horietatik 6.148.000 euro zuzeneko inbertsioetarako izango dira. Lehentasun nagusietako bat auzoen eta espazio publikoen hobekuntza izango da, eta horretarako, herriko zenbait eremutan esku-hartzeak egingo dira bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin. Azpiegitura eta urbanizazio-jarduketetarako, 2,3 milioi euro inguru aurreikusi dira, eta horien artean, honako hauek nabarmentzen dira:
San Blas auzorako 550.000 euro, Iparragirre auzorako 250.000 euro, Iurre 1-13 eremurako 207.500 euro eta Donostia etorbiderako 150.000 euro. Era berean, Santa Lutzia auzoko aparkalekurako 250.000 euro, Usabalgo kirol-guneko aparkalekurako 120.000 euro eta Geltoki plazarako 90.000 euro jaso dira. Horiez gain, 500.000 euroko partida orokorra aurreikusi da, asfaltatze-planari eta urbanizazio-beharrei erantzuteko. Jarduketa horien bidez, udalak indartu egin nahi du auzoen arteko oreka sustatu, espazio publikoen kalitatea hobetu eta herritarren eguneroko beharrei erantzuteko konpromisoa.
Etxebizitza, hiri-berroneratzea eta udal ekipamenduen modernizazioa ere inbertsio-planaren ardatz nagusien artean daude. Etxebizitzaren esparruan, 624.000 euroko ekarpena aurreikusi da VISESArentzat, 300.000 euro etxebizitzak birgaitzeko laguntzetarako eta beste 40.000 euro etxebizitza hutsak berreskuratu eta alokairu soziala sustatzeko. Alde Zaharreko patioen eremuan desjabetzeak egiteko 250.000 euro ere jasotzen dira, hiri-berroneratze prozesuan aurrera egiteko. Udal-eraikin eta ekipamenduei dagokienez, nabarmentzekoak dira Emeterio Arreseko beheko solairurako 808.000 euro, San Frantzisko 37rako 226.100 euro eta belaunaldiarteko proiektuari lotutako 140.815 euro. Kirol-azpiegituretan, berriz, milioi bat euroko inbertsioa aurreikusi da bi jarduketa nagusitan: 500.000 euro Usabalen eguzki-plakak jartzeko eta beste 500.000 euro Berazubiko eraberritze integralerako. Jarduketa horiek udal-ekipamenduen hobekuntza, energia-eraginkortasuna eta jasangarritasuna indartzeko apustuaren parte dira.
2027ko aurrekontuaren helburua da, beraz, Tolosaren garapena, herritarren ongizatea eta zerbitzu publikoen kalitatea uztartzen dituen udal jarduera indartzea. Inbertsio nagusiekin batera, udal-zerbitzuen eguneroko funtzionamendua hobetzeko baliabideak jasotzen dira, baita udal azpiegituren mantentze-lanetarako, kultur eta kirol ekipamenduetarako, zerbitzuen modernizaziorako eta herriko jarduera ekonomikoa sustatzeko neurriak ere.
Udalaren helburua da abian diren proiektuei jarraipena ematea, herritarren beharrei erantzuteko jarduketa berriak bultzatzea eta epe ertain eta luzerako ikuspegiarekin lan egitea. Funtsean, aurrekontu-proiektuak herriaren eraldaketan sakontzeko borondatea islatzen du, Tolosa biziagoa, irisgarriagoa, jasangarriagoa eta guztiontzat hobea eraikitzen jarraitzeko, betiere baliabide publikoen kudeaketa arduratsuan eta herritarren interes orokorrean oinarrituta.