- Tolosako Udalaren adierazpen instituzionala, Eusko Legebiltzarreko Palestina eta Ekialde Hurbila Babesteko Taldeartekoak onartutakoarekin bat eginda.
.png)
Tolosako hainbat eragilek Palestinaren aldeko astea antolatu dute azaroaren 6tik 14ra, askotariko kultur ekimenak antolatuta, eta helburua da herritarren artean zabaltzea palestinarrek oraindik ere pairatzen duten egoeraren kontzientzia.
Testuinguru horretan, Tolosako Udalak adierazpen instituzional hau egin nahi du, Eusko Legebiltzarreko Palestina eta Ekialde Hurbila Babesteko Taldeartekoak onartutakoarekin bat eginda:
2026ko urrian, hiru urte bete dira Israelek Gazako zerrendaren aurkako erasoaldi militarra areagotu zuenetik. Erasoaldi horrek izugarrizko hondamena eragin du: arlo humanoan, bai eta alor materialean ere. Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluak eratutako Nazioarteko Ikerketa Batzorde Independenteak 2025eko irailean ondorioztatu zuen arrazoizko oinarriak daudela baieztatzeko Israelgo agintariek eta segurtasun-indarrek genozidioa osatzen duten ekintzak egin zituztela eta egiten jarraitzen zutela Gazako biztanleriaren aurka.
Hiru urte igaro ondoren, Palestinako biztanleen egoera jasanezina da oraindik. Gazako Osasun Ministerioak argitaratutako datuen arabera, 73.000 palestinar baino gehiago hil dira Gazan, eta 170.000 baino gehiago zauritu dira. Gainera, UNICEFek 2026ko ekainaren amaieran kalkulatu zuen, gutxienez, 21.700 haur hil eta 45.000 inguru zauritu zituztela. Suntsiketa materialari dagokionez, Nazio Batuen UNOSAT zentroaren arabera, 2026ko erdialderako, Gazako egituren % 82 kaltetuta zeuden Israelgo erasoen ondorioz, eta 134.000 egitura baino gehiago, berriz, erabat suntsituta. Israelek eragindako suntsiketa horren kalteak konpontzeko 71.000 milioi dolar beharko lirateke, Nazio Batuek, Europar Batasunak eta Munduko Bankuak elkarrekin egindako ebaluazioaren arabera. 2025eko urrian lortutako su-etenak ez zion amaiera eman indarkeriari, ezta Gazako biztanleen giza eskubideen urraketei ere. Nazio Batuen OCHA bulegoaren arabera, su-etena indarrean sartu zenetik 2026ko irailaren 2ra bitartean, Israelek 1.334 pertsona hil eta beste 4.429 zauritu ditu. Nazio Batuek salatzen jarraitzen dute Israelek biztanleak bizi diren eremuetan egiten dituela erasoak, eta laguntza humanitarioa sartzeko murrizketa larriak egiten dituela. Halaber, ohartarazten dute biztanleriaren zati handi bat desplazamendu, prekarietate eta muturreko zaurgarritasun egoeran bizi dela.
Hala ere, Palestinako egoeraren larritasuna ez da Gazara mugatzen. Zisjordanian, Ekialdeko Jerusalem barne, Israelgo Gobernuak asentamenduak ezartzeko politika bizkortu du, eta ugaritu egin dira legez kanpoko eraispenak, mugitzeko askatasunaren murrizketak eta kolonoek Palestinako biztanleen aurka erabiltzen duten indarkeria. Aurten bakarrik, 3.960 palestinarrek beren bizilekua utzi behar izan dute, gogoz kontra, eraispenen, etxegabetzeen, kolonoen indarkeriaren eta horiekin lotutako murrizketen ondorioz. Nazioarteko zuzenbidearen arabera legez kanpokoak diren asentamenduen eta eraikuntzen hedapen horien barruan, arreta berezia merezi du Israelgo Gobernuaren E1 proiektuak. Ekialdeko Jerusalemen eta Ma’ale Adumim kokagunearen artean legez kanpoko asentamendu bat eraikitzeko proiektua da. Proiektu horrek 3.401 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du, eta horietatik 1.200 dagoeneko esleitu dira. Plan hori gauzatzeak Zisjordania zatitzea ekarriko luke, ekialdeko Jerusalem erabat bakartuko bailuke.
Nazioarteko zuzenbideak argi eta garbi ezartzen du asentamendu horiek legez kanpokoak direla. Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak, 2334 Ebazpenaren bidez, adierazi du 1967az geroztik Palestinako lurraldean eraikitako Israelgo asentamenduek ez dutela balio juridikorik eta nazioarteko zuzenbidea urratzen dutela. Era berean, Nazioarteko Justizia Auzitegiak 2024ko uztailaren 19an emandako aholku-iritziak ondorioztatu zuen Israelen presentzia legez kontrakoa dela okupatutako Palestinako lurraldean, eta Israeli eskatu zion ahalik eta lasterren emateko amaiera presentzia horri, eteteko asentamendu berriak ezartzeko jarduerak eta ateratzeko kolonoak okupatutako lurraldeetatik.
Egoera horrekin batera, urriaren 27an, Israelgo Kneseterako hauteskundeak egin ziren. Hauteskunde horietatik aterako da hurrengo urteetan egoera honi aurre egin beharko dion gobernua. Hauteskundeen emaitza edo hurrengo gobernuaren osaera edozein dela ere, Israeli nazioarteko zuzenbidetik etorritako betebeharrak ez daude gehiengo politikoen mende, eta ezin dira gobernu-aldaketen araberakoak izan. Israelgo hurrengo gobernuak errespetatu egin beharko ditu nazioarteko auzitegien erabakiak, legez kanpoko kokaguneen hedapena eten eta Palestinako herriaren eskubide zibil eta politikoak erabat bermatu.
Hiru urte igaro ondoren, ezinbestekoa da Gazako suntsiketa, okupazioa eta asentamenduen hedapena amaitzeko eskatzen jarraitzea, baita hamarkadak daramatzan Palestinako herriaren aurkako apartheida amaitzea ere. Biztanleria zibila babestea, genozidioari amaiera ematea, nazioarteko zuzenbidea betetzea, legez kanpoko asentamenduak desegitea eta Palestinako herriak autodeterminaziorako duen eskubidea benetan gauzatzea ezinbesteko baldintzak dira bake justu eta iraunkorra lortzeko.
Horregatik guztiagatik, Tolosako Udalak:
1. Eskatzen du eteteko behin betiko Palestinako biztanleria zibilaren aurkako erasoak, eta amaitzeko Nazio Batuen Nazioarteko Ikerketa Batzorde Independenteak genozidiotzat jo dituen jardunbideak.
2. Israelgo Gobernuari eskatzen dio eteteko berehala Zisjordanian eta Ekialdeko Jerusalemen asentamenduak eraikitzeko, handitzeko, planifikatzeko edo legeztatzeko jarduera oro, desegiteko legez kanpoko asentamenduak, eta ateratzeko Israelgo kolonoak okupatutako Palestinaren lurraldetik.
3. Espainiako Gobernuari eskatzen dio jarrai dezala bermatzen indarrean dagoen enbargo militarraren aplikazio osoa, eraginkorra eta gardena, eta bermatzeko, halaber, benetan betetzen dela nazioarteko zuzenbidea.
4. Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari eskatzen die jarraitzeko Europar Batasunaren esparruan honako hauek sustatzen: debekatzea Israelgo legez kanpoko asentamenduetatik datozen produktu eta zerbitzuen inportazioa eta merkaturatzea, eta neurriak hartzea enpresek eta eragile ekonomikoek asentamendu horiek mantentzen edo hedatzen laguntzea eragozteko.
5. 2025eko urriaren 23an onartutako transakzio-zuzenketarekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio argitara dezala Eusko Jaurlaritzak eta euskal sektore publiko osoak Israelgo enpresekin eta legez kanpoko okupazioarekin edo Palestinako biztanleriaren errepresioarekin lotutako jardueretan zuzenean nahiz zeharka parte hartzen duten konpainiekin dituzten harreman ekonomiko, komertzial edo kontratuzkoen inbentario eguneratua, nazioarteko zuzenbide humanitarioa eta Nazio Batuen ebazpenak aintzat hartuta, indarrean dagoen araudiaren arabera harreman horiei amaiera emateko.
6. Espainiako Gobernuari eskatzen dio jarraitzeko Europar Batasunean nazioarteko zuzenbidearen etengabeko urraketen aurrean neurri politiko, diplomatiko eta ekonomiko eraginkorrak bultzatzen. Neurri horien artean daude merkataritza-lehentasunak etetea eta EBren eta Israelen arteko Elkartze Akordioaren atalen aplikazioa etetea, baldin eta atal horiei indarrean eustea bateraezina bada akordioaren 2. artikuluan giza eskubideen arloan ezarritako betebeharrekin.
7. Berretsi egiten du Nazioarteko Justizia Auzitegiari eta Nazioarteko Zigor Auzitegiari ematen dien babesa, eskatzen du bi auzitegien erabakiak betetzea, eta estatuei eskatzen die aritzeko lankidetzan bi erakundeekin, nazioarteko krimenak ikertu eta horien gaineko erantzukizunak argituko direla bermatzeko.