Alde Zaharreko Plan Integralaren bigarren faseari hasiera emateko, kontraste-saioa egingo da auzoko eragileekin

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/11/10 | Hirigintza
  • Ekintza-plana 2024an Alde Zaharreko eta Rondilla-Belateko hainbat eragilerekin egindako lanaean oinarritzen da; lehen fasean, alegia. Lan hori egungo datuekin eguneratuko eta osatuko da.
  • 2030 urtea jomugan, Alde Zaharrarentzako etorkizun-ikuspegi bat ezarriko du planak, bizitzeko, negozio bat izateko edo bertako ondarea eta espazio publikoaz gozatzeko leku atsegin bat izaten jarrai dezan.

Tolosako Hirigune Historikoa berpizteko, biziberritzeko eta birgaitzeko epe luzeko ibilbide-orria da Alde Zaharreko Plan Integrala. Tolosako Udalaren 2023-2027 Agintaldi planean jasotakoari jarraikiz, estrategia integral batean datza plana, partaidetzan oinarritutakoa eta, besteak beste, etxebizitza, ondarea, elkarbizitza eta erabilera aniztasuna sustatzeko helburua duena. 

Ildo horretan, Alde Zaharreko eta Rondilla-Belateko hainbat eragilerekin 2024an osatu zen diagnostikoan oinarritzen da. Orduan, eremuaren lehen azterketa bat idatzi zen, bederatzi gairen inguruan antolatuta, eta orain lan hori egungo datuekin eguneratuko eta osatuko da. Horretarako, kontraste-saioa egingo da auzoko eragileekin aste honetan.

Auzotarren eskaritik sortua da plana, eta Alde Zaharreko eragileen eta udalaren arteko adostasunez ari da gauzatzen. 2030 urtea jomugan jarrita, Alde Zaharrarentzako etorkizun-ikuspegi bat ezarriko du planak, ekintza zehatzekin, eta prozesuaren azken fasean, ikuspegi horretara iristeko epe labur, ertain eta luzeko jarduerak zehaztuko dira, gaika: ingurumena, hiri-espazioa eta mugikortasuna, ekonomia, enplegua eta merkataritza, bizitza eta bizikidetza komunitarioa, etxebizitza, ondarea eta paisaia, eta gobernantzat eta parte-hartzea.

Plan Integralaren parte-hartze prozesua urte amaieraren eta 2027ko erdiaren artean gauzatuko da. Lehen gizarte-topaketak 2027ko hasieran egingo dira. Parte-hartze espazio bakoitza prozesuaren fase ezberdinekin lotuta egongo da, eta eragile sozialak, teknikoak eta politikoak bilduko ditu: hala, batetik, eragile nagusiekin kontraste-saioak egingo dira, eta bestetik, herritar guztiei zuzendutako saio irekia ere egingo da. Prozesua jarraitzeko aukera dago erabaki.tolosa.eus atarian.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA