Igandean hasiko da Kultura Plazara

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/07/06 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Uztailaren 12tik irailaren 26ra izango dira ekintzak; irailaren 11n eta 12an izango da eskaintzarik handiena, Zumardiaundian.
  • Doako autobus-zerbitzua egongo da landa-auzoetako jardueratara joan-etorria egiteko.

Aurtengo udan ere izango da kulturaz gozatzeko aukera Tolosako kaleetan. Zazpigarren aldiz antolatu du Udalak Kultura Plazara ekimena: uztailaren 12tik irailaren 26ra, antzerkia, dantza eta musika uztartzen dituzten ekintzak izango dira. Herriko hainbat tokitan izango dira, gainera, ekintza hauek, herrigunean bertan nahiz landa-auzoetan. Zehaztastun guztiak jasota daude kulturaplazara.eus webgunean.

Eraitsi SL kale-antzerkia izango da lehen emanaldia: uztailaren 12an izango da Larramendiko plazan, 19:00etan. Uztaileko egitaraua osatuko dute Bea Larrañagaren klown ikuskizunak, Tolosako Udal Musika Bandaren emanaldiak eta Zuhamu dantza bertikalak. Abuztuaren 10ean, Ignacio Arakistain eta Hodeiertz abesbatza arituko dira Andre Maria elizan, Donostiako Musika Hamabostaldiko egitarauarekin bat eginez. 1936ko liburuen erreketa gogoratzeko irakurketa abuztuaren 11n izango da, Plaza Zaharrean, eta hilabetearen amaieran, abuztuaren 29an, Petti & Etxeko Uzta izango da Aldaban.

La Llegada antzerkiak, Alurren Hamaikakua dantza emanaldiak eta Niko Etxart eta Hapa Haparen musika-kontzertuak osatuko dute iraileko egitaraua, irailaren 11ko eta 12ko hitzordu handiaz gainera.

Bestalde, udako zinea ere antolatu da Leidorren.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara: https://kulturaplazara.eus/beste-plazak

Irailaren 11n eta 12an izango da jaialdia

Zumardiaundian izango da eskaintza handiena irailaren 11n eta 12an: IOI, Haatik eta Jone San Martinen dantza-emanaldia, eta Mugan taldearen eta Bele Lide Hernandoren musika-proiektuaren kontzertuak izango dira lehen egunean, eta bigarrenean, Kattalin eta Nenufarrak, Bengo eta Gere arituko dira; J.M.Brutal kale-antzerkia ere izango da ikusgai.

Bestalde, Tolosaldeko Sortzaileen Azoka izango da irailaren 12an, 11:00etatik aurrera: eskualdeko artisauak eta ekoizleak ezagutzeko aukera eman ohi duen azoka.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara: https://kulturaplazara.eus/zumardiaundia 

Azokan izena emateko epea zabalik uztailaren 16ra arte

Besteak beste, arropa, serigrafia, pintura, eta bitxingintzan ari diren ekoizleei dei egiten zaie Tolosaldeko Sortzaileen Azokan parte hartzera. Batetik, euren sorkuntzak ikusgarri egiteko, eta bestetik, elkarren arteko harremana estutzeko topagunea izan nahi du azokak. 

Parte hartu nahi dutenek mezua bidali behar dute kultura@tolosa.eus helbidera, eta datu hauek adierazi beharko dituzte: izen-abizenak, aurkeztu nahi duten ekoizpena, harremanetarako bideak (helbide elektronikoa eta telefonoa), sare sozialak eta egiten dutenaren argazki pare bat. Kultura Plazara azokan izena emateko epea zabalik dago uztailaren 16era arte.

Doako autobus-zerbitzua

Landa-auzoetan izango diren ekintzetarako, doako joan-etorriko autobus-zerbitzua egongo da Tolosako erdigunetik: abuztuaren 29an Aldabara joateko, Bedaiora irailaren 5ean, eta Urkizura irailaren 26an. Autobusa San Frantziskotik irtengo da, emanaldia hasi baino ordubete lehenago.

Zerbitzua doakoa izango bada ere, aldez aurretik izena eman beharko da, epe hauetan: Aldabako kontzerturako, uztailaren 29a baino lehen, eta Bedaioko eta Urkizuko kontzertuetarako, abuztuaren 30a baino lehen.

Erreserba egitean, datu hauek adierazi beharko dira: izen-abizenak, erreserbatu nahi den plaza-kopurua eta harremanetarako telefono-zenbaki bat. Helbide elektroniko honetara idatzita eman behar da izena: kultura@tolosa.eus .

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA