- Eguerdiko 12:00etan izango da ekitaldia Tolosako Udaleko Areto Nagusian.
- Aurrez gonbidapena jaso behar da Kultur Etxean: astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara edota 16:30etatik 19:00etara. larunbatean, gonbidapenaren truke, aurkeztuko den liburua doan eskuratzeko aukera egongo da.
- Udal korporazioak Tolosan izandako eta tolosarrek pairaturiko indarkeriazko gertakariak eta giza eskubideen urraketak ezagutu eta aitortze aldera, Memoria berrskuratze lanketa hasi zuen 2006an Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean. Lan horren emaitza da liburu hau, 2011an aurkeztutakoari, '1936-1945 Memoriaren izenak', jarraiki.
Tolosako Udalak azken urteotan, Memoriaren Egunaren bueltan, alderdi guztien adostasuna oinarri izan duten adierazpen ezberdinak egin ditu, Tolosako biktima guztiak gogora ekarri eta aitortzeko helburuarekin.
Oroimenerako bidean gertatutako guztiaren egia ezagutzearen garrantzia azpimarra, egia modu zabalean ezagutzeak gertatutakoa aitortzeko bidearen lehenengo urratsa da. Hori premisa, 2006an hasi zuen Udalak Memoria berreskuratze lanketa, Tolosan izandako eta tolosarrek pairaturiko indarkeriazko gertakariak eta giza eskubideen urraketen gaineko egia ahalik eta modu zabalenean ezagutu eta dokumentatze aldera.
Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera ari da burutzen Udala lan hori. Horren emaitza izan zen 2011an euskaraz, eta 2013an gazteleraz, aurkeztu zen '1936-1945 Memoriaren izenak. Errepresioa eta giza eskubideen urraketa Tolosan, Gerra Zibilean eta Lehen Frankismo garaian' liburua.
Oraingoan eta larunbateko Memoriaren Eguna baliatuz, Udal korporazioak, egiaren eta aitortzaren bidean beste urrats bat emango du lanketa horrenpeko 'Tolosa 1945-1975. Giza eskubideen urraketak eta errepresioa diktadorea hil artean' liburuaren aurkezpenarekin. Larunbat honetan izango da ekitaldia, azaroak 10, eguerdiko 11:30ean, Tolosako Udaleko Areto Nagusian. Aurrez gonbidapena jaso behar da Kultur Etxean: astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara edota 16:30etatik 19:00etara. Pertsonako gonbidapen bat soilik, eta larunbatean, gonbidapenaren truke, aurkeztuko den liburua doan eskuratzeko aukera egongo da.
Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak, Juantxo Agirre Mauleon Arantzadi Zientzia Elkarteko idazkariak, eta liburuaren egile den Javi Buces Arantzadi Zientzia Elkarteko historialariak hartuko dute parte aurkezpenean.
'TOLOSA 1945-1975. Giza eskubideen urraketak eta errepresioa diktadorea hil artean'
'TOLOSA 1945-1975. Giza eskubideen urraketak eta errepresioa diktadorea hil artean' liburuaren egiturak bi aldi historiko ditu abiapuntu: aurrenekoa, 1945 eta 1959 urteen artean gertatutakoari dagokio, hau da, erregimen diktatorialaren aurka ia oposiziorik ez zegoeneko aldia, izan ere, aurreko urteetan erabat suntsituta geratu zen. Exekuzio, kartzelaldi luze edo erbesteratzeen ondoren, ideario nazional-katolikoak, 1945etik aurrera, koakzio-printzipioa erabili zuen, nola arlo publikoan, hala pribatuan: eskoletan, lantokietan, etxeetan edo bi sexuen arteko harremanetan. Errepresio frankista faxismoari aurre egin eta bizirik irtetea lortu zutenen gizarte-estigmatizazioan oinarritu zen, halako eran, ezen estigmatizazioa kentzea soilik lortu baitzuten etengabe damu-ekintzak egin zituztenek, abjuratu zutenek edo beren bekatuak aitortu zituztenek, harik eta jarraitzaile edo zaletzat hartu zituzten arte. Azken batean, ordutik aurrera, tolosar onak izan ziren postulatu frankistetara baino lotzen ez zirenak, gizonaren eta emakumearen rol desberdinduak betetzen zituztenak, behar ez zena irakurtzen ez zutenak, baimendutakoan soilik dantza egiten zutenak eta espainol guztien hizkuntza komuna baizik erabiltzen ez zutenak, uko eginik beren ama-hizkuntzari ere.
Baina 60ko urteetatik aurrera, Tolosa izango da erregimenaren aurkako oposizioak indar handiena hartuko duen euskal udalerrietako bat, batik bat, langile industrialen mobilizazioekin. Gerra bizi izan ez zuen belaunaldi berri batek berpiztu egin zuen langileen mugimendua, ikasleena eta politikoa. Tolosa frankismoaren aurkako epizentroetako bat bihurtu zen Gipuzkoan, sindikalismoa suspertuta, euskal kultura eta askatasunak berretsita, eta diktadura eraisteko eta askatasuna berreskuratzeko borroka eginda. Horrek eragin zuen erregimenak indarkeriarekin erantzutea, eta haren printzipioen aurkako edozein ekintza erreprimitu zuen. Ondorioz, halako nostalgia errepresibo batean, nabarmen igo ziren atxiloketak eta espetxeratzeak, tortura-kasuak, gerra-kontseiluak eta TOP delakoak zigortuak. Ehunka tolosar errepresaliatuta. Horrexegatik, ikerketa-lan honek hauxe izan du lan-ardatz: errepresaliatuen memoriaren berreskurapena.