Urtarrilaren 2an sartuko da indarrean Hiribusaren ibilbide eta ordutegi berria

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/12/19 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • Iurreamendi egoitzara egunean lau aldiz igoko da —goizean bitan, eta arratsaldean beste bi aldiz—, lehen zegoen zerbitzua bikoiztuz.
  • Ordutegiak are gehiago findu dira, ikastetxeetako eta gainerako garraio zerbitzuetako ordutegiekin bat egin dezaten.

 

Hiribusaren ibilbide eta ordutegi berria 2026ko urtarrilaren 2an sartuko da indarrean. Atzoko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak moldaketa egin ahal izateko kontratuaren aldaketa, behin betiko izaeraz, udal gobernuaren aldeko botoekin eta oposizioaren abstentzioarekin. 

Irailean egin ziren Hiribusaren ibilbidean eta ordutegian lehen egokitzapenak, behin behinean. Egungo kontratua 2020tik dago indarrean, eta 2026ko maiatzean amaitzen denez, kontratu berrira begira aldaketak aurrez probatzea izan zen helburua, lizitazioan kontrastatutako aldaketak sartu ahal izateko. Ebaluazio-aldia pasa eta gero, ateratako ondorioetan oinarrituta, aldaketa gehiago aplikatu dira ibilbidean eta ordutegian, eta behin betiko aldaketa izapidetu da. Onartu berri den hau izango da hurrengo lizitazioaren oinarria.

Bi aldaketa nagusi

  • Berriro ere Iurreamendi egoitzara igoko da: irailera bitarte egunean bitan igotzen zen egoitzara, arratsaldez. Igotzeko maldak sortzen zizkion arazoak dela eta, geltoki hori kendu zen. Bada, egoizako egoiliarren senideen eskariari jarrituz, eta ibilgailuak arazorik izan ez dezan aldaparen hasieran errepidea egokitzeko lanak egin eta gero, berriro ere zerbitzua emango du urtarriletik aurrera. Gainera, eskaintza bikoiztu egingo da. Erabilera datuak apalak ziren, baina senideekin aurrez aurre egindako bi bileretan, ondorioztatu zen irailera arteko zerbitzuak ere ez zituela beren beharrak asetzen. Horregatik lau aldiz igoko da aurrerantzean, lehen egiten zituen arratsaldeko bi bidaiez gain (15:45 eta 19:02), goizean ere beste bitan joango baita (10:24 eta 12:44).

  • Ordutegiak doitu dira: Iurreamendiko aldaketak behartuta, ordutegiak ere moldatu dira. Berrantolaketa egitean, ikastetxeen sarrera eta irteera orduetara, eta gainerako garraioen ordutegietara are gehiago hurbiltzeko aldaketak egin dira. «Faktore asko hartu behar izaten dira kontutan ordutegia egokitzeko: garraioa, ikastetxeak, zerbitzuen irekiera, egoitzetako bisita-orduak, erabilera... Ariketa zaila da guztia egokitzea, eta oreka ahalik eta handiena bilatzen saiatu gara», azaldu du Aitor Agirresarobe zinegotziak. Horrez gain, ordu-tarte zabalagoak eman zaizkio autobusari: «Arnas gehiago ematea bilatu dugu. Orain arteko ordutegia oso exijentea zen, bai gidarientzat, baita autobusa berarentzat ere. Denboraren poderios, ibilgailuak ez du nahikoa autonomia izaten, eta maiz matxuratzen da. Edozein arazok atzerapenak sortzen ditu, edo abiadura azkartzera behartu. Hori ere kontutan izan dugu, eta zerbitzuari arnas gehiago emanda, uste dugu faktore horiek ere hobetu ahal izango direla, zerbitzuaren mesedetan», gaineratu du.

Ibilbide eta ordutegi berria tolosa.eus/hiribusa helbidean daude ikusgai. Horrez gain, datozen egunotan markesinetan itsatsiko dira. Aldaketa baliatuta, markesinarik ez dagoen geltokietako posteetako ordutegi pertsonalizatuak ere eguneratuko dira, urtez luzez aldatu gabe egon eta gero. Datorren astelehenetik aurrera, autobusean bertan ere izango da ordutegia eskuratzeko aukera, gidariari eskatuta.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA