Tomi Ungerer

Jean-Thomas “Tomi” Ungerer (Estrasburgo, Frantzia, 1931ko azaroaren 28a - Cork, Irlanda, 2019ko otsailaren 9a) frantziar marrazkilari eta ilustratzailea izan zen.

Tomik lau urte zituela aita galdu zuen, baina beraregandik jasotako liburuek literaturarekiko maitasuna sustatu zuten. Bere haurtzaroa gerrak markatu zuen, Alemania naziak okupatutako Alsazian jaio eta bizi izan baitzen. Bere lehen marrazkiek gerraren eta faxismoarekiko gaitzespena islatzen dute.

1956an New Yorkera emigratu zuen, eta han arrakasta handia izan zuen haurren liburuak idazten. The Mellops Go Flying izan zen haurrentzat idatzi zuen lehen liburua eta ordutik aurrera bere marrazkiak The New Yorker, Esquire, Life Show edo Fortune bezalako hedabide garrantzitsuetan argitaratzen hasi ziren.

Urte batzuk Kanadan bizi ondoren, 70eko hamarkadan Irlandara joan zen bizitzera emaztea eta hiru seme-alabekin eta han bizi izan zen hil arte.

2007an Estrasburgon Musée Tomi Ungerer/Centre International de l’Illustration ireki zuten, bere obrari eskainitako museoa. Ungerer berak emandako ilustrazio, jostailu, eta gainontzeko obrak biltzen dira bertan.

Toni Ungererren ekoizpena oso anitza da: 30.000 eta 40.000 marrazki, ilustratutako 120 liburu baino gehiago, haurrentzako eta helduentzako liburuak, kartoonak, posterrak, publizitateak, etab. Sortzaile gisa egindako lanagatik sari asko jaso zituen, horien artean The Society of Illustrator 's Gold Medal eta, 1998an, Hans Christian Andersen saria, Hiru bidelapurrak lanagatik.

Iturria: https://eu.wikipedia.org/wiki/Tomi_Ungerer (moldatua)

Argazkia: © Claude Truong-Ngoc / Wikimedia Commons

Bere obra gehiago ezagutzeko:

https://www.tomiungerer.com/

Tomi Ungerer Tolosako Udal Liburutegian