EKIN: EMARI Coworking Espazioaren I. Ekintzailetza Jardunaldia

Ayuntamiento de Tolosa
26/03/2019 | Desarrollo económico

EMARI Tolosako ekintzaileen coworking espazioa da. Coworkingak, komunitateari egiten dio erreferentzia: elkarbanatzeari; eta ekintzailetzak eta berritzailetasunak bat egiten duen puntua etengabeko ikasketa da. Biak konbinatuz eta elkarrengandik ikasteari lekua egiteko asmoz, I. Ekintzailetza Jardunaldia antolatu du Tolosako Udalak. Emari Coworking Espazioan guztientzako tokia ez dagoenez, Topic aretoan egingo da, apirilaren 10ean.

Bertaratu nahiko luketen guztiei freskotasuna, ilusioa eta motibazioa eskaintzeko moduko proiektu eta ekintzaileak bilatu ditu Tolosako Udalak jardunaldi honetarako: Espainia mailako “Emprendedores” aldizkari famatuaren zuzendaria den Alejandro Vesga, modan jarri den ardo urdinaren sortzailea den Taig McCarthy (Gik Live & Stoor), Zarautzen Tidore Yoga Klubaz gain “jateko, pentsatzeko eta sentitzeko” espazioa ireki duen Esther Fernandez, edota hezkuntzaren bitartez kirolean indarkeria desagertarazteko WATS proiektua abiarazi duen Alex Navarro, besteak beste.

Jardunaldiaren barruan tailer bat eskainiko da lehenik, eta ponentziak bigarrenik: mahai inguru bat eta bi hitzaldi izango ditu azken honek.

Alejandro Vesga Aran izango da tailerra eskaintzen arduraduna: “Emprendedores” aldizkari arrakastatsuaren zuzendaria da, Espainia mailan ekonomia eta finantzetan errebista irakurriena. “Merkatua iraultzen ari diren joerak” izango dira tailerraren abiapuntu.

Horrez gain, hitzaldi labur bat ere emango du Vesgak. McCarthy izango da bigarren hitzaldia emango duen ekintzailea; biek, euren ibilbide profesionalean emandako urratsak izango dituzte hizpide.

Fernandezek eta Navarrok berriz, Mondragon Team Academyren sortzailea den Aitor Lizartzarekin batera “posible al da Euskadin ekitea?” galderari erantzuna emango diote mahai inguru batekin.

Ekintzaileen arteko harremanak sustatzearekin batera berrikuntzaren munduko berriak izango dira hizpide, eta ekitera animatzeko zalantzan daudenentzat aholkuak ere ez dira faltako. Adin guztietako pertsonak daude bertaratzera gonbidatuta.

Jardunaldia doakoa bada ere, izena ematea beharrezkoa da. http://emari.eus atarian egin daiteke, eta tailerrera soilik nahiz tailerrera eta ponentzietara joateko inskribatu daiteke.

  • Zer: Emari Coworking Espazioaren eskutik, I. Ekintzailetza Jardunaldia.
  • Noiz: apirilaren 10ean, 17:00etatik 20:00ak arte.
  • Programazioa:

17.00 : Harrera eta ongietorria

17.15-18.15 : Tailerra Alejandro Vesga Aranekin: “Merkatua iraultzen ari diren joerak”

18.30-19.00 : Mahai ingurua: “Posible al da Euskadin ekitea?). Aitor Lizartza, Alex Navarro eta Esther Fernandez.

19.35-19.55 : Taig McCarthyren hitzaldia.

19.55-20.00 : Ekitaldiaren amaiera.