Adierazpen instituzionala: ekainaren 28a, Lesbiana, Gay, Transexual, Bisexual, Intersexual eta Queerren Eskubideen Nazioarteko Eguna

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/06/26 | Berdintasuna
  • Tolosako Udalak konpromiso zehatzak hartu ditu sexu-orientazio eta genero-identitatearen inguruko aurreiritzien aurka.

Ekainaren 28a ospakizunerako, memoriarako eta aldarrikapenerako eguna da. Horregatik, Tolosako Udalak aitortu egin nahi du LGTBIQ+ kolektiboak egindako bidea, eta ikusgarri egin nahi du gure gizartean dagoen aniztasuna; bai eta pertsona askoren eta mugimendu sozialen ahaleginari esker lortutako eskubideak defendatu ere. Baina egun honek hausnarketarako tartea ere izan behar du. Izan ere, oraindik ere, badira egiteko dauden lanak.
 
Are gehiago, LGTBIQ+ kolektiboaz multzo gisa hitz egiten badugu ere, errealitate guztiak ez dira baldintza beretan bizi. Badira oraindik ere ikusgarritasun txikiagoa duten identitateak, gorputzak eta sexu-orientazioak. Horien artean daude pertsona transak eta intersexualak, baita emakume lesbianak eta pertsona bisexualak ere. Haien errealitateek oztopo handiagoak izaten dituzte aitortza osoa lortzeko. Era berean, ezinbestekoa da begirada intersekzionala izatea. Diskriminazioak ez du modu bakarrean eragiten, eta ez die pertsona guztiei berdin eragiten; gurutzatzen gaituzten faktoreak askotarikoak dira. Sexu-orientazioa, genero-identitatea eta gorputzak beste egoera batzuekin uztartzen dira sarri: arrazakeriarekin, pobreziarekin, etxerik ez izatearekin, haurtzaroarekin, desgaitasunarekin, aniztasun psikikoarekin eta bestelako bazterketa-egoerekin.
 
Horrek esan nahi du ez dela gauza bera LGTBIQ+ pertsona izatea laguntza-sare bat, egonkortasun ekonomikoa edo aitortza soziala izanda, edo prekaritatean, bakardadean edo diskriminazio anitzen erdian bizita. Horregatik, Harrotasunaz hitz egiten dugunean, eskubideez ere ari gara. Eta pertsona guztientzako bizi-baldintza duinez ere bai.
 
Inork ezkutatu beharrik ez izateko moduko herri bat eraikitzeaz ari gara. Inork bere burua justifikatu edo beldurrez bizi beharrik ez izateko herri bat.
 
Arrazoi horiengatik, Tolosako Udalak LGTBIQ+ pertsonek jasaten duten diskriminazioa gaitzetsi nahi du berriro ere, eta konpromisoa berretsi, sexu-orientazio eta genero-identitatearen ondoriozko aurreiritzien aurka borrokatzeko. Horregatik, Tolosako Udalak konpromiso hauek berresten ditu:

  1. Sentsibilizazio-kanpainak eta emanaldiak egiten jarraitzea, kontzientzia kritikoa sortzeko sexu-genero dikotomiari, heteronormatibitateari eta sexu-orientazioaren eta genero-identitatearen adierazpen-aniztasunari buruz.
  2. Erasoen aurrean erantzun bateratua ematea, eta biktima babesteko protokoloak aktibatu eta, behar denen orotan, protokolo horiek berrikustea.
  3. LGTBIQ+ pertsonen eskubideak bermatzeko neurriak mantentzea; hala nola hauek: izen-emate formularioetan binarismoaz haratagoko aukera ematea.
  4. Jabetze Eskolan, prestakuntza-, hausnarketa- eta eztabaida-jarduerak bultzatzea, berdintasunezko harreman-eredu askotarikoak sortzeko eta LGTBIQ pertsonek jasaten dituzten indarkeria matxistei aurre egiteko tresnak izateko.
  5. Tolosako ikastetxeei, hezkidetza-proiektuaren bidez, beharrezkoak dituzten tresnak ematea diskriminazio hori txikitatik jasaten ari diren ikasleei laguntzeko. Irakasleei, gurasoei eta, oro har, hezkuntza-komunitateari lagunduta, sexu-aniztasunarekiko errespetua behar bezala lantzeko.

Herritarrei eskatzen diegu, beraz, egun honen aldarrikapenekin bat egiteko; diskurtso lesbofobo, homofobo, bifobo eta transfobikoetan ez erortzeko, eta animatuz gero, zintzilika dezatela balkoietan eta leihoetan harrotasunaren bandera.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA