Indarkeria matxistaren biktimen arreta hobetzeko bigarren protokoloa sinatu dute Udalak eta hainbat eragilek

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/06/30 | Berdintasuna
  • Genero-indarkeriaz harago, indarkeria matxistaren adierazpen guztiak jasotzen ditu, hala nola sexu-indarkeria, indarkeria bikarioa, indarkeria digitala edo LGTBI+ pertsonen aurkako indarkeria.

Emakumeen eta indarkeria matxistaren beste biktima batzuen arreta hobetzeko Erakundeen Arteko Jarduketarako eta Koordinaziorako II. Tokiko Protokoloa sinatu dute Tolosako Udalak eta herriko hainbat erakunde eta zerbitzuk. Horrela, 2014an onartutako lehen protokolo zaharkitu hura eguneratu eta indartu da, azken urteetako lege-aldaketetara eta gizartearen errealitate berrietara egokituz.

Protokolo berriaren helburua da indarkeria matxistaren biktimei arreta koordinatua, integrala eta kalitatezkoa bermatzea, udalerrian esku hartzen duten erakunde eta profesional guztien arteko lankidetza sendotuta. Horretarako, arreta-prozedurak eguneratu dira, koordinazio-mekanismoak indartu dira eta etengabeko hobekuntza izango duen tresna gisa planteatu da protokoloa.

Bigarren protokolo honek, gainera, ikuspegia zabaldu egiten du. Genero-indarkeriaz harago, indarkeria matxistaren adierazpen guztiak jasotzen ditu, hala nola sexu-indarkeria, indarkeria bikarioa, indarkeria digitala eta LGTBIQ+ pertsonen aurkako indarkeria, betiere ikuspegi intersekzionaletik eta biktimen eskubideak erdigunean jarrita. Halaber, indarkeriaren ondorioak jasaten dituzten adingabeak eta hurbileko pertsonak ere kontuan hartzen ditu. 

Protokoloak, era berean, erakundeen arteko koordinazio-mahai iraunkorra sendotzen du. Tolosako Udaleko Berdintasuna Sailaren gidaritzapean, honako hauek izan dira partaide, besteak beste: Tolosako Udaleko oinarrizko gizarte-zerbitzuak, Udaltzaingoa, Ertzaintza, Osakidetza, Asunción Klinika, Gipuzkoako Gizarte Larrialdietako Foru Zerbitzua, Lanbide, Tolosaldea Garatzen eta herriko mugimendu feministaren ordezkariak, Tolosako Asanblada Feministaren bidez.

Protokolo honekin, Tolosak berretsi egiten du emakumeen eta indarkeria matxistaren beste biktima batzuen eskubideak bermatzeko duen konpromisoa, arreta hobetzen, prebentzioa indartzen eta erakundeen arteko lankidetza sendotzen jarraitzeko.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA