'Jarrera matxistak des(ikasi), berdintasunean ikasteko' lelopean kalejira egin dute ikastetxeek emakumeenganako indarkeriaren aurka

Tolosako Udala
2018/11/27 | Berdintasuna

Azaroak 25a, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna, hainbat ekintzez hornitu dute Udalak eta herriko eragile ezberdinek elkarlanean, indarkeriari ezetz esan eta elkartasuna adierazteko. Egitarauak irudi ugari utzi ditu; azkena atzo, azaroak 26, herriko ikastetxeen eskutik. 'Jarrera matxistak des(ikasi), berdintasunean ikasteko' lelopean, Herrikide, Samaniego-Orixe, Laskorain, Inmakulada, Tolosaldea L.H.I. eta HHI-EPA ikastetxeek beren egoitzetatik kalejira musikatua egin zuten Zerkausian batuz guztiak. Honako testua irakurri zuten bertan:

“Duela hilabete pasatxo Alemaniako Wiesbaden hirian izan ginen emakume gazteon eskubideak aldarrikatzen. Bertan, Palestina, Turkia, Polonia eta Alemaniako nesken egunerokotasunaren berri izan genuen. Horrek zer pentsa handia eman zigun, baita gure eskubideen alde borrokatzen jarraitzeko indarra ere.

Gaur, emakumeok egunero jasaten ditugun indarkeria egoerak salatzeko gaude hemen, emakumeok zapalduta bizi garen gizarte honetan ezinbestekoa baita guztion indarrak batuta borrokatzea. Ezin dugu beste alde batera begiratu hemen bertan zortzi orduro emakume bat bortxatua izaten ari dela jakinda, urtea hasi denetik Espainian 60 emakume erail dituztela jakinda.

Datu hauek, datu beldurgarri hauek, emakumeok egunero jasaten dugun indarkeriaren muturra erakusten dute. Kaletik gauez beldurrez ibiltzea, egunero-egunero ustezko piropoak jasotzea, emakume izate soilagatik gutxietsia izatea eta beste milaka egoera ere indarkeria baitira. Emakumeok nazkatu gara gizonezkoen itzalpean bizitzeaz, beldurrez bizitzeaz; eta guztion ardura da egoera honi amaiera bat ematea.

Ez dugulako kaletik beldurrez ibiltzen jarraitu nahi!

Ez dugulako piropo, mehatxu eta irainak jasaten jarraitu nahi!

Ez dugulako emakume izate soilagatik gutxietsiak izan nahi!

Ez dugulako indarkeria matxistagatik beste emakumerik galdu nahi!

Ez dagoelako gure ahotsa isilduko duenik!

Gora borroka feminista!”

Arratsaldez 'Adineko emakumeen aurkako indarkeria: indarkeria isildua' solasaldia izan zen, Izaskun Solagaistua Arzarekin.

Egitarauak jarraipena du: azaroaren 28an, Comandante Arian. Una historia de mujeres, guerra y libertad zine-emanaldia izango dugu. Emantzipazioari eta askatasunari buruzko istorio hau Siriako gerlako fronte betean gertatzen da, eta Arian emakume komandanteak Kobanerantz gidatzen du emakume-batailoi bat, helburu duelarik (ISIS) Daesh-en menpean dagoen populazioa askatzea. Arianek oso gazte zela ikusi zuen sexu-indarkeriaren biktimak jasaten zuten tratu basatia eta ahal duen guztia egiten du bere adiskideek borrokaren benetako zentzua aurki dezaten: hurrengo belaunaldiko emakumeentzako askatasuna.

Fitxategiak: 
Image icon DSC_0004_edited.jpg

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA