Eztia eta ‘Abaraska’ galleta, aurtengo Tolosa Goxua azokako protagonista nagusiak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/10/17 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Tolosaldeko XXVII. Ezti Lehiaketa ere egingo da aurten.
  • Haurrek abaraska formako galletak prestatuko dituzte Tolosako gozogileen eta Gipuzkoako Erlezain Elkarteko kideen laguntzarekin.



Hastear da azoka berezien garairik emankorrena Tolosan. Datorren larunbatean, urriak 25, Goxua azoka egingo da Trianguloa plazan. 

Gaur aurkeztu da Goxuaren 30. edizioa, Rafa Grrotxategi gozotegian. Bada, aurten, gainera, 100 urte betetzen dira Gorrotxategitarrak gozogintzan murgildu zirenetik. Iaz, berriz, Eceiza gozotegiak ospatu zuen mendeurrena, eta Gozonak ere 100 urtetik gorako ibilbidea du. Azoka berezi honen antolaketan engaiatutako hiru gozotegik, beraz, 100 urteko langa hori pasa dute, Tolosako gozogintza bizi dagoenaren adierazle.

Trianguloa plazan egingo da azoka, 09:00etatik 14:00etara, eta bertan izango dira Eceiza, Gozona eta Rafa Gorrotxategi gozotegietako gozogile artisauak. Aurten, berrikuntza modura, Gipuzkoako Erlezain Elkarteak ere parte hartuko du Azokan.

Eztigintzak eta artisautzak izango dute protagonismo nagusiena aurten. Tolosaldeko XXVII. Ezti Lehiaketa ospatuko da, urte luzez beste herri batzuetan egin dena, eta azken urteotan antolatu ez dena. Goxuaren testuinguruan Tolosara ekarrita, beraz, berreskuratu egingo da lehiaketa. Horri lotuta, aurtengo gozoa ‘Abaraska’ izeneko galleta izango da. Gozogileek eta ikasleek elkarlanean prestatuko dituzte eztiarekin egindako pastak.

Gozogile, erlezain eta ikasleak, elkarlanean

Azokaren aurretik herriko hiru ikastetxeetan izan dira gozogileak eta Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko kideak, haurrei eztigintzaren eta gozogintzaren mundua erakusteko, eta elikadura jasangarriaren balioa azaltzeko.

Gaztetxoenek gainera, aurten ere gozogintzan aritzeko aukera izango dute. Izan ere, Goxua azokan zehar, gozogileekin batera ‘Abaraska’ galletak prestatuko dituzte. 10:00etatik 12:00etara izango da hori. Ondoren, 12:30ean, Goxuan ohitura bihurtu den bezala, galletak Triangulora gerturatzen diren guztien artean banatuko dituzte. Eguerdian, gainera, Udal Txistulari Banda eta Tolosa Kantariko kideak ariko dira Tolosako kaleak girotzen. 

Sagar tarta lehiaketa

Urteroko ‘klasikoetarako’ tartea ere izango da Goxuan. Sagar tarta lehiaketa ere egingo da Trianguloa plazan bertan. Parte hartzeko ez da izen-ematerik egin beahrko; egunean bertan tartak Trianguloko eszenatokian aurkeztu beharko dira, 10:00etatik 11:00etara bitarte. (Ikusi oinarriak hemen)

Epaimahaia, Nieves Soroak, Elena Arzakek, Armintz Gorrotxategik eta Jon Sorrarainek osatuko dute, eta 11:00etatik 11:30era egingo dute dastaketa. 12:00etan izango da sari banaketa. Irabazleak Tolosako gozotegietan gastatzeko 240 euroko opari-txartela irabaziko du. Bigarrenak, berriz, 180 eurokoa. Lehiaketan parte hartzen duten guztiek, gainera, opari bat jasoko dute, HAZI Fundazioaren eskutik.

Sagar tarta lehiaketaren sari banaketaren aurretik, Tolosaldeko XXXVII. Ezti Lehiaketaren sariak banatuko dira, 11:45ean. 

Egitaraua

Urriak 25, larunbata, Trianguloa Plaza

9:00 - 14:00

Tolosa Goxua Azoka Berezia

10:00 - 12:00

Tolosako 3 ikastetxeetako ikasleek abaraskak egingo dituzte Tolosako gozogileen laguntzarekin.

12:30

‘Abaraska’ dastaketa: Tolosako gozogileek bertaratutakoen artean galletak banatuko dituzte.

12:30

Tolosa Kantari eta Udal Txistulari Banda

Lehiaketak, Trianguloa plaza: 

10:00 - 12:00

XXIX. Postre lehiaketa: Sagar tarta

10:00 - 12:00

XXVII. Ezti lehiaketa 

10:00 - 11:00

Tartak aurkezteko epea

11:00 - 11:30

Epaimahaiak sagar-tartak dastatuko ditu: Elena Arzak, Nieves Soroa, Armintz Gorrotxategi eta Jon Sorrarain.

11:45

XXVII. Ezti lehiaketaren sari banaketa

12:00

Sagar tarta lehiaketaren sari banaketa

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA