Aurten ez da Euskal Herriko Frisoi Txapelketarik izango

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/10/24 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Behiei eragiten dien dermatosi nodular kutsakorraren aurrean prebentzio neurri modura hartu du erabakia Euskal Herriko Frisoien Federazioak.
  • Esneki azokako gainerako hitzordu eta txapelketak egingo dira, azaroaren 7 eta 8an; datorren astean emango da ezagutzera egitaraua.


Abere azokak bertan behera geratu dira Hego Euskal Herrian, dermatosi nodular kutsakorra dela eta. Kutsatutako abererik antzeman ez bada ere, prebentzio neurri gisa hartu da neurria.

Intsektuek transmititutako gaitz birikoa da, behiei eragiten diena; aldiz, gizakien osasunean ez du ondoriorik. Gaixotasunaren eragina, ordea, handia da abeltzainentzat, aziendako behi bakarra gaixotuta ere, guztiak hil beharko liratekeelako. Kutsatzerik egon ez dadin debekatu dira abereen azokak Hego Euskal Herri osoan, azaroaren 30era arte, eta tartean da, Esnekiren barruan Ferialekuan egiten den Euskal Herriko Frisoi Txapelketa.

Debekuaren berri izan aurretik, atzo iluntzean bertan, EFRIFEk berak, Euskal Herriko Frisoien Federazioak, txapelketa bertan behera uzteko erabakia hartu zuen, prebentzio modura.

«Udaletik gure babesa azaldu nahiko genieke abeltzainei eta frisoien elkarteei. Egoera zaila da, baina kutsatzerik balego, ondorioak are okerragoak lirateke, ekoizle txikientzat zama handiegi bat. Ez dugu alarmarik sortu behar, bai ordea kezka. Espero dugu bere horretan mantentzea egoera, eta ahal bezain pronto berreskuratzea normaltasuna. Aurrera begira, beso zabalik hartuko ditugu berriro ere Tolosan», azaldu du Aitor Agirresarobe zinegotziak.

Esneki egin egingo da

Euskal Herriko Frisoi Txapelketa bertan behera geratuta, behien presentziarekin lotuta azken urteetan egin diren jarduerak moldatu egingo dira. Ekitaldi horiek berrantolatzeko lanean dabil Udala, antolaketan murgilduta dauden gainerako eragileekin elkarlanean.

Gainerako hitzorduak —hau da, esnekien azoka, esnekiak egiten ikasteko tailerrak, gazta eta esnekien txapelketa...— egin egingo dira. Azaroaren 7 eta 8an izango dira jarduera horiek. Datorren astean emango da ezagutzera egitarau osoa.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA