- Tolosako Udalak konpromiso zehatzak hartu ditu, Azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean
Emakumeen aurkako indarkeria larderiarako tresna indartsua da, emakumeei zuzendua, indarrean dauden genero-arauak desafiatu eta eralda ez ditzaten. 2003tik aurrera, emakumeonganako indarkeriari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, 101 emakume eta 11 haur erailak izan dira Euskal Herrian.
Mehatxurako tresna hori zuzenean emakumeengan erabiltzen da, baina baita haien gertuko pertsona maitatuenengan ere, min handiagoa sortzeko modu gisa. Kalkuluen arabera, bikotekideen edo bikotekide ohien eskutik indarkeria jasaten duten EAEko hamar emakumetik seik seme-alaba adingabeak dituzte, eta horiek ere biktima bihurtzen dira.
Istanbulgo Hitzarmenean ezarritakoa aplikatuz, indarkeria bikarioa genero-indarkeriaren beste adierazpen bat da, behin seme-alabei egindako kalteak erasotzaileek emakumeei tratu txarrak transmititzeko tresna eta uhal bihurtzen dituenean haurrak.
Gaur egun, oraindik ere beharrezkoa da genero-indarkeria ukatzen duten, kasu horietan seme-alaben arriskua gutxiesten duten eta indarkeria horri aurre egiteko tresna juridikoak zalantzan jartzen dituzten diskurtsoen eta jarreren aurka ohartaraztea. Jarrera horiek adingabeen eta emakumeen birbiktimizazioan eragiten dute, haien salaketak susmopean jartzen dituzte, amak zigortzen dituzte, haien testigantza gutxiesten dute eta aitaren guraso-ahalaren eskubidea babesten dute, emakumeen eta adingabeen segurtasunaren eta indarberri-tzearen gainetik.
Horregatik, Azaroaren 25ean, nazioarteko tresna lotesle hau aintzat hartuta, emakumeen kontrako indarkeria mota guztien aurka gaudela adierazteko eguna da, eta, hori ez ezik, indarkeria sorrarazten duten eragile guztien aurka ere bagaudela esatekoa. Indarkeria matxistaren alderdi desberdinak identifikatzen jarraitzeko eguna da, jendartean normalizatuen dauden sotilenetatik hasita, hala nola ukitzeak; ahozko lizunkeriak; publizistek eta mass-mediek emakumeen gorputzari ematen dieten erabilerak; mezu eta adierazpen sexistak; janzkera, jendarte-sareen erabilera edo lagunartea kontrolatzea, eremu publikoa (eskolako patioak, jolastokiak, parkeak) askatasunez okupatzeko zailtasunak; edota emakume eta gizonen arteko berdintasuna zuzenean erasotzen dituzten administrazio-erabakiak.
Horregatik guztiagatik, Tolosako Udaleko Osoko Bilkurak berretsi egiten du bere jarrera, emakumeei, seme-alabei eta haien mendeko pertsonei indarkeria matxistarik gabe bizitzeko eskubidea bermatzeko, eta bere gain hartzen du erantzukizuna, bai maila indibidualean, bai kolektiboan, egoera horri erantzun irmoa eman diezaiogun. Tolosako Udalak, beraz, konpromiso zehatz hauek hartzen ditu bere gain:
1.- Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen, haien seme-alaben eta haien mendeko pertsonen eskubideak arreta-prozesu osoaren erdigunean jartzea, haien beharrei eta eskaerei entzunez eta erantzunez, babesteko, arreta jasotzeko eta berriro ez gertatzeko eskubidea bermatuko duten politika berriak diseinatzeko.
2.- Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko Erakunde arteko II. Protokoloa egitea, protokolo horrek pandemiaren ondorioak eta ondoriozko ikaskuntza bilduko dituela bermatuz, eta, era berean, egungo legediaren lerrokatzeak jasoko dituela, bai eta indarkeria matxistaren inguruko kontzeptuzko aurrerapenak ere, bere konplexutasun osoan, indarkeria bikarioaren errealitatea ikusarazten eta hautematen lagunduko duena, bai eta arreta eta babeserako prozedurak ere, biktimen azken printzipioa barne hartuta.
3.- Ikastetxeetako eskola-komunitate osoari zuzendutako hezkidetza-proiektua indartzen jarraitzea, eta nerabeak eta gazteak sentsibilizatzeko eta haiei prestakuntza emateko zereginarekin jarraitzea, egungo egoerara egokituta, indarkeria matxistaren formak desnatularizatzeko, eta arreta jarrita neskak ahalduntzeko eta mutilen maskulinitate-eredua zalantzan jartzeko, eta horrela, mota guztietako erasoak detektatzeko eta prebenitzeko eta harremanak sustatzeko. Eta, era berean, ikastaroak eskaintzea, hezkuntza sistema osatzen dutenei ez ezik, instituzioetako langileei eta politikoei ere bai, ikuspegi feminista politiketan txertatu dadin.
4.- Udalerriko bizitzan berdintasun programak zaindu eta finkatzea, desberdinkeriak areagotzearen aurka egiteko, izan ere, emakume talde batzuen ahultasun egoerak okerragotu egiten baitituzte; eta erantzunkidetasunak eta mendekotasunen bat dutenen zaintzak eragindako desberdinkerien aurka egiteko ere bai, zeregin horiek emakumeek egiten dituzte-eta gehien bat oraindik ere.
5.- Jabekuntza Eskolako tailer eta jardueren eskaintza handitzen eta hobetzen jarraitzea, ahalduntze prozesuak indibidualak eta kolektiboak indartzeko helburuarekin, trukerako espazioak eskainiz, nork bere burua babesteko eta indarkeria matxistaren salaketa publikoaren aldeko ekintza kolektiboak sustatzeko.
6.- 2022rako ateak irekiko dituen Tolosaldeko Emakumeen Etxean emakumeen, haien seme-alaben eta haien mendeko pertsonen aurkako indarkeria artatzeko eta borrokatzeko beharrezkoak diren zerbitzuak eta baliabideak sortzea eta/edo egokitzea, Tolosaldeko udalekin eta eskualdeko gizarte-zerbitzuekin lankidetza estuan.
7.-Tolosako Udalak adierazten du indarkeria matxistarekin lotutako baliabide, zerbitzu eta prozedura guztiak, administratiboak zein judizialak, publikoak, doakoak eta diskriminaziorik gabekoak izan behar dutela.
8.-Hori lortzeko eta pandemia aurreko ohiko jarduerak berreskuratzeko helburuarekin, Tolosako Udalak, 2022ko berdintasuneko gastu eta inbertsio aurrekontua behar beste handituko du, eta gainera, berdintasun saila egonkortzeko eta indartzeko konpromisoa hartzen du.
Era berean, tolosarrei dei egiten diegu emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako eguna dela eta Udalak eta mugimendu feministak deitutako mobilizazioekin bat egin dezaten.