Tolosako Udalak kale-izendegia berritu du, herriko emakumeen ekarpenak ikusgarri egiteko helburuarekin

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/10/30 | Berdintasuna
  • Urriaren 29an egindako osoko bilkuran hartu da erabakia; hain zuzen ere, Tolosako zortzi guneri izen berria jartzekoa.


Tolosako Udalak kale-izendegia genero-ikuspegitik berritzeko prozesua jarri zuen martxan 2026ko martxoan, emakumeek herriko bizitza kulturalean, sozialean, zientifikoan eta politikoan egindako ekarpenak aitortu eta ikusgarri egiteko helburuarekin. Prozesu horrek bat egin zuen Euskara eta Hezkuntza Sailak kale-izendegia eguneratu eta Euskaltzaindiaren gomendioetara egokitzeko hartutako ekinbidearekin.

Hori horrela, Berdintasuna Sailaren abiapuntua izan zen kale-izendegian gaur egun dagoen desoreka iraultzea. Izan ere, pertsona jakinen izena duten kaleen artean, gizonen izenak dira hamabost, eta, aldiz, emakumeenak, bakarra. Horren aurrean, zazpi kokalekuri izena jartzeko proposamenak bildu zituen Tolosako Udalak; besteak beste, zubiei, pasealekuei, plaza bati eta Alde Zaharreko pasabide bati izena emateko.

Helburu argia izan du ekimenak: Tolosako ondare sinbolikoa aberastea, emakumeen erreferenteak aitortzea eta herriko historia modu osoago eta berdinzaleago batean kontatzea.

Prozesuak herritarren parte-hartzea izan du oinarri. Martxoaren 8tik 30era, herritarrek proposamenak aurkezteko aukera izan zuten Erabaki plataformaren bidez, eta jasotako izenak Euskara eta Berdintasuna sailek aztertu zituzten, hizkuntza-irizpideak eta proposamenen aniztasuna kontuan hartuta.

Ondoren, proposamenak Berdintasun Kontseiluaren bilera irekira eraman ziren, herritarrek han euren proposamenak defendatzeko aukera izan zuten, eta maiatzaren 27ko saioan bozkatu ziren.

Udalak, horrela, emakumeen memoria eta ekarpenak aitortzeko prozesua sustatzeaz gain, erabakitzeko prozesuan parte hartzeko bideak eskaini dizkie berdintasunaren alde lan egiten duten eragileei eta herritarrei.

Prozesuaren hurrengo urratsetan, eta proposatutako izenak izendegi ofizialean txertatzeko, Euskaltzaindiaren arauak eta irizpideak hartu dira kontuan, baita leku bakoitzak izen bakarra izateko unibokotasun-printzipioa ere. Hasierako onarpena Tolosako Udalbatzak hartu du, urriaren 29an egindako osoko bilkuran. Hauexek dira kale-izendegian txertatuko direnak:

  • Cecilia G. Gilarte pasealekua
  • Dina Bilbao zubia
  • Doña Manuela Bertsolariaren pasabidea
  • Emakume Baserritarren zubia 
  • Izaskun Etxetxipia zubia
  • Martxoaren 8a plaza
  • Pilar Santsinenea zubia 

Edonola ere, kale-izendegia berritzea ez da izenak jartzeko ariketa hutsa: espazio publikoan nor gogoratzen dugun eta herriaren historia nola kontatzen dugun hausnartzeko aukera ere bada. Ekimenaren bidez, Tolosako Udalaren asmoa argia izan da: berdintasuna eguneroko espazioetan txertatzeko eta emakumeek gizartearen eraikuntzan egindako ekarpenak belaunaldi berriei transmititzeko urratsak egiten jarraitzea. 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA