Gure kontsumoa, gure etorkizuna hezkuntza-proiektua landuko da ikastetxeetan, kontsumo arduratsua sustatzeko

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/10/28 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek egungo kontsumo-ereduaren eragina aztertuko dute, eta Tolosako baliabide jasangarriak eta tokiko merkataritza balioetsi.
  • Ekimena 2026ko azarotik 2027ko apirilera bitarte garatuko da, eta ikasgeletan lantzen zen Agenda 2030 programa ordezkatuko du.

Garapen jasangarriarekin eta herritarren ongizatearekin duen konpromisoari jarraituz, Tolosako Udalak Gure kontsumoa, gure etorkizuna hezkuntza-proiektu berria aurkeztu du 2026-2027 ikasturterako. Eskola Agenda 2030 programa desagertu egin da, eta hutsune hori betetzeko sortu da egitasmo berria Tolosan, ikasgeletan irizpide ekosozialak lantzen eta gaiaz kontzientziatzen jarrai dezaten.

Herriko ikastetxeetako DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek parte hartuko dute programan, eta helburua da gazteak kontsumitzaile kritiko eta arduratsu bihurtzea gaur egungo gizarte hiperkonektatuan. 

Programak modu praktikoan helduko die gehiegizko kontsumoaren, moda azkarraren (fast fashion) eta Internet bidezko erosketen ondorioei; besteak beste, baliabideen xahuketa, kutsadura eta hondakinak, eta Interneteko erosketen logistikaren eta garraioaren aztarnak aztertuko dituzte.

Eredu horren aurrean, herrian kontsumo arduratsua egiteko dauden baliabideak eta aukerak landuko dituzte; horren bidez, martxan dauden alternatiba jasangarriak sustatu nahi dira. Horretarako, gazteek bertako ekoizleen eta merkatari txikien balioa aintzat hartuko dute, eta herriko baliabideak ezagutuko dituzte: azoka, Gurpilgunea, merkatari-elkartea, erosketa-bonuak eta truke-azokak, besteak beste. Proiektuak tokiko ikuspegia izango du.

Hiru saio egingo dituzte (saio teoriko bat eta bi saio praktiko), lau fasetan banatuta:

  1. Gaian murgiltzea eta sentsibilizazioa. Ikasgelan hausnarketa egingo da norbere kontsumo-ohiturei buruz.

  2. Gaia lantzeko ekintzak. Ikerketak, tailerrak eta irteerak egingo dituzte. Ikastetxeek hainbat ekintzaren artean aukeratu ahal izango dute: arroparen etiketak aztertu, erosketa elektronikoen aztarna kalkulatu, konponketa-tailerrak ezagutu eta elikagaien xahuketari buruzko azterketak egin, adibidez.

  3. Eskolen arteko foroa. Ikastetxe guztien arteko topaketa egingo da, egindako lana partekatzeko, kontrastatzeko eta udalerriaren ikuspegi zabala izateko.

  4. Herrira begirako hedapena eta komunikazioa. Ikasitakoa herritarren artean zabaltzeko ekimen bat egingo da amaieran, gizartea kontzientziatzeko.

Proiektuak agerian uzten du erronka globalei tokiko ingurunetik erantzuteko konpromisoa, herri inklusiboago, seguruago eta jasangarriago bat eraikitzeko bidean.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA