Egoiliarren TAO txartela berritu beharko dute txartela uztaila baino lehenagotik dutenek

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/10/29 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • Uztailaren 8an berritu zen aparkatze arautuaren ordenantza. Data horren aurretik emandako txartelak ordenantza berrira egokitzeko, berriro eskatu beharko da egoiliarren TAO txartela.
  • Kasu horretan dauden herritarrek gutuna jasoko dute azaroan, eta gutun horretan eskaera-orriaren zati bat beteta izango dute, prozesua errazteko. Gutuna jaso ondoren hasi beharko da tramitazioa.

Tolosako Udalak aparkatze arautuaren ordenantza berria onartu du. Ordenantza berriaren ondorioz, egoiliarren TAO txartela eskuratzeko eta mantentzeko baldintzak aldatu egin dira, eta horregatik, beharrezkoa da txartela berritzea. Uztailaren 8an sartu zen indarrean ordenantza, eta beraz, data horretatik hona egindako eskaera berriei ez die eragiten neurriak, horiek jada baldintza berrietan egin baitute tramitazioa. Lehenagokoek, ordea, ezinbestekoa izango dute txartela berritzea, haren abantailekin jarraitzeko.

Txartela berritu behar duten bizilagunek gutuna jasoko dute etxean, azaroan. Gutunak multzoka bidaliko dira, beraz, batzuek lehenago eta beste batzuek geroago jasoko dute; azaroaren amaierarako gutunik jaso ez, baina uztailaren 8a baino lehen ateratako txartela izanez gero, jarri harremanetan udalarekin, tao@tolosa.eus helbidera idatzita, edo 943 65 44 66 telefono-zenbakira deituta. 

Behin gutuna jasota, eskaerarekin has daiteke herritarra. Gutunak tramitazioa egiteko beharrezko pausoak azaltzen ditu eta eskaera-orria ere badakar: eskaera-orri horren zati bat beteta egongo da jadanik, prozesua errazteko. Datuak berrikusi, hala badagokio informazioa osatu edo zuzendu, eta sinatuta, aurkeztu egin beharko da. 

Abenduaren 30a baino lehen

Eskaera-orria Internetez aurkeztea gomendatzen da, Tolosako Udaleko egoitza elektronikotik. Aurrez aurre aurkezteko aukera ere egongo da, UDATEn Herritarren Arreta Zerbitzuan, eta hala egiten dutenetatik lehentasuna izango dute www.tolosa.eus webgunean hitzordua hartzen dutenek. Hitzordurik hartu ezean, ezin izango da momentu horretarako arreta bermatu.

Behin gutuna jasota, eskaera lehenbailehen egitea gomendatzen da; abenduaren 30era arteko epea izango da. Ordurako aurkezten ez bada, udalak ofizioz baja emango dio ordura arteko egoliarren TAO txartelari.

Zalantzak argitzeko, idatzi tao@tolosa.eus helbidera, edo deitu 943 65 44 66 telefono-zenbakira.

Bete beharreko baldintzak

Uztailaren 8an indarrean sartu zen ordenantzak aparkalekuen kudeaketa eraginkorragoa izatea bermatu nahi du, baliabide mugatu baten banaketa bidezkoagoa sustatuta eta hiri-kalitatea zein irisgarritasuna hobetuta.

Egoiliarren TAO txartelak aukera ematen du erroldaren arabera dagokion gunean aparkatzeko, betiere sektorearen (kolorearen) baldintzak errespetatuz. Alde Zaharra oinezkoentzako gune bihurtu denez, Alde Zaharreko bizilagunei beste zonetan aparkatzeko aukera ere ematen zaie. Erroldatuta dauden gunerako txartela eskuratzeko aukera izango dute herritarrek, baldin eta gune horretan garajerik ez badute. Gainera, etxebizitza bakoitzeko ibilgailu bat baino gehiagorako txartela eskuratzeko aukera ere izango da, baldin eta ibilgailu horietako bakoitza gidabaimen bati lotuta badago; hau da, txartel bat ibilgailu bakoitzeko eta ibilgailu bakoitza gidabaimen bati lotuta. Edonola ere, eskaera autoaren jabeak edo titularrak egin behar du. 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA