-
Maiatzean abiatuko da eta datorren urteko martxora arte luzatuko da. Azken fase honetan, Tolosaldeko Emakumeen Etxearen kudeaketa eredua finkatuko da, finantziazio partekaturako eredua zehaztu eta erregelamendua, funtzionamendua eta programazioa itxiko dira.
-
Olatz Peon Ormazabal: “Pandemiak atzeratu egin ditu gure aurreikuspenak, baina denbora honetan tinko eutsi diogu gure konpromisoari guretzat proiektu estrategikoa delako; laster jasoko dugu proiektua eta ondoren obraren lizitazioa jarriko dugu martxan, urtea amaitu aurretik espazio egokitzeko lanekin hasi ahal izateko”.
Tolosako Udalak Tolosaldeko Emakumeen Etxea sortzeko urratsak egiten jarraitu du denbora honetan, batetik aurreproiektua eta proiektua egiten eta bestetik, partaidetza prozesua abiarazteko plangintza garatzen.
Gaur prentsaurrean aurkeztu dute Tolosaldeko Emakumeen Etxea zehaztez bukatzeko egingo den partaidetza prozesuaren azken fasea.
Olatz Peon Ormazabalek orain arte egindako ibilbidea gogora ekarri nahi izan du: “2018. urtean ekin genion Emakumeen Etxea definitzeko parte hartze prozesuari. Lehen fase hartan, etxearen printzipioak, helburuak, filosofia, erabilerak eta jarduera posibleak, eskaini ahal izango genituzkeen zerbitzuak, beharko liratekeen giza baliabideak… zehaztu genituen”.
2019. urtean Emakumeen Etxearen kokalekua zehaztu zen eta aurreproiektua egiteari ekin zitzaion. Urte amaieran etxearen erregelamendua, funtzionamendua eta programazioa lantzen hasteko partaidetza prozesuari jarraipena eman zitzaion.
“Iaz, pandemiak, hankaz gora jarri zituen gure aurreikuspen eta kronograma guztiak, egoerari aurre egitera eta bereziki herritarren premiazko beharrei erantzutera bideratu behar izan genituen gure indarrak; ondorioz, aurreproiektu eta proiektuaren idazketa prozesuak atzeratu egin ziren eta eten egin behar izan genuen partaidetza prozesua” azaldu du alkateak.
“Denbora honetan, baina, ez gara proiektuaz ahaztu, tinko eutsi diogu gure konpromisoari proiektu estrategikoa delako guretzat, Tolosan eta eskualdean emakume eta gizonen arteko berdintasun erreala sustatzeko; eta hortaz, bilerak egiten jarraitu dugu Tolosa zein tolosaldearako erreferentziazko gunea eta eraldaketarako tresna izango den Emakumeen Etxea eraikitzeko. Aurreproiektua dagoeneko esku artean dugu eta zenbait aldaketarekin, proiektua laster izango dugu egina. 2021 urte honetan, proiektua jaso eta obraren lizitazioa jarriko dugu martxan, urtea amaitu aurretik, lanekin hasi ahal izateko” baieztatu du Olatz Peon Ormazabal alkateak.
Partaidetza prozesuari amaiera, azken fase honekin
Etendako prozesua berrabiaraziko da orain, maiatzean, eta 2022. urteko martxora arte luzatuko da. Azken fase honetan Tolosaldeko Emakumeen Etxearen kudeaketa eredua finkatuko da, finantziazio partekaturako eredua zehaztu eta erregelamendua, funtzionamendua eta programazioa itxiko dira.
Azken fase honetan ere, Tolosaldeko Emakumeen Etxearen elkartea sortuko da udalaren eta emakumeen arteko hartu emanerako.
“Hasiera-hasieratik elkarlanean sortu eta garatutako proiektua izan da, eta lankidetza filosofia eta oinarri berarekin eman nahi diogu partaidetza prozesuari amaiera” azpimarratu du alkateak.
Partaidetza prozesuak hasieratik izan dituen lan-taldeak mantenduko dira: Lan-talde Tekniko-Politikoa, (Tolosako, Berastegiko eta Asteasuko alkateek, Tolosako hainbat zinegotzik, Tolosako Berdintasun teknikariak eta Elhuyar Aholkularitza enpresako bi teknikarik osatua), Talde Eragilea (mugimendu feministaren ordezkariek, emakumeen taldekoek, norbanako emakumeek eta Tolosako Berdintasun teknikariak osatutakoa) eta Emakumeen Gune Zabala (interesa duten Tolosako zein eskualdeko emakume orok osatua).
Eskualdeko osoari eta emakume orori proiektuan parte hartzeko gonbita
Hurrengo bilera maiatzaren 10ean egingo da eta talde eragilea bilduko da; ondoren, maiatzean bertan (eguna aurrerago zehaztuko da) Gune Zabala elkartuko da. Hori dela eta, eskualdeko ordezkariek eta Asanblada feministako kideek, datorren astean abiatuko den partaidetza prozesuko azken fasean honetan parte hartzera deitu dituzte eskualdeko herriak zein emakumeak.
Dagoeneko eskualdeko 22 udalek babestu dute proiektua: Aduna, Albiztur, Alegi, Alkiza, Altzo, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Berrobi, Bidania-Goiatz, Elduain, Hernialde, Ibarra, Irura, Ikaztegieta, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orexa, Villabona, Zizurkil eta Tolosa, noski.