Etxebizitza hutsak erreformatzeko eta alokairuan jartzeko dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/11/02 | Etxebizitza
  • Dirulaguntza honen helburu nagusia da Tolosan hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea alokairuan jar daitezen. Udalak Jaurlaritzaren dirulaguntzak osatuko ditu eta 4.000€ arteko laguntza emango da eta 8.000€ artekoa etxebizitza hutsa Alde Zaharrean kokatutako badago. Dirulaguntza eskatzeko etxebizitza BIZIGUNE programan sartzea ezinbestekoa izango da, alokairu babestuaren alde egiteko.
  • Era berean, azaroan, etxebizitza alorreko laguntzen inguruko informazio kanpaina abiatuko du udalak. 4 saio egingo dira, lehena kultur etxean, eta beste hiruak kalean.
  • Olatz Peon Tolosako alkatea: “etxebizitza alorrean atzemandako beharrei eta herritarren eskariei erantzuteko lanean ari gara etxebizitza sarbidea errazteko eta etxebizitza eskubidea bermatzeko, erakundeen arteko lankidetzatik. Dirulaguntzez gain, etxebizitza eta auzogune berrien sorrera sustatzen ere ari gara, azpimarra berezia jarriz alokairu babestuko etxebizitzetan, horregatik Visesarekin elkarlanean alokairuko babestuko 111 etxebizitza sustatuko ditugu Amarotzen eta Iurramendin alokairu babestuko beste 15 etxebizitza eraikitzeko konpromiso osoa du udalak”.

Tolosako Udalak etxebizitza hutsak eraberritzeko eta alokairu soziala bultzatzeko dirulaguntzen deialdia abiatu du. Dagoeneko laguntzak eskatu daitezke aurrez aurre UDATEn,  herritarren arreta bulegoan, edota telematikoki, udal webgunearen bidez.

Halaber, azaroan informazio saioak egingo dira kalean herritarrei eskura dituzten laguntza guztien berri emateko. Olatz Peon Ormazabal alkateak eta Xabier Balerdi etxebizitza saileko zinegotzi arduradunak azaldu dituzte xehetasunak, informazio saioez arduratuko diren ordezkariez lagunduta.

Etxebizitza hutsak mobilizatzea eta alokairu babestuko aukerak areagotzea, dirulaguntzaren helburu nagusiak

Alkateak azpimarratu du etxebizitza alorra lehentasunezkoa dela tolosarrei bertan bizitzeko aukera eskaintzeko. Zentzu horretan, aipatu du udala buru belarri ari dela lanean etxebizitza berrien eraikuntza sustatzeko, baina ezinbestekoa dela, baita ere, etxebizitza hutsak mobilizatzea eta etxebizitza sarbidea errazteko bestelako neurriak hartzea, alokairu ordainketa errazteko dirulaguntzak kasu.

Zentzu horretan, gogorarazi du, etxebizitza hutsak birgaitzeko dirulaguntzen ordenantza egokitu dela bi helburu nagusi lortzeko: jabeei erraztasun gehiago ematea erreformak egiteko Jaurlaritzaren laguntzak osatuz, modu horretara etxebizitza huts gehiago mobilizatzea lortzeko; eta bestetik, Bizigune programaren bidez jartzea alokairuan  etxebizitzak, alokairu babestuko aukerak areagotzeko herrian, alokairu errentak izan daitezen merkatu-preziotik beherakoak.

Laguntzak eskatzeko epea zabalik

Udalak etxebizitza alokairuan jartzeko beharrezkoak diren erreformak egiten lagunduko die etxebizitza hutsen jabeei. Dirulaguntza jasotzeko baldintza bakarra da etxebizitza Tolosan egotea eta Bizigune programan sartzea.

Udalak Jaurlaritzaren laguntzak osatuko ditu. Jaurlaritzak, Bizigune programaren bidez, aurrerakina eskaintzen die etxebizitza hutsen jabeei erreformak egiteko (%0ko interesarekin) eta udalak ere dirulaguntza zuzena emango die herritarrei eraberritze lanetarako, gehienez ere 4.000€koa eta 8.000€ artekoa etxebizitza hutsa Alde Zaharrean kokatuta badago.

BIZIGUNE programaren baitan, etxebizitza hutsen jabeek 6 urtez Alokabideren eskutan uzten dute etxea, hainbat bermeren eta abantailen truke:

  • Alokabide arduratzen da errentamenduaren kudeaketa integralaz.
  • 6 urteko alokairuaren eta hilero kobratzearen bermea.
  • Etxeko arrisku anitzeko asegurua, Alokabideren kontura.
  • %50eko hobaria Ondasun Higiezinen gaineko Zergan.

Herritarrek dirulaguntzaren inguruko informazio guztia webgunean etxebizitza atalean dute eskuragarri: baldintzak, eskaera orriak... eskaerak egiteko epea zabalik dago eta eskaerak aurrez aurre edo era telematikoan egin daitezke. Zalantzarik izanez gero, herritarrak udalak antolatutako informazio saioetan argitu ahal izango dituzte beren zalantzak.

Azaroan etxebizitza laguntzen inguruko informazio saioak

Etxebizitza hutsak birgaitzeko dirulaguntzen deialdia zabaltzearekin batera, dirulaguntzen inguruko informazio esku-orria bidali da etxe guztietara eta informazio kanpaina egingo du udalak tolosarrek etxebizitza alorrean eskura dituzten dirulaguntza guztien berri izan dezaten:

            1. Etxebizitza hutsak birgaitzeko eta alokairura bideratzeko udal-laguntzak.

            2. Gaztelagun programa, 18-35 urte bitarteko gazteei alokairu ordainketa laguntzeko      programa (Jaurlaritzarena).

            3. Alokairu ordainketa errazteko udal-dirulaguntza. (Deialdia urtarrilean)

Guztira, lau informazio saio egingo dira azaroan, pleno aretoan eta beste hiruak kalean etxebizitza huts gehien atzeman diren eremuetan. (2019an udalak egindako etxebizitza hutsen inguruko azterketa oinarri hartuta). Beraz, informazio saioen helburua ere bada, etxebizitza hutsen jabeengana iritsi eta eurekin lanketa berezia egitea, etxebizitza hutsak mobilizatzea lortzeko.

Informazio saioen datak:

  • Azaroak 9. Pleno aretoan, 18:00etan.
  • Azaroak 15. Plaza Zaharrean, 11:00-13:30 eta 18:00-20:00 bitartean.
  • Azaroak 17. Lopez Mendizabal plazan, 11:00-13:30 eta 18:00-20:00 bitartean.
  • Azaroak 22. Musika Eskola parean, 11:00-13:30 eta 18:00-20:00 bitartean.

Xabier Balerdik aurreratu du, UDATEn etxebizitzari buruzko arreta pertsonalizaturako zerbitzua abiatuko dela, iaz egin zen moduan, herritarrak informatu eta dirulaguntza eskaerak egiten laguntzeko tolosarrei. Aurreratu du baita ere, Iurramendi eta San Cosme-San Damian eremuetako etxebizitza tasatuetara deialdiak urtea amaitu aurretik abiatuko direla eta alokairu ordainketa errazteko dirulaguntzen deialdia urtarrilean egingo dela.

Amaitzeko alkateak azpimarratu du: “etxebizitza alorrean atzemandako beharrei eta herritarren eskariei erantzuteko lanean ari gara, etxebizitza aukerak areagotzeko helburuarekin, etxebizitza sarbidea erraztea eta etxebizitza eskubidea bermatzea gure egiteko nagusietako bat baita erakundeon arteko lankidetzatik; zentzu horretan,  hainbat egitasmo ditugu abiatuta etxebizitza alorrean: dirulaguntzez gain, etxebizitza eta auzogune berrien sorrera sustatzen ere ari gara, azpimarra berezia jarriz alokairu babestuko etxebizitzetan, horregatik Visesarekin elkarlanean  alokairuko babestuko 111 etxebizitza sustatuko ditugu Amarotzen eta Iurramendin alokairu babestuko beste 15 etxebizitza eraikitzeko konpromiso osoa du udalak”.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA