- Protokolo honen helburu nagusia da etxebizitza hutsen programen kudeaketa sustatu eta indartzea, etxebizitza hutsak merkaturatu eta alokairu babestuko aukerak areagotzeko Tolosan.
- Informazio saioak egingo dira herritarrekin eskura dituzten aukeren berri emateko: ASAP (Alokairu Segurua, Arrazoizko Prezioan) eta BIZIGUNE programak (hutsik dauden etxebizitzak eskuratzea eta alokairu babestuaren bidez merkaturatzea), Gaztelagun dirulaguntzen programa (18 eta 35 urte bitarteko gazteen emantzipazioa laguntzeko alokairuaren ordainketaren laguntza), Etxebizitza hutsak birgaitzeko Udalaren dirulaguntzak, alokairu ordainketa errazteko Udalaren dirulaguntza lerroa...
- Olatz Peon Tolosako alkatea: “etxebizitza hutsak birgaitzeko dirulaguntzak eskuratzeko baldintzak egokitu ditugu helburu bikoitzarekin: jabeek aukera gehiago eta baliabide gehiago izatea etxebizitza hutsak birgaitzeko, Jaurlaritzaren dirulaguntzak osatuz, etxebizitza huts gehiago jar daitezen alokairuan eta bestetik, tolosarrek alokairu babestuko etxebizitzak eskuratzeko aukera gehiago izatea, Alokabideren eta udalaren laguntzen eskutik”
Tolosako Udalak sinatu berri du Alokabide S.A. Eusko Jaurlartizako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin lankidetza-protokoloa. Protokoloaren helburu nagusia da etxebizitza hutsen programen kudeaketa sustatu eta indartzea eta erakundeen arteko lankidetza indartzea herritarrei erraztasunak emateko etxebizitza eskabideak kudeatu eta bideratzeko orduan, udalak Eusko Jaurlaritzako programetan (Bizigune, ASAP eta Gaztelagun) bitarketari gisa jardun ahal izango duelako.
Olatz Peon Tolosako alkatea: “etxebizitza duin eta egokirako eskubidea bermatu behar diegu tolosarrei, eta Tolosan dagoen etxebizitza eskari altuak eta etxebizitza hutsen kopuruak, Etxebizitza-sailaren eta Tolosako Udalaren esku-hartze publiko zuzena egitera eraman gaitu, etxebizitza hutsak merkaturatu eta etxebizitza aukerak sustatzeko helburuarekin”.
Etxebizitza hutsak mobilizatzea, alokairu babestuko aukerak areagotzeko eta herritarrei arreta eta aholkularitza eskaintzea helburu nagusiak
Herritarrei etxebizitza alorrean zerbitzu integralagoa emateko erakundeen arteko lankidetza indartzearekin batera, protokolo honen bidez, eta bertan aurreikusitako ekintzen bitartez, Tolosako etxebizitza hutsak mobilizatzea lortu nahi da eta aldi berean, Alokabidek zein udalak eskaintzen dituen laguntzen gainean informatzea.
1. Informazio saioak udazkenean
Tolosarrei etxebizitza alorrean eskura dituzten aukera guztien berri emateko informazio saioak egingo dira udazkenean: Bizigune eta ASAP programak, Gaztelagun laguntza programa, Etxebizitza hutsak birgaitzeko laguntza programak... Informazio saio hauetan, etxebizitza hutsen jabeekin lanketa berezia egingo da auzoetan, 2019an egindako Etxebizitza Hutsen Inguruko Azterketan etxebizitza huts gehien antzeman diren herriko guneetan, alegia.
2. Etxebizitza hutsak birgaitzeko laguntzen egokitzapena, babestutako alokairuaren sustapenerako
Tolosako Udalak etxebizitza hutsak birgaitzeko dirulaguntzak abiatuko ditu udazkenean eta horiek jaso ahal izateko beharrezkoa izango da Alokabideren programaren batean (ASAP edo Bizigune) izena emanda egotea.
Alkateak azpimarratu duenez, “etxebizitza hutsak birgaitzeko dirulaguntzak eskuratzeko baldintzak egokitu ditugu helburu bikoitzarekin: jabeek aukera gehiago eta baliabide gehiago izatea etxebizitza hutsak birgaitzeko eta tolosarrek alokairu babestuko etxebizitza aukera zabalagoa izatea. Horretarako, udalak Eusko Jaurlaritzak, Alokabideren bitartez ematen dituen dirulaguntzak osatuko ditu, etxebizitza huts gehiago alokairuan jar daitezen. Etxebizitza hutsen jabeek, gainera, Jaurlaritzak ematen dituen berme guztiak izango dituzte. Alokairuan jartzen diren etxebizitzak ezinbestean Alokabideren programetan txertatuta egongo direnez, herritarrek alokairu babestuko etxebizitza bat izateko aukera gehiago izango dutelako, diru-sarreren araberako errenta ordainduz”.
Xabier Balerdi, Etxebizitza saileko zinegotzi arduradunak azaldu du dirulaguntza lerroaren egokitzapenaren zergatia. “Lehendik udalak etxebizitza hutsak birgaitzeko dirulaguntzak ematen zituen, baina eredu hori jarraituta oso etxebizitza gutxi merkaturatzea lortu da azken urteetan, inbertsio oso handia eginda, gainera”.
2019an egindako etxebizitza hutsen azterketaren arabera, gainera, hutsik dauden 253 etxebizitzetatik gehienek birgaitze sakona behar dute bizigarritasun baldintzak bete eta alokairuan jarri ahal izateko. “Horregatik, indarrak batzea eta etxebizitzak eraberritzeko dirulaguntzak osatzea erabaki dugu, jabeek aukera gehiago izan dezaten lanak gauzatu eta etxebizitza horiek alokairuan jartzeko” gaineratu du Balerdik.
Hortaz, Udalaren eta Jaurlaritzaren laguntzak osagarriak izango dira. Alde batetik, Alokabidek aurrerakina eskainiko du etxebizitzan erreformak egiteko (%0ko interesarekin), eta udalak, etxebizitza hori birgaitzeko dirulaguntza bat ere emango du, obren kostu osoaren %50 izango dena (BEZa eta, oro har, edozein zerga ezin izango da diruz lagundu). Udalaren diru-laguntza 4.000 €-koa izango da gehienez ere eta etxebizitza Tolosako Alde Zaharrean kokatuta badago, 8.000 €-koa.
Alokabide eta Etxebiden parte hartzearen abantailak etxebizitza hutsen jabeentzat zein maizterrentzat
Udalak ezinbestekotzat jo du Alokabideren etxebizitza hutsak alokairuan jartzeko programak dinamizatzea Tolosan, udalerrian dauden etxebizitza huts ahalik eta gehien babestutako alokairuan eskuragarri jartzeko.
BIZIGUNE programaren baitan, etxebizitza hutsen jabeek 6 urtez Alokabideren eskutan uzten dute etxea, hainbat bermeren eta abantailen truke:
- Alokabide arduratzen da errentamenduaren kudeaketa integralaz.
- 6 urteko alokairuaren eta hilero kobratzearen bermea.
- Etxeko arrisku anitzeko asegurua, Alokabideren kontura.
- %50eko hobaria Ondasun Higiezinen gaineko Zergan.
ASAP programa berriz, bitartekaritza programa bat da. Etxebizitza pribatua, jabeen esku geratzen da baina programan parte hartzeagatik berme batzuk ditu jabeak ez-ordainketak, kalteak eta laguntza juridikoa barne hartzen dituena. Jabeei eskainitako bermeen trukean, Eusko Jaurlaritzak alokairuen gehieneko errentak finkatzen ditu, merkatu librean baino prezio baxu eta lehiakorragoak bermatuz. Hala, etxebizitza-eskatzaileek alokairuko etxebizitzak eskuratzeko dituzten aukerak handitzea ahalbidetzen da.
Programa horien bitartez, beraz, erabilera soziala eman nahi zaie hutsik dauden etxebizitzei. Eta ondoren, ETXEBIDE Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan izena emanda dauden eskatzaileei esleituko zaizkie etxebizitzak, eskatzailearen diru-sarreren arabera, betiere merkatu librean dauden prezioen azpiko alokairu errentekin.
“Erakundeen arteko lankidetza ezinbestekoa da alokairuaren aldeko politika publiko eraginkorrak bultzatzeko eta horixe du helburu sinatutako protokoloak eta helburu horrekin egokitu da etxebizitza hutsak birgaitzeko dirulaguntza tolosarrei etxebizitza alorrean eta alokairuaren aldeko apustuan, aukera berriak eskaintzeko” amaitu du alkateak.
►Alokabideko etxebizitza programen inguruko informazio gehiagorako:
https://www.alokabide.euskadi.eus/hasiera-alokabide/
►Etxebiden, etxebizitza eskatzaile gisa izena emateko edota Gaztelagun, etxebizitza librea alokatzeko dirulaguntzak eskatzeko: https://www.etxebide.euskadi.eus/x39-etxebide/eu/