Etxebizitza hutsen azterketaren ondotik, alokairua sustatzeko lan lerro berriak datorren urterako

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/12/01 | Etxebizitza
  • Alokairu ordainketa errazteko diru laguntza lerro berria sortuko da eta etxebizitza hutsak birgaitzeko Bizigune programako laguntzak osatuko dira, ahalik eta etxebizitza huts gehien alokairu merkatura bideratzeko.

  • Lan lerro berriak aurrera eramateko Alokabide eta Etxebiderekin hitzarmenak berrituko ditu udalak eta udal gobernuak aurrekontu proposamenean dagoeneko jaso ditu diru lerro berriak.

 

 

Udal gobernuarentzat lan lerro estrategikoa da etxebizitzarena eta alokairua sustatzea lehentasunezkoa. Horregatik, aurten etxebizitza hutsen azterketa amaitu eta honen ondorioak aztertu ondoren, datorren urtera begira, alokairua sustatzeko lan lerroak eta horiek aurrera eramateko egitasmoak zehaztu ditu udal gobernuak. Dagoeneko egitasmo horiek jaso ditu udal gobernuak 2021 urterako bere aurrekontu proposamenean.

 

253 etxebizitza huts daude Tolosan, gehienak Alde Zaharrean

Azterketa honen baitan, besteak beste Tolosan dauden etxebizitza hutsen inbentarioa egin da, benetan hutsik daudenak identifikatzeko. Etxebizitza huts horiek zein egoeratan dauden ere aztertu da. Eta bestalde, inguru soziodemografikoaren azterketa ere egin da egungo etxebizitza beharrak aztertu eta etxebizitza eskatzaileen profila ezagutzeko.

Erroldarik gabeko 509 etxebizitzetatik, 253 daudela hutsik baieztatu da, inor erroldatu gabe edota ur-kontsumorik ez duten etxebizitzak direlako. Hortaz, etxebizitza hutsak Tolosako parke osoaren %2,7a dira. Alde zaharrean daude kokatuta etxebizitza huts gehienak (94), ondoren Rondilla-Belaten (39) eta jarraian Laskoain kalearen inguruan (34).

Hutsik dauden etxebizitzen ezaugarriei dagokienez, Tolosako parke osoarekin alderatuta, antzinatasun handiagoa dute, 171 etxebizitza hutsek 50 urte baino gehiago dituzte, neurriz txikiagoak dira eta erdiek ez dute igogailurik. Bestalde, 150 eraikinek ikuskapen teknikoa pasatu dute, heren batek aldeko txostenarekin, beste bi herenek aldiz esku hartzeko premiak azaleratu dituzte.

 

Eskatzaileen artean, gehiengoa gaztea

Etxebizitza beharrei dagokienez, Tolosan erroldatutako 418 pertsonek eskatu dute Eusko Jaurlaritzako Etxebideren bitartez babestutako etxebizitza eta Tolosako Udal zerbitzuek 506 lagun dituzte etxebizitza babestuaren eskatzaile gisa izena emanda.

Eskatzaileen %18,7ak 30 urtetik behera ditu eta %59a kide bakarreko familia unitateak dira. %85ak lehen aldiz independizatu nahi du eta %61,3ak alokairuan nahi du etxebizitza. Hileko batez besteko ordainketa ahalmena 452 eurokoa da eta %58ak adierazi du ezin duela hilean 450 euro baino gehiago ordaindu.


 

Atzemandako beharrei erantzuteko ekintza berriak datorren urtean

Azterketaren ondorioak kontuan izanda, hutsik dauden etxebizitza gehienek birgaitze-lanak behar dituzte eta eskaintzaileen profilari dagokionez, gehienak gazteak dira, alokairuaren aldeko apustua egiten dutenak eta lehen aldiz emantzipatu nahi dutenak.

Beraz, etxebizitza hutsen azterketaren emaitzak kontuan izanda zehaztu ditu udal gobernuak datorren urtera begirako lan lerro eta egitasmo nagusiak eta horiek dagoeneko udal gobernuaren aurrekontu proposamenean jasota daude:

  1. Diru laguntza lerro berria alokairuaren ordainketa errazteko.

  2. Bizigune programaren baitan Eusko Jaurlaritzak etxebizitza birgaitzeko eskaintzen duen diru laguntza programa osatuko da, ahalik eta etxebizitza huts gehien merkatarutzeko.

  3. Etxebide eta Alokabiderekin hitzarmenak berritu eta informazio kanpainak gauzatu herritarrek eskura dituzten aukera guztien berri izan dezaten.


 

Etxebide eta Alokabiderekin hitzarmenak berritzearen helburua da, Alokabidek sustatzen duen Bizigune programa, Etxebizitza Hutsen Programa, Tolosan indartzea eta ezagutzera ematea. Horretarako Alokabiderekin batera, Bizigune programari buruzko informazio kanpaina egingo da.

Alokabidek, Bizigune programaren eskutik, hutsik dauden etxebizitzen errentamenduaren kudeaketa integrala egiten du eta etxebizitzak egokitzeko eta erreformak egiteko 18.000 euro bitarteko diru laguntza eskaintzen du. Udalak diru laguntza programa hori osatuko du.

Lan lerro eta egitasmo berri horiekin udal gobernuak alokairuaren aldeko apustu irmoa berretsi nahi du. “Aurreko legealdietan egin dugun moduan, honetan ere urratsak egingo ditugu alokairuaren alde, herritarrei aukera berriak eskaintzeko helburuarekin; Euskal Herria plazako zuzkidurako bizitokiak edota Kondeanea aldapako etxebizitzak dira urteetan alokairuaren alde egindako apustuaren adierazlerik nagusienak, eta egungo egoeran gainera, are eta gehiago bultzatu behar dugu alokairua Tolosan, behar bereziak dituzten herritarrak kontuan izanik, eta bereziki babestuz, lehentasunezkoa baita guretzat, etxebizitza alorrean, herritarren beharrei erantzutea eta gazteei bertan bizitzeko aukera eskaintzeA”. “Aurretik aipatutako lan lerroez gain, Iurramendi eremuan eraikiko diren 141 etxebizitzetatik 23 babes ofizialekoak izango dira eta 40 tasatuak eta Visesarekin harremanetan gaude alokairura bideratuko diren etxebizitza berriak egin eta susta ditzaten Amarotzeko eremuan” azaldu dute.


 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA