240 ikasle baino gehiago hasi dira Aitzol Udal Euskaltegian, azken urteetako kopururik handiena

Tolosako Udala
2024/09/25 | Euskara eta Hezkuntza
  • Aurreikusi baino talde gehiago osatu dira C2 mailan, inoizko gehien: bost.
  • Autoikaskuntzan, eskaera-kopurua handiagoa izan da matrikulazio-epean, eta eskaintza baino handiagoa izan denez, zozketa egingo da lekuak esleitzeko.

 

2024-2025 ikasturteari egunotan ekin diote Aitzol Udal Euskaltegiko ikasleek, eta azken urteetako kopururik handiena izango da: 240 ikasle baino gehiago. Maila guztietako eskaintza prestatu zuen euskaltegiak, abiapuntuko A0 mailatik C2 maila aurreratuenera, eta maila guztietako taldeak osatu dira. Eskolak goizean zein arratsaldean izango dira.

Izen-ematea irailaren 20an itxi zen. Harrezkero jasotako eskaerak kasuan-kasuan aztertu dira: taldean lekua egonez gero, matrikula egin zaie, eta, bestela, itxaron-zerrendara bidali.

Izen-emateen kopurua maila guztietan areagotu da, baina nabarmentzekoa da maila aurreratuetan izandako kopurua: C1 mailan 44 ikasle hasi dira aurrez aurreko taldeetan, eta beste horrenbeste C2 mailan. Abiapuntuko mailan, A0an, 33 ikaslek eman dute izena, eta hauek dira kopuruak tartekoetan: A1ean, 18; A2an, 21; B1ean, 19; eta B2an, 17.

Aurreikusitako talde gehien-gehienak eratu dira. Amarozko mintza-taldea da salbuespena, gutxieneko ikasle-kopurura iritsi ez denez ez baita osatu. C1 mailan, hiru taldetan bildu dira ikasleak azkenean, eta Iturriza elkarteko erretiratuen mintza-taldeak urtarrilean hasiko du jarduna. Kontrara, aurreikusi baino talde gehiago osatu dira C2 mailan, inoizko gehien: bost.

Autoikaskuntzari dagokionez, 29 ikaslerentzako lekua dago, aurrez aurreko taldeek hartu duten bolumena ikusita. Eskaera-kopurua handiagoa izan da matrikulazio-epean: 35. Horietako gehienak aurreko ikasturtetik datozen ikasleak dira, eta horiei bermatuko zaie jarraitzeko aukera. Ikasle berriei dagokienez, eskaera eskaintza baino handiagoa denez, zozketa egingo da zein hautatu erabakitzeko, eta gainerakoak itxaron-zerrendan sartuko dira. Zozketa hori ostiralean egingo da, hilaren 27an, 09:30ean, euskaltegiko idazkaritzako aretoan.

Euskaltegiko izen-emateetan izandako igoerak bat egin du Tolosako Udalak euskara ikasteko dirulaguntzak handitu izanarekin. Izan ere, matrikulazio-kanpainan iragarri zenez, ikasle tolosarrei matrikularen zati handiagoa estaliko die Udalak dirulaguntzen bidez: B2 mailara arte, matrikularen % 95; C1 mailan, % 75; eta C2 mailan, % 50. Dirulaguntza hori baldintzatua da, eta aprobetxamendu egokia eta % 85eko gutxieneko asistentzia behar dira.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA