Asteburutik aurrera, berriro zabalik egongo dira ikastetxeetako jolastokiak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/09/04 | Euskara eta Hezkuntza
  • Edozein herritarrek erabili ahalko ditu Samaniego, Laskorain eta Herrikide (San Blas) ikastetxeetako patioak, larunbatetan eta igandeetan, 10:00etatik 20:00etara.

  • Maiatzean jarri zen neurria indarrean, eta erantzun ona izan du.

 

Asteburu honetatik aurrera, berriro irekita egongo dira Tolosako ikastetxeetako jolastokiak, edozein herritarrek erabili ahal izateko. Hiru patio egongo dira erabilgarri: Samaniego Herri Eskolan, goiko eraikineko eremua; Laskorain ikastolan, Usabalgo eraikineko jolastokia; eta Herrikide ikastetxean, DBH eta Batxillergoko eraikinaren patioa, San Blas auzoan dagoena.

Joan den maiatzean jarri zen neurria martxan, Tolosako Udalak sustatuta. Urteetako eskaera izan da eskoletako jolastokiak zabaltzea. Tolosako Herritarren Batzarrak egindako gomendioen artean dago gaztetxoen aisialdirako espazioak egokitzea. Ohar hau egin zuen Herritarren Batzarrak: «13-18 urteko gazteek ez dute sarbide publikoko espazio estalirik inoren tutoretzapean egon gabe egon eta sozializatzeko (batez ere neguan)». Gaztetxoek eurek ere ohartarazi izan dute horretaz: iaz, adibidez, Nerabeen Foroak hainbat proposamen aurkeztu zizkion Udalari, eta tartean zegoen «toki estaliak» erabili ahal izatea.

Maiatz-ekainean izan ziren jolastokiak zabalik, eta erantzun ona izan da, hainbat gaztetxok eta familiak baliatu baitituzte azpiegitura horiek aisialdirako. Hain justu ere, helburu hori du jolastokiak irekitzeak: aisialdirako leku gehiago jartzea herritarren eskura, eta kirola egiteko azpiegiturak ere erabilgarri jartzea, horrekin bizimodu osasuntsuagoa sustatzeko.

Hiru jolastokiak ordutegi berean egongo dira zabalik, 10:00etatik 20:00etara. Nolanahi ere, gertatuko balitz ordutegi horretan ikastetxeak antolatutako jardueraren bat izatea (kirol-partidak, entrenamenduak…), hark izango du lehentasuna dagokion espazioa erabiltzeko. 

Zehaztutako ordutegitik kanpo, itxita egongo dira jolastokiak, eta ezin izango da barrura sartu.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA