Bilera irekia antolatu dute hezkuntza-arloko erronka nagusiak aztertzeko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/06/09 | Euskara eta Hezkuntza
  • Tolosako Hezkuntza Kontseiluan ikasturte honetan egindako lana azalduko dute, eta datorren ikasturterako erronkak identifikatu. 

  • Ostegun arratsaldean izango da bilera, eta herritar guztiak daude gonbidatuta.
     

Ikasturte honetan jarri da martxan Tolosako Hezkuntza Kontseilua, eta, ikasturtea bukatzear dela, bilera ireki bat egingo du, ikasturte honetako jardunaren balantzea egiteko eta datorren ikasturteko erronka nagusiak aztertzeko. Herritar guztiak gonbidatuta daude. Ostegunean izango da, ekainaren 12an, 17:30ean, kultur etxeko areto nagusian. 

Tolosako Hezkuntza Kontseiluak urrian hasi zuen bidea, Udalak aho batez onartuta. Figura berria da kontseiluarena. Eusko Legebiltzarrak 2023ko abenduan onartu zuen EAEko Hezkuntza Legea, eta udalei aukera ematen die hezkuntza-kontseiluak eratzeko, eragileen arteko elkarlana bideratzeko. Tolosa lehen herrietakoa izan da kontseilua martxan jartzen. Aurreko urteetan hasia zen prozesua hezkuntzako eragileekin horrelako mahai bat sortzeko. 

Urrian martxan jarri zenetik, Hezkuntza Kontseiluaren Batzorde Iraunkorra bildu da hilero-hilero. Honako hauek parte hartu dute: oinarrizko hezkuntzako ikastetxeek (Samaniego, Orixe, Herrikide eta Laskorain), Udaleko talde politikoek eta udal-teknikariek. Batzorde iraunkor horren eskutik, elkarlanerako hainbat jarduera bideratu dira ikastetxeen artean. 

Osteguneko bilera irekian, egindako lanaren berri emango dute, eta datorren ikasturtera begirako erronka nagusiak aztertuko dituzte, hezkuntza-arloan Tolosak dituen lehentasun nagusiak. Horretarako, bilera irekira gonbidatuta daude, hezkuntzan diharduten eragileak ez ezik, baita gurasoak eta interesa duten herritar guztiak ere, elkarren iritziak partekatzeko.


Berdintasun Kontseiluaren bilera, hilaren 16an


Ikasturtearen amaieran ohikoa denez, Berdintasun Kontseiluak ere egingo du bilera irekia. Kasu honetan, ekainaren 16an izango da hitzordua, astelehena, 18:00etan udaletxeko pleno aretoan. Herritar guztiak daude gonbidatuta.

Jorratuko diren gaien artean daude, Jabetze eskolaren udaberriko ebaluaketa eta udazken-neguko egitarauaren proposamena, Andragoraren egoera, dirulaguntzak, ekainaren 28ko LGBTI+ harrotasun egunaren programaziorako proposamenak, sanjoanak eta gune morea.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA