EuskarAbentura eta Gaztemunduri Ateak Ireki ekimenetako gazteei harrera egin die Udalak

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/07/15 | Euskara eta Hezkuntza

● Euskara eta Euskal Herria ardatz duten ekimenak dira, eta Tolosako Udalak giltzarritzat jotzen du horrelako ekimenak indartzea eta aitortza egitea.

EuskarAbenturako gazteen espedizioak aurten ere Tolosan geldiunea egin du, eta, ohikoa den moduan, Tolosako Udalak harrera egin die bertan parte hartzen ari diren 127 gazteei, eta ekimenaren antolatzaileei eta boluntarioei. Aurtengoa, baina, ekitaldi berezia izan da: aipatutako gazte horiei, Gaztemunduri Ateak Ireki ekimenekoak batu zaizkie. Eusko Jaurlaritzaren Gaztemundu programa eta Batzen Kultur Elkartearen Ateak Ireki egitasmoa bateratzen dituen ekimena da. Helburua mundu osoko euskal diasporako gazteen eta Euskal Herriaren arteko loturak sendotzea da, hizkuntza, kultura eta komunitatearekiko harremana indartuz. Horretarako, parte-hartzaileak hainbat astez Euskal Herrian egoten dira, harrera-familiekin biziz, euskara ikasiz eta tokiko bizimodua, kultura eta ondarea bertatik bertara ezagutuz.

Eusko Jaurlaritzarekin batera asteazken honetan Zerkausian antolatutako topaketan, 200dik gora gazterekin lan-saio dinamiko bat osatzeko aukera izan da, besteak beste, gaur egun ezagutzen dugun Euskadiren instituzionalizazioan mugarri garrantzitsua izan zen lehen Eusko Jaurlaritza eratu zeneko 90. urteurrena gazteengana hurbilduz, eta Euskal Komunitate Globalaren erronkei buruzko hausnarketa partekaturako txoko bat sortuz.

Andu Martinez de Rituerto alkateak Tolosako Udalaren izenean, ongietorri beroa eman die EuskarAbenturako zein Gaztemunduri Ateak Ireki ekimeneko partaideei: «Harremanak egiteko eta sakontzeko esperientzia ahaztezinak izango dituzue, baina batez ere euskara, euskal kultura eta gure natur ondarea lehen eskutik ezagutu eta bizitzeko aukera paregabeak dituzue parez pare». Halaber, azken mezu bat ere helarazi die Zerkausian elkartutako gazteei: «Etorkizunerako zorterik onena opa dizuet eta jarrai ezazue hemen lantzen ari zareten baloreak zabaltzen: euskara, euskal kultura eta naturarekiko maitasuna; errespetuan oinarritutako elkarbizitza sakontzen eta, bizitza aktiboa eramaten, ahalik eta alaien bizi zaitezten». 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA