- Tolosako Babarrunaren Ekoizleen XXXI. Lehiaketa eta Gure Kaiola elkartearen XXXVIII. Lehiaketa Gastronomikoa izango dira eguneko ekitaldi nagusiak.
- 18 postuko azoka berezia, dastaketak, kalejirak, dantza eta musika izango dira egun osoko egitarauan.
Tolosako babarrunaren uzta berriarekin batera, iritsi da herriko produktu kuttunenetako baten inguruan ospatzen den festa. Datorren larunbatean, azaroaren 21ean, Babarrunaren Festa izango da Tolosan, bertako ekoizleen lana aitortu, Tolosako babarrunaren kalitatea ezagutarazi eta herritarrak zein bisitariak mahaiaren eta tradizioaren inguruan biltzeko.
Tolosako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Elkarteak, Babarrunaren Kofradiak eta Gure Kaiola elkarteak elkarlanean antolatu dute aurtengo edizioa ere, eta erakundeetako ordezkariak bildu dira gaur Gure Kaiola elkartean, mahai inguruan, festa aurkezteko: Andu Martinez de Rituerto (Tolosako alkatea), Azahara Domínguez (Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolamenduko foru diputatua), Gregorio Mancisidor (Gure Kaiola elkarte gastronomiko presidentea) eta Sebas Gartziarena (Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Elkarteko ordezkaria).
Beroaren eraginez, uzta eskasagoa aurten
Aurtengo uzta iazkoa baino eskasagoa izan da udako bero handien ondorioz, nahiz eta babarrunaren kalitatea ona izan. Sebas Gartziarena Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Elkarteko ordezkariak azaldu duenez, «bero handiak babarrunaren loreak erre ditu, eta horrek nabarmen murriztu du ekoizpena. Zenbait tokitan, uzta iazkoaren erdira jaitsi da».
Hala ere, eragina ez da berdina izan eremu guztietan. Kostaldean, itsas brisari esker, gutxiago murriztu da uzta. Gartziarenak azpimarratu duenez, kalitate oneko babarruna lortu da, nahiz eta beroaren ondorioz, egosterakoan balitekeen azal gehiago askatzea.
Bi lehiaketa Tolosako Babarrunaren inguruan
Urtero bezala, ekoizleen eta sukaldarien lana izango da festaren ardatz nagusietako bat. Goizeko 06:30ean hasiko da Tolosako Babarrunaren Ekoizleen XXXI. Lehiaketa, Trianguloa plazan. Aurtengo edizioan, 25 ekoizlek hartuko dute parte, haien babarrunak aurkeztuta.
Lehiaketako epaimahaia Andoni Riañok (Alondegia tabernako sukalde-arduraduna), Aitor Buendiak (La Ruta Slow saioko aurkezlea), Sonia Tapiak (Fronton jatetxeko jabea) eta Mertxe Inzak (Babarrunaren Kofradiako kidea) osatuko dute. 11:00etan hasiko dira babarrunak dastatzen eta baloratzen, eta sari-banaketa 12:45ean egingo da, Trianguloa plazan. Irabazleak 300 euro, txapela eta garaikurra jasoko ditu; bigarren sailkatuak 200 euro eta garaikurra; eta hirugarrenak 150 euro eta garaikurra.
Bestalde, 08:30ean hasiko da Gure Kaiola elkarteak antolatutako Tolosako Babarrunaren XXXVIII. Lehiaketa Gastronomikoa, San Frantzisko pasealekuan, Artxiboaren aurrean. Lehiaketak harrera bikaina izan du aurten ere: izena emateko eskaera-kopuru handia dela eta, zozketa egin behar izan da parte hartuko duten 24 bikoteak aukeratzeko.
Sukaldariek iazko Ekoizleen Lehiaketako irabazlearen babarrunak erabiliko dituzte, ohiturari jarraituz. Aurten, beraz, Alberto Labaka albizturtarraren babarrunak prestatuko dituzte lehiakideek.
Lehiaketa gastronomikoko epaimahaia sei lagunek osatuko dute: Garikoitz Agirre (Larreako sukaldaria), Ella Bogatir (Asteasuarra taberna), Naia Ezkerra (Karlatz taberna), Maider Larrañaga (Arteaga Landetxea), José Luis Peciña (1988ko irabazlea eta Gure Kaiolako bazkidea) eta Javi Rivero (AMA Tolosa jatetxea).
12:30ean hasiko dira platerak baloratzen, eta 13:30ean egingo da sari banaketa, San Frantzisko pasealekuan bertan. Lehenengo sailkatuak 400 euro, garaikurra eta otarra jasoko ditu; bigarrenak 200 euro, garaikurra eta otarra; eta hirugarrenak 100 euro, garaikurra eta otarra. Horrez gain, emakumezko parte-hartzaile onenarentzako sari berezia ere izango da, 100 euro eta garaikurrarekin, baita Tolosaldeko lehen sailkatuarentzako Tolosa&Co elkartearen 100 euroko erosketa-txekea ere. Azken bi sari horiek sari nagusiekin bateragarriak izango dira.
Azoka, dastaketak eta elkartasuna
Trianguloa plaza izango da festaren erdiguneetako bat. Bertan egingo da azoka berezia, 09:00etatik 14:00etara, 18 posturekin. Tolosako Babarrunarekin batera, sakramentuak eta bestelako elikagaiak nahiz bertako produktuak eskuratzeko aukera izango da.
Eguerdiko 12:00etan, Tolosako Babarrunaren Kofradiak uzta berriko babarrunak dastatzeko aukera eskainiko du Trianguloa plazan. Bazkalorduan ere babarruna izango da protagonista, herriko elkarte gastronomiko eta tabernetan antolatuko diren babarrun-jateei esker.
Gastronomiak elkartasunerako tartea ere izango du. Gure Kaiola elkarteak txanpinoi-pintxo solidarioak eskainiko ditu San Frantzisko pasealekuan, eta bildutako dirua Ibarratik Misio Taldea gobernuz kanpoko erakundearentzat izango da. Horrela, lehiaketa gastronomikoaren inguruan sortzen den giroa elkartasun-ekimen batekin uztartuko dute aurten ere.
Festa-giroa herriko kale guztietara zabalduko da
Babarrunaren Festak gastronomiaz harago ere izango du zer eskaini. Goizeko 11:00etatik aurrera, erraldoiek eta buruhandiek Tolosako kaleak zeharkatuko dituzte, Gernikako Arbola lorategitik abiatuta.
12:00etan, berriz, dantza-erromeri ibiltaria egingo da udal-txistularien eta Udaberri Dantza Taldearen eskutik. Trikitilari, dultzainero, txistulari eta dantzariek Trianguloa plazatik abiatuko dute ibilbidea, Lopez Mendizabal pasealekuan, Plaza Zaharrean eta Plaza Berrian barrena, festa-giroa Alde Zaharreko kaleetara zabaltzeko.
Arratsaldean eta gauean musikak hartuko du lekukoa. Jainekin txaranga 17:00etan ibiliko da Alde Zaharreko kaleetan, eta Kalean txaranga 20:00etan eta 00:30ean. Gaueko 22:30ean, berriz, Muxutruk taldeak kontzertua emango du Plaza Berrian.
Ekoizleen lanari eta herriaren elkarlanari aitortza
Babarrunaren Festa, Tolosako gastronomia eta kultur ondarearen erakusgarri izateaz gain, bertako ekoizleen lanari eta produktuaren etorkizunari balioa emateko hitzordua ere bada. Andu Martinez de Rituerto alkateak azpimarratu duenez, «festa hau tolosarron nortasunaren eta herriko eragileen arteko elkarlanaren adierazle da. Baina ospatzeaz gain, gure babarrunaren etorkizuna bermatzeko lan egin behar dugu».
Bestalde, Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak nabarmendu duenez, «Babarrunaren Festak, urte hauetan guztietan, babarruna erreferentziazko produktu, lurraldearen ikur eta gure mugetatik harago ere estimatzen den produktu» bihurtzea ahalbidetu du. «Jai honen bidez, baserritarren eta sukaldarien lana aitortzen dugu, gure produktuak aldarrikatzen ditugu eta garenaren harrotasuna partekatzen dugu». Horregatik, diputatuak larunbat honetan, hilak 21, Tolosa bisitatzera gonbidatu ditu herritarrak, eta garraio publikoa erabiltzeko deia egin die; izan ere, «aukerarik erosoena, seguruena eta jasangarriena da, eta, gainera, Tolosarrei eragozpen gutxien sortuko diena».

Egitaraua
|
06:30
|
XXXI. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketaren hasiera
|
Trianguloa plazan
|
|
08:30
|
Gure Kaiola elkarteak antolatuta, XXXVIII. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoaren hasiera
|
San Frantzisko pasealekuan
|
|
09:00-14:00
|
Azoka berezia
|
Trianguloan
|
|
11:00
|
Ekoizleen Lehiaketako epaimahaiaren balorazioa
|
Trianguloan
|
|
11:00
|
Erraldoiak eta buruhandiak
|
Tolosako kaleetan
|
|
12:00
|
Dantza-erromeria ibiltaria, Udal Txistulariekin eta Udaberrirekin
|
Trianguloatik abiatuta, Alde Zaharrean
|
|
12:00
|
Tolosako Babarrunaren dastaketa, Kofradiaren eskutik
|
Trianguloan
|
|
12:30
|
Lehiaketa Gastronomikoko epaimahaiaren balorazioa
|
San Frantzisko pasealekuan
|
|
12:45
|
Ekoizleen Lehiaketako sari banaketa
|
Trianguloan
|
|
13:30
|
Lehiaketa Gastronomikoko sari banaketa
|
San Frantzisko pasealekuan
|
|
14:30
|
Babarrun-jateak elkarte eta tabernetan
|
Tolosan
|
|
17:00
|
Jainekin txaranga
|
Alde Zaharrean
|
|
20:00
|
Kalean txaranga
|
Alde Zaharrean
|
|
22:30
|
Muxutruk
|
Plaza Berrian
|
|
00:30
|
Kalean txaranga
|
Alde Zaharrean
|