Euskaraldian izena eman du Tolosako Udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/04/30 | Euskara eta Hezkuntza
  • Maiatzaren 15etik 25era egingo da aurtengo Euskaraldia, eta izena emateko epea zabalik dago.

 

Entitate gisa Euskaraldian parte hartzea erabaki du Tolosako Udalak, Euskararen Aholku Kontseiluan hala adostuta, eta jada izena eman du.

Herritarren hizkuntza-praktikak aktibatzea eta euskararen erabilera handitzea du helburu Euskaraldiak. Laugarren aldia izango da aurtengoa, eta, lehen aldiz, udaberrian egingo da: maiatzaren 15etik 25era.

Tolosako Udalak, euskararen indarberritzean duen zereginaz kontziente izanik, parte hartzeko konpromisoa hartu du. Hala, udal-langileei Euskaraldiaren berri emango zaie, eta parte hartzeko deia egin. Ariketa egoki egiteko eta rolean eroso egoteko prestakuntza eskainiko zaie langileei, baita egun horietarako ariketa zehatz bat proposatu ere.

Era berean, Udalak dei egin nahi die tolosarrei Euskaraldian parte har dezaten, kontuan hartuta norbere hizkuntza-ohiturak aldatzeak inguruan ere baduela eragina, eta, hala, euskararen erabilera indartu daitekeela.

Bi rol izango dira aurten ere Euskaraldian:

  • Ahobizi. Euskaraz ulertzen duten guztiekin uneoro euskaraz egitea proposatzen zaie. Ezezagunekin ere euskaraz egingo dute lehen hitza beti, eta, haiek euskara ulertzen badute, euskaraz jarraitu.

  • Belarriprest. Aldiro erabakiko dute euskaraz noiz eta norekin egin. Agian, beti ez dute euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskaraz dakitenei modu esplizituan eskatuko diete euskaraz aritzeko.

Euskaraldian izena emateko aukera zabalik dago. Webgunetik egin daiteke izen-ematea, edo Galtzaundi euskara-taldearen egoitzan (Plaza Berria 1).

Webgunerako lotura: https://izenematea.euskaraldia.eus/

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA