Euskararen kale-erabileraren nagusitasuna egonkortzen ari da Tolosan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/03/19 | Euskara eta Hezkuntza
  • Azken 38 urteetan erabilerak 23 puntu egin du gora, eta 1985etik hona ia bikoiztu egin da.
  • 2023ko neurketaren datua orain arte erregistratutako altuena da, 2022ko neurketarekin batera.
  • 2019tik aurrera, gaztelaniaren aurretik kokatu da euskara Tolosako kaleetan, eta euskararen nagusitasuna egonkortzen ari da.

     

Hizkuntzen Erabileraren 2023ko Kale-Neurketaren emaitzak aurkeztu dituzte Galtzaundi Euskara Taldeak, Tolosako Udalak eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. 1985. urtetik, urtero egiten da hizkuntzen erabileraren kale-neurketa Tolosan. 2023koan, 6.982 hiztunen informazioa bildu da. Jasotako datuen bolumen handiak ahalbidetzen du fidagarritasun estatistikorako baldintzak bermatzea.

 

 

Ondorio nagusiak

Euskararen kale-erabilera berrindartu egin da Tolosan azken 38 urteetan: 1985ean, %29koa zen, eta 2023ean, berriz, %52,3koa. Azken emaitza hori, gainera, neurketak egiten direnetik jasotako altuena da iazko neurketarekin batera, eta bosgarren aldiz, eta jarraian gainera, euskararen kale-erabilera gaztelaniarenaren gainetik erregistratu da.

Haurrak (%73) dira kalean euskara gehien erabiltzen dutenak. Ondoren gazteak (%59) eta heldu gazteak (%60) daude, eta horiei jarraikiz heldu nagusiak (%42) eta adinekoak (%36). Bilakaera horretan azpimarratzekoa da 40 urtetik gorakoen eta beherakoen artean dagoen aldea: 40 urtez azpikoek %65eko erabilera erregistratu dute, eta 40 urtez gainekoek, %39koa.

1985etik, belaunaldien arteko euskararen kale-erabileraren sailkapena erabat aldatu da. Gazteak azken lekuan zeuden, eta orain, gehien erabiltzen dutenen artean daude; duela 38 urte adinean helduenek erabiltzen zuten euskara gehien, eta orain, belaunaldi gazteenek.

 

Erregistratutako lehen urteetan, igoera oso handia izan zuen haurren erabilerak; azken urteetan, igotzen jarraitzen badu ere, apaldu egin da joera hori. Gazteen erabilerak igoera nabarmena izan du 2014tik, eta helduek hazkunde erritmo konstantean jarraitzen dute. Aipatzekoa da azken urteetan eten egin dela adinekoen erabileraren beherakada  1990eko hamarkadatik lehen aldiz, eta errekuperazio-zantzuak ere nabari direla.

Haurren presentziak zeresan handia du euskararen kaleko erabileran. Erabilera daturik altuenak haurrak eta helduak batera daudenean erregistratu dira, eta haurrak elkarrizketan parte hartzen duenean (%75). Baxuenak, berriz, nagusiak haurrak parean ez dituztenean jasotzen dira (%45). Azpimarratzekoa da nagusien kasuan haurren presentzia soilak %71era igotzen duela erabilera.

Euskararen kaleko nagusitasuna egonkortuta

2023ko Hizkuntzen Erabileraren Kale-Neurketak, azken urteetako neurketekin batera, Tolosako kaleetako euskararen nagusitasuna baieztatzen du. Izan ere, neurketak urtero-urtero egiten dira Tolosan, eta 2019tik aurrera, euskara da kalean gehien entzuten den hizkuntza. Urte horretan kokatu zen lehen aldiz euskara gaztelaniaren aurretik kale-neurketan, %49,1eko erabilerarekin, eta 2021ean gainditu zuen %50eko langa (%50,9ko erabilera). 

Galtzaundi Euskara Taldeko lehendakari Manex Urruzolak aipatu duenez, «2019tik aurrerako neurketa guztietan nagusitu da euskara, eta bost urtetan, eta jarraian gainera, gertatu da hori. Beraz, argi esan daiteke ez direla emaitza anekdotikoak, euskararen erabilera indarberritze joera argian egonkortuta dagoela Tolosako kaleetan». «Susperraldian nabaritzen dugu euskara Tolosako kaleetan, eta gure hizkuntzak espazioak irabazten jarraitzen du», gaineratu du Urruzolak.

Tolosa eta eskualdea, eragin-eremuak

Bistakoa da udalerri euskaldunak aldatzen ari direla. Horregatik, neurketak bilakaera positiboa erakutsi arren, oraindik ere hainbat arlotan eragiteko beharra ere azaleratzen da, UEMAren ustetan: «Tolosaldean bertan ikus daiteke arnasguneetan izaten ari garen bilakaera bestelakoa dela, eta horren aurrean Tolosaren gisako udalerri euskaldunek, eta are gehiago, Tolosaren moduko eskualdeburuek, rol garrantzitsua jokatzen dute», azaldu du UEMAko teknikari Maier Ugartemendiak. 

Horretarako herritarren kontzientziazioan eragitea funtsezkoa dela azpimarratu du Ugartemendiak, eta hori elkarlanaren bidez egin behar dela: «Euskalgintzak eta erakundeok batera lan egin behar dugu. Horretarako, Tolosaldea giltzarria da. Aurrera begira, eskualde bezala dituen aukeren alde lanean jarraituko dugu».

«Lasaikerian erori gabe» lanean jarraitzeko beharra nabarmendu du Garbiñe Marzol Tolosako Udaleko Euskara zinegotziak ere . Zentzu horretan, euskararen erabilera indartzeko Udalak hartuko dituen bi neurri iragarri ditu. 

Alde batetik, azaldu du oraindik euskara ulertzen ez duten ia 3.000 tolosar daudela, eta beste horrenbeste, ulertu bai baina hitz egiteko gai ez direnak. Horiei euskara ikasteko aukera bermatzeko helburuarekin bat eginda, iragarri du aurki doakotasunerako bidean urrats aitzindariak egingo dituztela.

Hizkuntza-politikarako plan estrategiko berria prestatzen hasiko direla ere aurreratu du. «Hurrengo hamarkadan euskararen sustapena gidatuko duen plan estrategikoa da. Plan konpartitua izango da, ez dena udal-jardueretara mugatuko. Horregatik, askotariko eragileen partaidetzarekin landuko dugu plana, denon artean biharko Tolosa euskalduna marrazteko».

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA