Hizkuntza politiken sustapena, elkarlanetik

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/09/01 | Euskara eta Hezkuntza

• Euskararen erabilera sustatzearen alde lanean jarraitzeko xedearekin berritu dute hitzarmena gaur Tolosako Udalak eta Galtzaundi Euskara Elkarteak.
• Galtzaundiren lana Tolosako Udalaren Euskara Sailaren osagarria da eta hizkuntzaren normalizazioan eta sustapenean aurrera pausoak emateko ezinbestekoa.
• Akordio horren baitan hainbat ekimen burutzen dira urtean zehar.

Xabier Balerdik, Tolosako euskara zinegotziak, eta Kike Amonarrizek, Galtzaundi Euskara Elkarteko lehendakariak, euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzen jarraitzea xede duen elkarlanerako hitzarmena berritu dute gaurkoan. Balerdiren hitzetan “Galtzaundiren lana Euskara Sailak egiten duen lanaren osagarria da, hizkuntzaren normalizaziorako eta sustapenerako ezinbestekoa; horregatik, Galtzaundirekin zein gainerako eragileekin elkarlanean aritzea funtsezkoa da hizkuntza politika partekatuak sustatzeko, helburu amankomunak finkatu eta eragin handiagoko urratsak egiteko”.
Gauzak horrela, Udalak diruz lagunduko ditu Galtzaundik urtero sustatu ohi dituen egitasmoak, baita berriak ere: euskararen erabilerari buruzko behaketa eta azterketa lanak; Mintzalaguna egitasmoa; merkataritza eta ostalaritzako euskara programa; kirola eta aisialdiko euskara programa hizkuntza ohituretan eta erabileran eragiteko; Euskararen historia soziala Tolosaldean ikerketa; Euskaraldiaren dinamizazioa; Euskararen eguna; Korrika, Errigora edota Ikaskoli ekimenen sustapena eta Hezkuntza Sektore Mahaiaren dinamizazioa, besteak beste.
Hitzarmenak urtebeteko epealdia izango du eta akordio honen baitan ere, Galtzaundik, Tolosako Euskararen Aholku Kontseiluan aktiboki parte hartuko du.
Euskararen Aholku Kontseilua berriki sortu den organoa da, hizkuntza politika partekatua sustatzeko. Kontseiluak Udalari lagunduko dio euskaren inguruko plan estrategikoak diseinatzen eta garatzen. Udalak duen euskara planari jarraipena ematearekin batera, udalak eragileekin osatua duen euskara sustatzeko ekintza planaren jarraipena ere egingo da, horregatik da ezinbestekoa eragile ezberdinen parte hartzea, hizkuntza normalizazioaren alorrean, elkarlanetik, irmoki lan egiten jarraitzeko. “Erakundeek eta gizarte eragileek indarrak batuta lan egin behar dute hizkuntza normalizazioaren alorrean hizkuntza politikako beharrei modu egokiagoan erantzuteko eta, beraz, ezinbestekoa da Galtzaundi elkartearekin lankidetzan orain arte egindako lanari jarraipena ematea, euskararen alde”, azpimarratu du Balerdik.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA