194 proposamen San Esteban, Bidebieta-Iparragirre-Izaskun eta landa auzoak hobetzeko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/10/27 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Datorren astean egingo dira proposamenak lehenesteko saio irekiak auzoetan.

AuzoEkin egitasmoaren barruan, San Esteban auzoa, Bidebieta-Iparragirre-Izaskun ingurua eta landa auzoak hobetzeko 194 proposamen egin dituzte herritarrek. Diagnostikoaren lanketa egiterako orduan behar eta erronka ugari identifikatu baziren ere, auzotarrek aukera izan dute ekarpen gehiago egiteko azken aste honetan.

Bidebieta-Iparragirre-Izaskun eremuan jaso da proposamen kopuru gehien —hiruetatik biztanle gehien dituena ere bada—, 94 guztira. Zabalarreta parkea babestu eta biziberritzetik, oinezkoen irisgarritasuna bermatzeko lanetara, mota askotakoak izan dira jasotako ideiak. Auto eta bizikleten aparkalekuen inguruko iradokizun ugari ere jaso dira.

San Esteban auzoan beste 39 proposamen jaso dira. Kasu honetan, gehienak ferialekuaren, auzoko topalekuen —parkea, aterpeak...— eta aparkalekuen ingurukoak dira. Komunitate izaerako proposamenak ere jaso dira: atzerriko jatorria duten bizilagunengana gerturatzeko saioak antolatzea planteatu dute, esaterako.

Landa auzoei dagokienez, 61 izan dira jasotako proposamenak. Auzotxikia, Olarrain, Aldaba, Aldabatxiki, Bedaio, Urkizu eta Uganerako proposamenak jaso dira. Hornidurarekin —energia, ura, saneamendua, interneteko konexioa— lotutako gaiak dira nagusi, baita bideei eta mantentze-lanei eragiten dietenak ere.

Datorren astean, proposamen horiek auzotarren artean lehenesteko saio irekiak egingo dira eremu guztietan. Hauek dira hitzordu horietarako deialdiak:

  • Azaroak 3, astelehena. 18:00, HHI-CEPA.
  • Azaroak 4, asteartea. 18:00, udaletxeko pleno aretoa.
  • Azaroak 5, astezkena. 18:00, Ttonttor auzo elkartea.

Saio horietan lehenesten diren proposamenak aztertuko ditu gero Udalak, jakiteko ea egingarriak edo bideragarriak ote diren teknikoki, juridikoki, administratiboki eta ekonomikoki. Azterketa horren ondoren, azken aukeraketa egiteko azken saio irekia egingo da auzotarrekin, eta horiek txertatuko dira automatikoki udal aurrekontuan.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA