‘ESNEKI’, azaroaren 8an Tolosan: lehiaketak, azoka berezia, dastaketak eta familia osoarentzako ekimenak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/10/28 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • 38 gaztandegiren 86 produktuk hartuko dute parte Euskal Herriko esne, gazta eta jogurt lehiaketaren laugarren edizioan.
  • 24 postu izango dira esnekien azoka berezian; tailerrak, erakustaldiak eta dastaketak ere egingo dira Esnekiren bueltan. 

 

ESNEKI Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azoka berezia azaroaren 8an izango da Tolosan, Tolosako Udalak, HAZIk eta Eusko Jaurlaritzak sustatuta, eta laguntzaile dituela Basque Culinary Center, Esneki Zentroa-Leartiker, EFRIFE, GIFE, Esnekigileen elkartea eta Tolomendi.  Esnekik euskal esnekigintzaren aniztasuna eta kalitatea erakutsiko ditu, sektorearen ikusgarritasuna handitzeko eta ekoizleei bultzada emateko asmoz.

Euskal Herriko Esne, Gazta eta Jogurten IV. Txapelketa

Azaroaren 8an goizez egingo da IV. ESNEKI Euskal Herriko Esne, Gazta eta Jogurt Txapelketa, Beotibar frontoian. Euskal Herriko zazpi lurraldeetan ekoiztutako esne, gazta eta jogurt mota guztien lehiaketa da. Aurten, 38 gaztandegiren 86 erreferentziak baino gehiagok hartuko dute parte. 111 erreferentzia aurkeztu ziren hasiera batean, baina kategoria batzuetan ez denez gutxieneko izen-ematerik izan, azkenean ezingo dute lehiatu. Esne erosleetan gertatu da hori: ez da lehiaketarik izango inongo mailatan.

Hori horrela, lehiaketa zortzi kategoriatan banatuko da: gazta freskoak, pasta bigunak, gazta urdinak, behi gazta onduak, ardi gazta onduak, ahuntz gazta onduak, jogurtak eta behi esne pasteurizatua, denak norbere esnearekin ekoiztutakoak. Epaimahaia elikagaien sektoreko profesionalek osatuko dute, eta esnekien itxura, ehundura, zaporea eta usaina baloratuko dituzte.

Goizeko 10:00etan hasiko dira dastaketarekin, eta 13:00etan izango da sari-banaketa. Maila bakoitzeko gazta irabazleen artean, txapeldunen txapelduna ere hautatuko da, eta hori izango da Euskal Herriko gazta onenaren izendapena jasoko duena. Bitarte horretan, Beotibar pilotalekua publikoari irekita egongo da, eta epaimahaiak produktuak dastatu eta baloratu ahala, publikoaren artean banatuko dira probatzeko.

 

 

Esperientzia gastronomikoak eta publiko guztientzako jarduerak

Lehiaketak irauten duen bitartean, Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azoka Berezia egingo da Trianguloa plazan eta San Frantzisko pasealekuan. Aurten, 24 ekoizle izango dira, eta bisitariek askotariko gaztak eta esnekiak erosteko eta dastatzeko aukera izango dute, 09:00etatik aurrera, goiz osoan zehar.

Gainera, aurreko urteetan arrakasta handia izan duen Euskal Herriko Gazta Mahaia errepikatuko da: azokako eta txapelketako gazta aukera zabala ezagutzeko eta jateko dastaketa gidatua egingo da Beotibar frontoian bertan. Ordu erdiko 4 txanda eskainiko dira (10:00etan, 10:45ean, 11:30ean eta 12:15ean), gehienez ere 20 pertsonako taldetan banatuta. Saioak euskaraz izango dira, 11:30ean egingo dena izan ezik; hori gazteleraz izango da. Leartikerreko adituek emango dituzte gazta bakoitzaren ezaugarriei buruzko azalpenak. Txartelak www.tolosakoazoka.eus/esneki webgunean eskuratu daitezke, 8,89 euroren truke.

Haurrak dituzten familiei bideratuta, bi tailer antolatu dira.

      Lehena, azaroaren 6an (osteguna), 18:00etan egingo da Beotibar pilotalekuan, BCC eta Mantalako kideen eskutik: Errapetik ahorainoko bidea. Txikienek esnea nondik datorren ezagutuko dute, simulagailuarekin, eta natilla tailerra izango da ondoren. 5-10 urte arteko haurrentzat da gomendagarria. 40 pertsonarentzako tokia izango da tailerrean, eta izen-emateak www.tolosakoazoka.eus/esneki webgunean irekita daude jada.
 

      Bigarrena, azaroaren 8an (larunbata), 10:30ean hasiko da San Frantzisko pasealekuan, Artxiboaren parean: Esnetan jarduerak. Bertan, behia jezteko simulagailua eta gazta freskoa egiteko tailerrak izango dira, aurrez izenik eman behar izan gabe. Esne freskoaren dastaketak 10:30ean eta 11:30ean egingo dira; gazta freskoa egiten ikasteko tailerrak, berriz, 11:00etan eta 12:00etan.

Gainera, astean zehar beste berrikuntza bat izango da: Esnekigileen elkartearekin eta herriko hiru ikastetxeekin elkarlanean, saio pedagogikoak egingo dira esnearen jatorria eta ekoizpena ezagutzera emateko helburuarekin. Tokiko esnekigileek gidatuta, gosari eta esnekien dastaketak egingo dituzte ikasleekin. «Gaztetxo askoren dietan presentzia galdu dute esneak eta esnekiek, oro har. Helburua da dieta orekatu eta osasuntsu bat sustatzea, eta horretarako esneak eskaintzen dituen onurei balioa ematea. Ekoizle asko ditugu hemen gertu, kalitatea etxe alboan dugu», azaldu dute Esnekigileen elkartetik.

 

Frisoi txapelketarik ez aurten, prebentzio-neurri gisa

Pasa den ostiralean aurreratu moduan, aurten ez da Frisoi txapelketa egingo, DNC gaitzaren aurrean hartu diren prebentzio-neurrien ondorioz. Antolakuntzak ganaduzaleen jarrera arduratsua nabarmendu du, eta eskerrak eman dizkie sektorearen osasuna eta ongizatea lehenetsi dituztelako.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA