Ikasketa amaieran Tolosari buruzko lanak egiteko bekak emango ditu Udalak

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/09/29 | Euskara eta Hezkuntza
  • Gradu eta master amaierako lanek jaso ahalko dute beka, eta goi-mailako lanbide heziketako proiektuek.
  • Beken oinarriak onartu dira jada, baina lana amaitu ondoren aurkeztu beharko da eskaera, 2027ko ekainetik aurrera.

Ikasketa bukaerako lanak Tolosari edo Tolosaldeari buruz egiteko bekak emango ditu Tolosako Udalak ikasturte honetan, lehenengo aldiz. Hiru lan-mota aurkeztu ahalko dira beka-deialdira: Gradu Amaierako Lanak (GRAL), Master Amaierako Lanak (MAL) eta Goi Mailako Lanbide Heziketako proiektuak. Lan horiek 2026-2027 ikasturtean eginak izan beharko dute. Lana bukatu ondoren aurkeztu ahalko da eskaera, 2027ko ekainetik aurrera.

Egitasmoak bi helburu uztartu nahi ditu: alde batetik, udalerriari eta eskualdeari buruzko ezagutza eta ikerketa sustatzea, eta, bestetik, bertako ikasleen ikerketa-lanak bultzatzea. Bekak lehiaketa bidez emango dira, jasotako eskaerak irizpide batzuen arabera baloratuta.

Hona hemen bekei buruzko argibideak:

Norentzat dira bekak?
2026-2027 ikasturtean gradu edo master amaierako lana egingo duten ikasleek, eta Goi Mailako Lanbide Heziketako amaierako proiektua egingo dutenek.

Zein dira baldintza nagusiak?
Honako hauek:

  • Tolosan erroldatuta egotea eskaerak aurkezteko epea amaitzean.
  • 18 eta 30 urte bitartean izatea, urte naturalak kontuan hartuta.
  • GRAL, MAL edo Goi Mailako LHko proiektuaren ikasgaian matrikulatuta egotea.
  • Lana euskaraz egitea.
  • Lana Tolosari edo Tolosaldeari buruzkoa izatea.
  • Lanak gutxienez 10etik 7ko kalifikazioa izatea.

Zenbatekoak dira bekak?
Gradu eta master amaierako lan bakoitzeko 1.000 euro emango dira, eta Goi Mailako Lanbide Heziketako proiektu bakoitzeko, 300 euro. 2026-2027 ikasturtean hamabi beka emango dira denera: gradu eta master amaierako lanetan, zortzi; Lanbide Heziketan, lau.

Zein irizpideren arabera emango dira bekak?
Lau irizpide finkatu dira:

  • Lanak jasotako kalifikazioa. Gutxienez 7ko nota behar da beka eskatzeko, eta hortik gorako kalifikazioa izanez gero, puntu gehiago jasoko dira.
  • Tolosarekiko edo Tolosaldearekiko lotura-maila.
  • Berrikuntza eta aplikagarritasuna.
  • Genero-ikuspegia txertatzea.

Irizpide horiek 100 punturekin baloratuko dira, eta gutxienez 50 beharko dira beka lortzeko. Jasotako eskaera guztiak puntuatuko dira irizpide horien arabera, eta puntu gehien dituzten lanek jasoko dute beka, aipatutako zenbatekoekin.

Noiz eskatu behar da beka?
Ikasturtea bukatzean, behin lana aurkeztuta dagoenean eta kalifikazioa jaso duenean. Beka eskatzeko epea 2027ko ekainaren 1ean irekiko da, eta urriaren 10era arte egongo da zabalik.

Zer dokumentu aurkeztu behar dira?
Dokumentu hauek:

  • Eskaera-orria.
  • Lanaren kopia bat.
  • Lanak jasotako kalifikazioaren ziurtagiria.
  • Eskatzailearen curriculum vitaea.

Beka eskuratuz gero, beste baldintzarik?
Beka jasoko duten lanak aurkezteko ekitaldi bat antolatuko du Tolosako Udalak, eta egileak han azaldu beharko du bere lanaren nondik norakoa.

Non ikus daitezke baldintza guztiak?
Bekaren oinarriak eta deialdia ikusgai daude Tolosako Udalaren egoitza elektronikoan.

Tolosako alkateak, Andu Martinez de Rituertok, beka horien garrantzia azpimarratu du: «Ekimen honen bidez, Tolosako Udalak gazteen prestakuntza eta ikerketa sustatu nahi ditu, eta, bide batez, udalerriari eta eskualdeari buruzko ezagutza sortzen eta zabaltzen lagundu». Martinez de Rituertok Tolosako eta eskualdeko ikasleen lanek egin dezaketen ekarpenean egin du azpimarra: «Unibertsitateko eta Lanbide Heziketako ikasleek, ikasketa amaierako lanen bidez, Tolosaren eta Tolosaldearen errealitateari, beharrei eta aukerei buruz egiten duten ekarpena baliotsua da. Horregatik, lehen aldiz martxan jarriko dugu beka-lerro hori, eta horrekin, gazteen talentua eta ikerketa tokiko errealitatearekin lotu nahi ditugu, ezagutza hori etorkizuneko udalerria eraikitzeko baliabide ere izan dadin».

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA