- Martxoaren 23an igaroko da euskararen aldeko lasterketa erraldoia Tolosatik, eta ekintza ugari izango dira: pailazoak, kalejira, txarangak, kantaldi jendetsua, poteo musikatua, erromeria…
- Bezperan, hilaren 22an, Korrika Txikia egingo da, eta Lehen Hezkuntzako hiru ikastetxeetako haurrek parte hartuko dute.
Atzo abiatu zen 23. Korrika, Irundik, ‘Harro herri’ lelopean, eta, martxoaren 24ra bitarte, Euskal Herriko ehunka herri zeharkatuko ditu Baionara heldu arteko bidean. Tolosatik ere igaroko da, hilaren 23an, hau da, datorren larunbatean. Festa giroan hartuko du Tolosak euskararen aldeko lasterketa, ekitaldi ugari izango baitira egun horretan.
Bederatzi kilometro Tolosan, euskararen alde
Tolosan eragile, elkarte eta norbanako askok egingo dute bat Korrikarekin. Guztira bederatzi kilometroko ibilbidea egingo du Korrikak herrian barrena, 2438. kilometrotik 2447.era.
Aurreikusitakoaren arabera, 13:45ean helduko da lasterketa Tolosara, Artzabaltzatik barrena, eta bide hau egingo du: Iruñea hiribidea, Amarotz, Idoiaga-Beko bide, Euskal Herria kalea (Ibarra), San Frantzisko pasealekua, Enperadore kalea eta Belate pasealekua. Anoetarako bidea hartuko du handik.
Tolosako Udalak ere bat egin du Korrikarekin, eta 2445. kilometroa babestu du, Enperadore kaletik Belatera bitartekoa, hain zuzen. Udaleko langileek eta Aitzol Udal Euskaltegiko ikasleek eta irakasleek ere erosi dute kilometro bana, bi kasuetan, norbanako bakoitzak jarritako diruarekin.
Ekintza gehiago, euskararen aldeko festa handia ospatzeko
Korrika euskararen aldeko festa erraldoi eta garrantzitsua da bere horretan, baina jai giroa are gehiago hauspotzeko ekintza gehiago izango dira datorren larunbatean, Udalak, AEK-k, Galtzaundi Euskara Taldeak, herriko hiru ikastetxek (Samaniego, Laskorain eta Herrikide), Udaberri Dantza Taldeak eta Katxiporreta pailazo-taldeak elkarlanean antolatuta. Larunbata izanik, gainera, Azoka ere izango da, eta, hortaz, giro paregabea izango da.
11:30 | Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia | Leidor
12:00 | Tolosa Kantari | Maria Luisa Agirre Doktorearen plazatik abiatuta
12:45 | Kalejira trikitilariekin | Leidorretik Alde Zaharrera
13:15 | Herrikideko txaranga | San Frantziskotik Iurre ingurura
13:30 | Laskoraingo txaranga | Dama Berdetik Zabalarreta ingurura
13:30 | Kantaldi jendetsua | Plaza Berria
13:45 | KORRIKA
16:45 | Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia | Leidor
19:00 | Poteo musikatua, Udaberriko fanfarrearekin | Zerkausitik abiatuta
21:00 | Afaria Udaberrik antolatuta | Zerkausia
Ondoren, erromeria Laket taldearekin | Zerkausia
Tolosako Udalak herritar oro animatzen du modu batera ala bestera euskararen aldeko ekimen erraldoi honetan parte hartzera, eta beste behin ere Tolosako kaleetan euskararen alde egitera.
Korrika txikia: Tolosako ikasleak ere euskararen alde
Korrika igaro bezperan, berriz, Korrika Txikia egingo da. Kasu honetan, Lehen Hezkuntzako hiru ikastetxeetako (Samaniego, Laskorain eta Herrikide) gaztetxoak izango dira protagonista, eta guztiek egingo dute korrikaldia euskararen alde.
10:30ean abiatuko da ikasleen lasterketa Triangulotik, eta, aurreko urteetan ez bezala, aurten lasterketa bateratua egingo dute hiru ikastetxeek. Ikasle asko elkartuko direnez, lasterketa mailaka banatuta egingo da; bakoitzari dagokion zatia egiten dutenean, irten egingo dira ikasle horiek. Ibilbide hau egingo du Korrika Txikiak:
- LH 1. maila: Triangulotik Gorriti plazara, Enperadore kaletik.
- LH 2. maila: Gorriti plazatik Atadi kalera, Korreo kaletik.
- LH 3. maila: Atadi kaletik Plaza Berrira, Errementari kaletik.
- LH 4. maila: Plaza Berritik Atadi kalera, Aroztegieta kaletik.
- LH 5. maila: Atadi kaletik Foruen Etorbidera, Rondilla eta San Frantziskotik.
- LH 6. maila: Foruen Etorbideko bidegurutzetik Zubi Berrira.
Larunbat honetan, opera
Larunbat honetan hasiko da festa girotzen. Izan ere, bihar Badon opera garaikidea eskainiko da Korrika Kulturalaren eskutik. Leidorren izango da emanaldia, arratsaldeko 19:00etan. Hausnarketa-ikerketa-sorkuntza prozesu kolektibo eta kolektibizatu baten emaitza da, sinergiak eta diziplina arteko zubiak eraikiko dituena.