Bazterkeria, mendetasun edota babesgabetasun arrisku-egoeran dauden adingabeak eta familiak babesteko zerbitzu integral berritua martxan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/10/07 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Arlo sozioedukatibo eta psikosoziala ardatz duen zerbitzua osatu du Udalak, aurrerantzean, gizarte zein hezkuntza arloko esku-hartzeak zerbitzu baten pean kokatzeko eta modu horretara, zerbitzu integral, osatuago eta eraginkorragoa eskaintzeko.
  • Berritu eta hobetutako zerbitzu honek barne hartzen ditu orain artean babesgabetasun egoeran dauden adingabe zein familiei zuzendutako esku-hartze programa eta bazterkeria edo arrisku egoeran dauden pertsonei zuzendutako laguntza-programa, baita arrisku egoeran dauden adingabeentzako ingurune Irekiko esku-hartze zerbitzua ere.

 

Tolosako Udalak Gizarte Zerbitzuen mapan jasotako prestazioak osatu eta hobetze aldera, hainbat zerbitzu berri martxan jarri eta beste hainbat indartu ditu azken urteotan, tolosarren gizarte babesa bermatu eta beren beharrei modurik egokienean erantzuteko.

Oraingoan arlo sozioedukatiboan eta psikosozialean esku-hartzeko zerbitzuan jarri du arreta Udalak, hori osatu eta indartzeko zerbitzu berritua esleituz eta martxan jarriz.

Zerbitzu integralagoa eta eraginkorragoa eskaintzea helburu

Orain artean Udalak babesgabetasun egoeran dauden adingabe zein familiei zuzendutako esku-hartze programa eta bazterkeria edo arrisku egoeran dauden pertsonei zuzendutako laguntza-programa  eskaini ditu. Horrekin batera, arrisku egoeran dauden adingabeentzako ingurune Irekiko esku-hartze zerbitzua ere eskaini du, biak, modu berezituan kontratatutako zerbitzu bidez.

Orain, baina, zerbitzu horiek bateratu eta egokitu egin dira, egungo araudi berrira egokituta, esku-hartze zerbitzu integralago eta eraginkorragoa eskaintzeko. Zerbitzu berri hau Nura Gizarte Elkarteari esleitu zaio 833.217€ko aurrekontuarekin (BEZ kanpo). Kontratuaren iraupena 2 urtekoa da, 3 urtez gehiago luzatzeko aukerarekin.

Olatz Peon alkatea: “zerbitzu hau ez da aurretik zeuden biak elkarrekin eskaintzeko prozedura bezala ulertu behar, zerbitzu berri bat bezala ulertu behar da: landuagoagoa dagoelako, integralagoa delako, osatuagoa eta Tolosako herriak behar duenari egokitua. Zerbitzu hau estrategikoa da gizarte zerbitzuen alorrean, baita gure agenda politikoan ere, prebentzioan, adingabeen babesean eta bazterkeria egoeran dauden pertsonen babesean  jartzen duelako indarra, etorkizuneko gizartearen eta belaunaldi berrien ongizatearen bila. Eta ongizate hori da, hain zuzen, Udal honek nahi duena, zerbitzua berritu eta osatzeko arrazoi nagusia”.

Zerbitzua dagoeneko martxan, profesionalez osatutako lan taldearen babespean

Arlo sozioedukatibo psikosozialeko esku-hartze zerbitzua Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailaren ikuskapen eta gidaritzapean landutako zerbitzua da eta horren bitartez, harreman prestazio indibidualak, familiakoak edo taldekoak ematen dira, arlo soziedukatibo edota psikosozialean laguntzeko.

Zerbitzu honen onuradun dira, hain zuzen bazterkeria edota mendetasun arriskuan edota egoeran dauden pertsonak eta babesgabetasun arrisku egoera arinean dauden adingabeak zein horien familiak. Zerbitzua familiaren bizilekuan zein herriko espazio desberdinetan eskaintzen da.

Gauzak horrela, esku-hartze sozioedukatibo-psikosozialaren helburua da artatutako pertsonek gaitasunak eskuratu eta garatzea, egunerokotasunean autonomiaz moldatzeko, gizarteratzeko eta familia zein komunitate inguruneko bizikidetza egokia bultzatzeko. Horrekin batera, ohitura, portaera edota jarrera desegokiak baztertu eta beste egoki batzuekin ordezkatzea bilatzen da zerbitzu honen bitartez.

Horretarako, informazioa, esku-hartze sozioedukatiboa eta psikosoziala, jarraipen balioespena, lagun-egite soziala eta bitartekaritza-bitartekotza eskaintzen dira.

Zerbitzu honek profesionalez osaturiko lan talde baten babesa du: zuzendaria, esku-hartzeko Programen eta Planen koordinatzaileak, terapeuta eta 6 hezitzaile dira, hain zuzen, zerbitzua integralagoa eta eraginkorragoa izan dadin lanean dagoen giza-taldea, erabiltzaileei beren beharrei egokitutako kalitatezko zerbitzua eskainiz.

Jarduketa protokoloa

Esku-hartzea Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzuetan hasten da beti. Bertako langileak egoeraren aurre azterketa egiten dute eta babesgabetasun, bazterkeria edota mendekotasun egoerarik atzemango balute, esku-hartze zerbitzura bideratzen dute kasua.

Horrela, esku-hartze zerbitzuaren bitartez babesgabezia egoeren adierazleak ikertu eta baloratzen dira, egoera horien larritasuna zehazteko. Horren arabera, prebentziorako esku-hartze planak zehaztu eta garatzen dira.

Gainera, zerbitzu honek komunitateko eragileekin elkarlana eta prestakuntza sustatzeko lan-lerroa ere jasotzen du, hain zuzen, komunitatearen inplikazio eta laguntzarekin ahalbidetu daiteke eta, zaurgarritasun eta babesgabezia horien atzemate eta esku-hartze goiztiarra.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA