Tolosa kerik gabeko herria izateko lanean jarraitzen du Udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/05/31 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Tabakorik gabeko mundu mailako eguna da gaur, eta egoerak baldintzatuta bada ere, tabakoaren aurkako lanketa egin dute aurten ere herriko ikastetxeekin “Tolosaldea kerik eta zigarrokinik gabe” proiektuaren bultzatzaileek.

  • Adikzioen Prebentziorako II Tokiko Planean jasotako datuen arabera, tabakoa da gehien kontsumitzen den sustantzietako bat, bai helduen eta bai gazteen kasuan.

 

Tabakorik gabeko mundu mailako egunaren harira, Tolosa kerik gabeko herria izateko lanean jarraitzen du Udalak. “Tolosaldea kerik eta zigarrokinik gabe” proiektua nerabeen prebentzio komunitario mahaian parte hartzen duten hainbat erakunderen elkarlanetik sortu zen orain zazpi urte: Tolosako Udala, Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkartea, Tolosaldeako ESI, eta Tolosaldea-Goierriko Osasun Saileko kideen elkarlanetik, zehazki. Egungo egoerak behartuta beste urtetan egin izan diren hainbat ekintza ezin izan dira aurten garatu, baina herriko ikastetxeetan egiten den lanketa berezia gauzatu ahal izan da.

Udalak osatu duen Adikzioen Prebentziorako II Tokiko Planean jasotako datuen arabera, tabakoa da gehien kontsumitzen den sustantzietako bat, helduen zein gazteen artean. Hala, planean jasotako eskuhartzeei jarraituz, herriko ikastetxeetako DBH-ko 3. eta 4. mailako ikasleek tabakoaren arriskuen inguruko lanketa egin dute, profesionalen ahotik jasotako hitzaldien bidez.

Prebentzio planerako landutako estatistiken arabera, batez beste 13 eta 14 urte bitartean hasten dira gazteak tabakoa kontsumitzen. Tabakoaz gain, marihuanaren kontsumoa ere ugaritu egin da azken urteetan. Zehazki, alkoholaren ondoren, tabakoa eta marihuana dira gehien kontsumitzen diren sustantziak.

Gaur egun kontuan hartu beharreko beste datu bat, batez ere adin txikikoen artean, zigarro elektronikoen kontsumoaren gorakada da. Fenomeno honek adin txikikoetan izan du eraginik gehien: nobedadea izatea eta horren txarrak ez direla bezalako baieztapenak dira kontsumitzeko arrazoi nagusiak. 2016tik ia hirukoiztu egin da zigarro elektronikoen kontsumoa, eta gaur egungo erretzaileen %70ak dio aurrez zigarro elektronikoa kontsumitu duela.

Joera horiek denak kontuan hartuta, eta azken urteetan egin duen moduan, Tolosa kerik gabeko herria izan dadin lanean jarraituko du Udalak eta nerabeen prebentzio komunitario mahaian parte hartzen duten aipatutako erakundeek. Herritar gazte zein helduen osasunaren alde lan egiten jarraitzeko ekintza zehatzak gauzatzen jarraituko dute.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA