- Azterketan 466 herritarrek parte hartu dute, eta ongizate emozionalean eragiten duten faktore sozial, material eta komunitario nagusiak identifikatu dituzte.
- Diagnostikoak hainbat gako eman ditu etorkizuneko politika publikoak eta ekintza komunitarioak diseinatzeko eta garatzeko.

Tolosarren ongizate emozionalaren inguruan egindako galdetegiaren emaitzen berri eman du Tolosako Udalak. Herritarren bizipen, pertzepzio eta esperientzietatik abiatuta, udalerriko ongizate emozionalaren egoera nolakoa den jakiteko aukera eman du azterketak, eta hainbat gako eman ditu etorkizuneko politika publikoak eta ekintza komunitarioak diseinatzeko.
Galdetegia 2026ko apiriletik ekainera egon zen eskura, eta 14 urtetik gorako 466 herritarrek erantzun zuten. Tolosako herritarren ongizate emozionalari buruzko joera orokorrak ezagutzeko balio du azterketak; halaber, emaitzak errolda-datuekin erkatu direnez, adinaren, generoaren, jatorriaren eta bizilekuaren arabera ere irakur daitezke.
Batez bestekoa: 7,09 puntu
Abiapuntutzat hartu da ongizate emozionalak hainbat dimentsio dituela, eta tartean daudela pertsona bakoitzaren ezaugarriak, harreman sozialak, bizi-baldintzak eta komunitateak eskaintzen dituen aukerak. Horregatik, ongizate emozionala ezin da aztertu ikuspegi indibidualetik: pertsonaren eta haren ingurune sozialaren arteko harremanean kokatu behar da. Hortaz, bost eremu nagusi aztertu dira: norbere onarpena, harremanak eta bakardadea, zaintza-ardurak, sare sozialak, eta baliabideak eta aukera-berdintasuna. Era berean, jaso da herritarrek zer estrategia erabiltzen dituzten ongizatea zaintzeko.
Diagnostikoaren arabera, ongizate emozionalaren batez besteko balorazioa 7,09 puntukoa da 10etik. Hala ere, batez besteko horren atzean aldeak daude, eta ongizate apalagoa ageri da osasun-arazoekin, lan-egoera zaurgarriekin, zaintza-ardurekin, bakardadearekin eta baliabideetara iristeko oztopoekin batera.
Harremanak eta komunitatea: ongizatearen funtsezko osagaiak
Azterketak azaleratu du nolako garrantzia duten harreman sozialek eta pertenentzia-sentimenduak. Esate baterako, ikusi da bakardade ez-hautatuak ongizatea ahultzen duela. Horrekin lotuta, herritarren % 21ek adierazi dute azken hilabetean askotan edo oso sarritan sentitu direla bakarrik.
Kontuan hartu behar da, gainera, ongizatea zaintzeko estrategia nagusitzat jotzen dutela herritarrek lagunekin edo familiarekin egotea (% 74).
Genero-desberdintasunak zaintza-arduretan
Zaintza-ardurek ere eragin nabarmena dute ongizatean. Zaintzen dutenen artean, % 63k neke mentala sentitzen dute sarritan edo beti, eta % 52k adierazi dute sarritan edo beti egoten direla norberarentzat denborarik gabe. Funtsean, emaitzek erakusten dute zaintzaren banaketak, atseden-denborak eta babes-sareek nolako garrantzia duten ongizatean.
Parte-hartzaileen % 41ek zaintza-ardurak dituzte, eta emakumeen artean handiagoa da proportzioa; bereziki 30 eta 44 urte arteko emakumeek dute zaintza-lanen proportziorik handiena (% 68).
Nerabezaroa eta ingurune digitala
Autoestimua da ongizate emozionalarekin lotura estuena duen dimentsioetako bat. Herritarren % 56k argi identifikatzen ditu bere indarguneak; 14-17 urteko nesken artean, ordea, % 70ek zailtasunen bat adierazi du indarguneak identifikatzeko. Bestalde, % 47k besteen iritziaren eragin handia sentitzen du.
Sare sozialei dagokienez, diagnostikoak ez du ondorioztatu haien erabilerak berez ongizate emozional apalagoa eragiten duenik; aitzitik, eragina adinaren, erabilera-motaren eta bizi-etaparen arabera aldatzen dela jaso da.
Baliabideen ezagutza eta erabilera
Diagnostikoak erakutsi du Tolosak ongizatearekin lotutako baliabide ugari dituela, baina herritar guztiek ez dituztela berdin ezagutzen edo erabiltzen. Kultura- eta kirol-arloko baliabideen ezagutza % 80koa eta % 78koa da, hurrenez hurren, baina etxebizitza-arloko baliabideena, berriz, % 27koa.
Baliabideetara iristeko oztopoen artean nabarmenak dira informazio-falta (% 40) eta ordutegiak (% 32), baita faktore ekonomikoak, hizkuntza eta irisgarritasuna ere.
Auzoa, ongizatearen espazio
Diagnostikoak Tolosako kapital komunitarioa identifikatu du ongizaterako aktibo garrantzitsu gisa, eta erronka nagusien artean nabarmendu du sare horiek konektatzea eta sendotzea, herritar guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten. Era berean, nabarmendu du udalerriko auzoen errealitateak kontuan hartu behar direla, politika orokorrak gertutasunarekin egokituta.
Tolosako Udalarentzat abiapuntua izango da diagnostiko hau, ongizate emozionala ikuspegi komunitario eta integratutik lantzeko. Alegia, jada sareak eta ekimenak daudenean, horiek sustatzea errazteko, eta sareak ahulak direnean, baldintzak eta azpiegiturak eraikitzeko. Emaitzek erakutsi dute ongizatea ez dela norbanakoaren ardura soilik, eta bizi-baldintzek, harremanek, zaintza-ardurek, komunitateak eta baliabideetarako sarbideak ere eragina dutela.
Elhuyarrek gauzatutako azterketa hemen.