Udako hilabeteetan haur sahararrak hartzeko harrera-familiak lortzeko deia egin dute

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/02/27 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna

  • 'Oporrak Bakean: 130' programaren baitan, gutxieneko 15 harrera-familia lortzearen helburua ezarri dute eskualdeko udalek eta Tolosaldea Sahararekin elkarteak; une honetan 5ek eman dute izena. Udalen eta elkartearen bitartez eskura daiteke informazio gehiago.

  • Eskualdeko azken bilketa-kanpainan jasotakoa Saharara bidean da jada: janaria, osasun-tresnak, jantziak, eskola materiala edota jostailuak, beste hainbaten artean.

 

Tolosaldeko Udaletxeetako ordezkariek eta Tolosaldea Sahararekin elkarteak bat egin dute, beste behin, Oporrak Bakean 2018ko programa Tolosaldea mailan martxan jartzeko. Aurten, 'Oporrak Bakean: 130' lelopean. Euskadin 130 harrera familia lortzea da helburua. Agerraldia burutu dute elkarteak eta Tolosako, Anoetako, Ibarrako eta Villabonako udal ordezkariek Larramendiko Tolosaldea Sahararekin elkartearen lokalaren atarian.

10 eta 12 urte bitarteko haur sahararrak bidaiatuko dute Tolosaldera, ekainetik abuztura bitartean. Facebooken, Oporrak Bakean kontuan, martxan den kanpainan jaurti diren esaldietako batean argi adierazten da: “365 egun elkartasunean, 60 elkarrekin”. Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak agerraldian adierazi zuen eran, oinarrizko beharrei aurre egiteko kanpo laguntza “behar-beharrezkoa” dute.

Saharar errefuxiatu kanpamentuetan jaio eta haztera behartuak izan diren haurrak dira, orain dela 42 urte euren lurraldetik, Mendebaldeko Saharatik, bota baitzituzten. Hain zuzen ere, Tolosan, otsaileko Osoko Bilkuran, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarri egin zeneko 42. urteurrenean, jasaten duten egoera gaitzetsi eta beren eskubideak errespetatzea eskatzen duen mozioa izan du hizpide udalbatzak.

2000tik hona, 18 urte hauetan ehundaka haur eta ehundaka harrera familien parte hartzea izan da Tolosaldean. Bataz beste, gure eskualdean 15 bat harrera familiak ematen dute izena programan, eta zifra hori mantendu nahi da aurten ere. Tolosako alkateak xehetu duenez, une honetan 5 harrera familia daude, “hortaz oraindik laguntza behar dugu. Tolosaldeako udaletxeetako ordezkariok eta Tolosaldea Sahararekin elkarteak dei egiten dugu, gutxieneko 15 harrera-familia lortzearen helburua betetzen lagundu diezaguten herritarrek”.

Familia bakoitzaren egoerara eta aukeretara egokitzen da programa, malgutasunez eta udaletxeek haurren bidaiako gastuei aurre egiten diete.

Informazio gehiago eskuratzeko:

  • Udaletako gizarte zerbitzuetara jo daiteke.
  • Baita Tolosaldea Sahararekin elkartearen bitartez ere.

 

Janari eta material bilketa, eskualdean

Tolosaldea Sahararekin elkarteak gauzatu duen azken bilketa-kanpainan jasotakoa Saharara bidean da jada: janaria, osasun-tresnak, jantziak, eskola materiala edota jostailuak, beste hainbaten artean. Eskualdeko herritar, udaletxe eta enpresa ugarik babestu dute ekimena eta elkarteak eskerrak eman dizkie. Aldi berean, Olatz Peon Ormazabalek, eskualdeko udalen izenean, elkarteak burututako lana goraipatu eta eskertu du "kanpaina solidarioa martxan jartzeagatik".

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA