Udalak San Frantzisko eliza eta komentua eskuratu ditu, ondarea babesteko eta herritarren zerbitzura jartzeko

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/11/27 | Idazkaritza
  • Azaroaren 26ko osoko bilkurak aho batez onartu du bi eraikinak zuzeneko erosketaren bidez eskuratzea, 1,2 euroren truke, frantziskotarrekin lortutako akordioari esker.
  • Udalak bermatu egin nahi du ondare historiko, arkitektoniko eta artistikoa kontserbatzea, eta aukera berriak sortu nahi ditu herriko behar soziokulturalei erantzuteko. 

Tolosako Udalak urrats erabakigarria egingo du herriko ondare historikoa eta kulturala babesteko: San Frantzisko eliza eta komentua udal-ondarera gehituko ditu. Azaroaren 26ko osoko bilkuran adostu da bi eraikinak zuzeneko erosketaren bidez eskuratzea, Arantzazuko Frantziskotar Probintziarekin lortutako akordioaren ondorioz. Erosketaren zenbatekoa 1.184.663 eurokoa da. Zenbateko hori bat dator udal-arkitektoak egindako tasazio teknikoarekin.

Lortutako akordioak garrantzi estrategiko berezia du Tolosarentzat, modua jarri baitu herriaren historiarekin estu lotutako monumentu-multzo enblematiko bat Udalaren jabetzara igarotzeko, eta, hala, haren kontserbazioa eta etorkizuneko erabilera publikoa bermatzeko.

Erosketa egiteko espedientean jaso da eraikinak nolako balio historiko, artistiko eta kulturala duen, eta herrigunean non kokatuta dagoen. Funtsean, aukera aproposa da Tolosaren ekipamendu-beharrei erantzuteko. Elizak 1.235 metro koadroko azalera du, eta komentuak, 1.000 metro koadrokoa, lau solairutan banatuta. Donejakue Bideko monumentu-multzoaren barruan babes berezia duen kultura-ondasuna da. Frantziskotarren komunitateak Tolosako komentua ixtea erabaki izanak aukera zabaldu du eraikina eskuratzeko.

Tolosako Udalaren helburua da ondarearen kontserbazioa eta erabilera publikoa uztartzea, herriko kultur ekipamenduak indartuz eta oraingo zein etorkizuneko beharrei erantzunez. Asmoa da San Frantzisko eliza kultur jardueretarako espazio bihurtzea, diziplina anitzeko ekimenak hartzeko, betiere eraikinaren balio arkitektonikoa eta artistikoa errespetatuz, bereziki Ambrosio Bengoetxeak 1604an egindako erretaula errenazentista. Komentuari dagokionez, hainbat erabilera aztertzen ari da Udala, besteak beste, kultur ekipamendu berri bat sortzea edo zuzkidura-bizitokiak egokitzea. Erosketak aukera paregabea zabaltzen du Udalaren kultur zerbitzuek dituzten espazio-beharrei erantzuteko bidean.

Azkenik, Tolosako Udalak aitortza eta esker ona adierazi nahi dizkio frantziskotarren komunitateari, lau mendetik gorako ibilbidean Tolosako historiari, gizarteari, euskarari eta euskal kulturari egindako ekarpenagatik. Izan ere, San Frantzisko multzoa ez da ondare arkitektoniko eta artistiko baliotsua soilik, tolosar askoren bizipenen, oroitzapenen eta memoria kolektiboaren parte ere bada. Akordio honen bidez, Udalak iraganeko ondarea etorkizuneko aukerekin lotu nahi du, bi eraikin enblematiko horiek belaunaldi berriei transmititzeko eta Tolosako bizitza sozial eta kulturala indartzeko.

Tolosarentzat, mugarri

Tolosako alkateak, Andu Martinez de Rituertok, nabarmendu du San Frantzisko elizaren eta komentuaren erosketa mugarri historikoa izango dela Tolosarentzat: «Bi eraikin horiek eskuratzeaz harago, gure herriaren historiaren, nortasunaren eta memoria kolektiboaren parte den ondare baliotsua berreskuratzea eta etorkizuneko belaunaldientzat babestea baizik. Lortu dugun akordioak aukera paregabea eskaintzen digu herrigunean kokatutako bi eraikin enblematiko horiek herritarren beharren zerbitzura jartzeko, ondarearen kontserbazioa eta Tolosaren oraingo zein etorkizuneko beharrei erantzuteko aukera berriak uztartuz. Herri gisa, gure iraganarekiko erantzukizuna dugu, baina baita etorkizunari begira aukera berriak sortzeko konpromisoa ere. Horregatik, erosketa hau Tolosaren etorkizunerako inbertsio estrategikotzat jotzen dugu, herriko bizitza soziala eta kulturala indartzeko eta guztiona izango den ondareari beste erabilera bat emateko».

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA