Zaintzaileak eta horien ongizate fisiko zein emozionala erdigunean jarri dituen laguntza eta autozainketa programa burutu du Tolosako Udalak

Tolosako Udala
2022/12/29 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Zaintzaileak zainduz izenpean, programaren helburua izan da zaintza arloan lan egiten duten pertsonek beren burua zaintzeko denbora hartzea, horretarako espazio egoki eta lagunkoia eskainiz.
  • Horretarako, martxotik abendura bitartean, 2 orduko saioak eskaini dira hamabostean behin, zaintzaileen beharrak, esperientziak eta sentimenduak entzun eta partekatzeko, horien emozioei dagokien lekua emanez, zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzeko eta beraien ongizate fisiko zein emozionala bermatzeko

 

Zaintza lana zama fisiko zein emozional handiko lana da. Zaintzaz arduratzen diren pertsonek erabateko aldaketa jasaten dute beren bizitzan, gehienek beren egunerokotasuneko lan, jarduera edota ohiturak baztertu behar izaten dituztelako zaintza lanak egin ahal izateko.

Ondorioz, beren burua zaintzetik isolatzen dira eta horrela, ‘ezkutuko gaixoak´ bilakatzen dira, sarritan estresa, antsietatea edota suminkortasuna jasanez, besteak beste. Ildo horretan, gainera, beste hainbat arlotan bezala, Covid-19ak areagotu egin ditu zaintzaileek sentitzen dituzten isolamendu edota bakardade sentimenduak ere.

Hori guztia aintzat hartuta, Tolosako Udalak, zaintzaileen beharrei erreparatuz eta horiei erantzuna ematearen garrantziaz jabetuta, ‘Zaintzaileak zainduz’ programa jarri zuen abian martxoan, hain zuzen, mendekotasuna duten pertsonen zaintzaz arduratzen diren pertsonen ongizate fisiko zein emozionala hobetu eta bermatzeko. Programa hau, helburu hori duten gainerako ekimen eta zerbitzuen osagarria da (Sendian, Buru Bihotzetz, Afargi…) eta helburu izan du aurrez aipatutako gaixotasun zein egoerei aurre egin edota horiek saihesteko herritarrei aukera berri bat eskaintzea.

Zaintzaileen ongizatea ardatz duen laguntza eta autozainketa programa

‘Zaintzaileak zainduz’ programa martxotik abendura bitartean garatu da eta helburu nagusia izan da zaintzaileek beren burua zaintzeko denbora hartzea eta horretarako espazio lagunkoia eskaintzea.

Horrela, programa honen bitartez, estres edota antsietate egoerei aurre egiteko teknikak barneratzeko eta beren sentimendu edota bizipenak partekatzeko espazioa eskaini zaie zaintzaileei, elkartasun eta elkargunerako espazioa bat, alegia. Hamabostean behin, 11 lagunez osatutako taldea 2 orduz elkartu da, bakoitzaren kezka, bizipen edota esperientziak partekatzeko, egoera berean dauden pertsonen elkar-ezagutza eta laguntza sustatuz. Horrez gain, zaintzaileei beren burua ezagutzeko eta emozioak behar bezala hautemateko baliabideak eskaini zaizkie norberaren autozainketa hori bultzatu eta bermatzeko.

2023an ere, zaintza Udalaren lar-ardatza

“Zaintzaileak zainduz” programa amaitu den arren, Tolosako Udalak, gaur egun zaintzak duen garrantzia aintzat hartuta eta, zaintzaileen lana balioan jarri eta babesteko, zaintza arloari arreta berezia eskainiko dio 2023an ere, are gehiago, kontuan izanik, amaitu berri den Tolosako Herritarren Batzarrak ere, ongizatea eta osasun emozionala izan duela hizpide.

Hori horrela, urtarriletik aurrera zaintza arloarekin loturiko ekimenei jarraipena emateko kopromisoa azaldu du Udalak, arlo horretan laguntza eta erraztasunak eskaintzeko eta, bereziki, zaintzaileen bidelagun izateko.