Europako Sari Nagusia izango da Tolosako Abesbatza Lehiaketaren atariko hitzordua

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/10/16 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • 56. Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa urriaren 30etik azaroaren 2ra ospatuko da, eta 14 abesbatzak hartuko dute parte.
  • Europako Sari Nagusia Leidorren izango da aurten, hilaren 26an, eta gainerako sariketetan irabazle izan diren bost abesbatza arituko dira lehian. 

 

Gaur eguerdian aurkeztu da Tolosako Ekinbide Etxeak antolatutako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketaren 56. edizioa. Bada, aurten, osagai berezi bat izango du, Europako Sari Nagusia ere Tolosan ospatuko baita, lehiaketaren aurreko asteburuan.

Astebeteko epean, bi sariketen bueltan ia 700 pertsona hartuko ditu Tolosak, parte hartzaile, epaimahaikide eta boluntarioen artean. Munduko txoko ezberdinetako 19 abesbatzak parte hartuko dute.

35. Europako Sari Nagusia: urriak 26

Tolosako txapeldunaz gain, Europako beste bost txapelketa esanguratsuenetako —Arezzo (Italia), Maribor (Eslovenia), Jurmala (Letonia), Debrecen (Hungaria) eta Varna (Bulgaria)— irabazleak batuko ditu hitzordu honek, urriaren 26an, Leidor Aretoan (17:00). 

Bost abesbatza arituko dira ‘lehiaketen lehiaketa’ honetan: ‘Sôla’ of the Latvian Academy of Culture (Letonia), Imusicapella (Filipinak), Youth Choir Kamêr (Letonia), Los Cantantes de Manila (Filipinak) eta The Resonanz Children’s Choir (Indonesia). Txapeldunak, 3.000 euroko saria irabazteaz gain, Hong Kongeko Nazioarteko Abesbatza Jaialdi ospetsuan parte hartzeko gonbidapena eskuratuko du.

Bezperan, urriaren 25ean, Leidor Aretoak beste hitzordu berezi bat hartuko du 18:30ean. ‘Cantania-50 milioi segundo’ haur-kantata eskainiko da, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak antolatuta, Euskal Herriko Abesbatzen Elkartearen eskutik. 100 haur baino gehiagok parte hartuko dute, Azpeitiako, Arrasateko, Donostiako, Legazpiko, Ordiziako, Zegamako eta Usurbilgo haurren abesbatzetakoak. Bederatzi musikarik eta bi aktorek ere parte hartuko dute.

14 abesbatza Tolosako lehiaketan

56. Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa urriaren 30ean abiatuko da. Lau egunetan, sei hitzordu izango dira, lehiaketaren barruan. Guztiak, azaroaren 1eko goizeko emanaldia izan ezik, Leidor Aretoan izango dira.

  • Urriak 30, osteguna. 19:00. Polifonia eta folklore modalitateetako ganbera abesbatzak.
  • Urriak 31, ostirala. 16:00. Polifonia eta folklore modalitateetako ganbera abesbatzak.
  • Urriak 31, ostirala. 19:00. Polifonia eta folklore modalitateetako ganbera abesbatzak.
  • Azaroak 1, larunbata. 11:00 (Jesuitinen elizan). Musika erlijiosoko ahots taldeak.
  • Azaroak 1, larunbata. 16:00 (Leidor). Musika Profanoko ahots taldeak.
  • Azaroak 2, igandea. 11:00. Lehiaketaren amaierako saioa eta sari-banaketa.

10 herrialdetako bederatzi ganbera abesbatza —17 eta 40 kide artekoak, polifonia eta folklore modalitateetan abesten dutenak— eta bost ahots-talde —4 eta 16 kide artekoak, musika erlijioso eta profanoa jorratzen dutenak— izango dira Tolosan. Indonesia, Austria, Venezuela, Estonia, Alemania, Ukraina, Estatu Batuak, Suedia edo Japoniako taldeak ikusteko aukera izango da, besteak beste.

Finalaren ondoren, azaroaren 2an, abesbatza guztien arteko bazkaria izango da Zerkausian, eta lehiaketaren bueltako ekitaldiei amaiera emateko, Skovoroda (Ukraina – Polonia) abesbatzak kontzertua eskainiko du San Frantzisko elizan, 19:00etan.

Emanaldi guztietarako sarrerak jada salgai daude. Informazio gehiagorako, berriz, lehiaketako gida hemen kontsultatu daiteke.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA