Hainbat urbanizazio konponketa egingo ditu Udalak San Esteban auzoan ekainaren bigarren hamabostaldian

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/06/04 | Hirigintza
  • Guztira 48.253 euroko inbertsioa burutuko da auzoan: espaloiak konpondu, zoladura berritu, argiztapena eraberritu, alkorkeak pabimentu drenantez bete eta hiri altzariak berrituko dira.
  • Olatz Peon Ormazabal, alkatea: “San Esteban auzoko espazio publikoa berregokitzea dugu helburu, tolosarren beharrei erantzungo dien etxebizitza berriak eraikiz, auzo atseginagoa eskainiz, oinezkoentzako egokitua edota kulturalki bizia, beharrezko azpiegiturekin. Horretarako, martxoan San Esteban eremuari eragiten dion Plan Orokorraren aldaketari ekin genion. Bitartean, mantenimendu lanak egitea beharrezkoa da”.

Tolosako Udalak ekainaren bigarren hamabostaldian hainbat urbanizazio konponketa burutuko ditu San Esteban auzoan. Olatz Peon Ormazabal alkateak adierazi duenez, Udalak San Esteban auzoko espazio publikoa berregokitzea du helburu: “tolosarren beharrei erantzungo dien etxebizitza berriak eraikiz, auzo atseginagoa eskainiz, oinezkoentzako egokitua edota kulturalki bizia, beharrezko azpiegiturekin”. Horretarako, martxoan San Esteban eremuari eragiten dion Plan Orokorraren aldaketaren prozedurari ekin zion, auzoaren garapena egungo garaietara egokitu eta etorkizun hurbilean egikaritu ahal izateko.

Bitarte horretan, alkateak adierazi eran, auzoaren hirigintza egoerak mantenimendu lanak egitea eskatzen du. Jada 2017an burutu ziren hainbat lan: Zuberoa etxe-taldearen inguruan asfaltatze lan batzuk egin ziren eta euri-uren hustutze sistema hobetu zen. Orain, ekainaren bigarren hamabostaldian, zoladura, espaloi, alkorke, argiztapena eta hiri-altzarien egoera hobetzeko hainbat esku-hartze gauzatuko dira:

  • Espaloien konponketa: Kale Nagusian guztira 138 metro karratu espaloi eraberritu eta txukunduko dira, egungo ezaugarri berberak mantenduz.

  • Zoladura berritzea. Hainbat eremu asfaltatuko dira: anbulategiko parking-aren sarrera, auto kontzesionarioaren sarbidea eta Zuberoa etxe-multzoaren sarrera.

  • Argiztapena berrituko da kontzesionarioaren parean eta bertan dagoen elektrizitate postea eraitsi ere.

  • Kale Nagusiko espaloietako alkorkeak pabimentu drenantez beteko dira.

  • Hiri altzariak berritu: guztira 14 banku ordezkatuko dira, parkean egurrezko baranda konpondu, jardinerak ezarri hormigoizko barrerak ordezkatuz, mahai berri bat jarri, zabor ontzi berriak jarri eta Ferialekuko aparkalekuaren sare metalikoa berritu.

Guztira 48.253 euroko inbertsioa burutuko du Tolosako Udalak San Esteban auzoan. Lanak ekainaren bigarren hamabostaldian hastea dago aurreikusia eta hilabeteko epean burutuko dira.

San Esteban auzoaren eraberritzea egungo errealitatera egokitzen Plan Orokorrean

San Esteban auzoari dagokionez, planteamendu ezberdinak egin dira azken urteetan, egoera sozioekonomikoak eta herritarren beharrak aldatuz joan direlako denboran. Orain, San Esteban eremua egungo errealitatera egokitu nahi da Plan Orokorraren barruan, eta horretarako azterketa abiarazi du Udalak.

Helburu da orain artekoa baino azterketa sakonagoa eta zehatzagoa burutzea. Auzoaren garapena faseka egitea ezinbestekoa da, bideragarritasun ekonomikoa bermatze aldera. Barne hartuko ditu, ara berean, jasangarritasuna, mugikortasuna eta genero ikuspegia. Udalak espazio publikoa berregokitu nahi du, eremuaren eta herrigunearen konexioa hobetuz eta auzo atseginagoa eskainiz, trafikoarentzako eremua gutxitu eta oinezkoen erosotasuna eta segurtasuna bermatuz. Aldi berean, garraio zerbitzu publikoak hobetu eta aparkalekuak berrantolatuko dira. Alor kulturala ere mantendu eta sustatzea da helburua, Bonbereneak bere jarduerak aurrera eramateko beharreko eremua aurreikusiz, Feriala handiagotu eta hobetzeko bideak aztertuz, edota kultur- eta kirol-jarduera gehiago gauzatzeko aukera berriak sortuz. Etxebizitzei dagokienez, beharrezko etxebizitza kopurua zehaztuko da, babes ofizialekoen eta alokairu sozialera bideratutakoen kopurua ere aurreikusiz, proiektuaren bideragarria izan dadin.

Idazketa hiru fasetan gauzatzea aurreikusi du Udalak: lehenengoan, egoeraren diagnosia eta herritarren parte hartze prozesuaren diseinua egingo dira, lehen saioa ere burutuz; bigarrenean, hasierako dokumentua idatziko da, antolamendu aukera ezberdinak jasoz, eta herritarrekin bigarren parte-hartze saioa ere egingo da; hirugarren fasean, azkenik, jendaurrean egongo den epean aurkeztutako iradokizunei erantzuteko txosten tekniko-juridikoak idatziko dira. Prozesu osoak 17 hilabete irautea aurreikusi da.

Azterketatik eratorritako proposamen ezberdinak auzotar, herritar eta bertako eragileekin partekatuko dira, eta behin ekarpenak jasota, Plan Orokorraren aldaketa izapidetuko da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA