- Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Planaren harira, mendi ibilbideen egokitzapena zehaztu zen.
- Herriko puntu estrategikoetan, ikusgarritasun handia duten kokapen eta orientaziorako seinaleak ezarri dira.
Tolosako bi mendi ibilbideren seinalizazioa berritu da azken hilabeteetan: bata, PR-GI 114 ibilbidea, eta bestea, Santa Lutzia auzotik Uzturrera doan bidea.
PR-GI 114 ibilbidea Urkizu eta Monteskue auzoak lotzen dituen ibilbide zirkularra da. Autorik hartu gabe eta Tolosa erdigunetik hasi ahal izateko, GR-285 ibilbidea erabili da herriarekin lotura egiteko. Beraz, Soldadu kaletik gora abiatzen den ibilbideak 12,6 kilometro ditu, zati handi bat basoaren itzalean du, eta Lizardiren oroitarritik eta Lizarbakar errekatik igarotzen da.
Uzturre mendira igotzeko bideak Santa Lutzia auzoan du abiapuntua. 4 kilometroko ibilbidean, 6 informazio-panel daude bertako bitxikerien berri emateko: antzinako ur-putzuak, San Inazio sendategiaren aztarnak, bertako biodibertsitatea eta telegrafo zaharraren azken arrastoak. Oria ibaiak sortutako bailara parez pare ikusten den begiratokia ere badu ibilbideak, eta aurrez aurre ditu Txindoki eta Hernio mendiak.
Ibilbideak berriak ez diren arren, eta bertan maiz ibiltzen direnentzat puntu nahasgarririk ez badute ere, bisitari berriak erakartzeko modu egokia izan da. Ibilbideetan, informazio-panelez gain, zutoin bertikalak jarri dira bidegurutzeetan, eta margo-markak indartu dira zalantza-guneetan.
Tolosaldea Garatzen eta Tolosako Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten Tolosaldeko Turismo Jasangarritasuneko Planeko jarduerak Tolosa egiteko. Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 1.980.400 euro eman dizkio Tolosaldea Garatzen erakundeari, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Mekanismoa izeneko aurrekontu-programaren kontura. Europar Batasuneko Next Generation funtsak dira finantzatzaileak.
Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Planeko 2. ardatzeko (Efizientzia energetikoaren hobekuntza) lehen ekintza “Tolosaldea oinez eta bizikletan” ekintza izan zen. Bertan, besteak beste, mendi ibilbideen sorrera eta egokitzapena egiteko jarduera zehaztu zen. Horretarako aurrekontua 27.166,37 €koa izan da.
Herrigunean, seinale berriak
Turismoari begira ere berritu eta osatu da seinalizazioa. Herriko puntu estrategikoetan Tolosaren irudi berriarekin bat datozen ikusgarritasun handiko seinaleak jarri dira kokatzeko eta orientatzeko. Hala bada, Felipe Gorriti plazan, Zerkausian, Trianguloa plazan, Beotibar pilotalekuan, San Frantzisko pasealekuan, zezen-plazan, Euskaldunberria zubian eta Zumarditxikian kokapen-lama berriak ezarri dira, eta baita norabide-lama berriak ere, herriko puntu esanguratsuenetara (erdigunea, Alde Zaharra, Zerkausia, Berdura plaza eta Euskal Herria plaza), ondare historikoko eraikinetara (udaletxea, Andre Maria eta San Frantzisko elizak, Aranburu Jauregia, zezen-plaza eta Gaztelako Atea), kultur guneetara (Topic museoa eta Leidor aretoa) eta kirol-guneetara (Beotibar pilotalekua, Berazubi estadioa eta Usabal kiroldegia) nondik joan behar den adierazteko. Lehengoen aldean, irudi garbia dute seinale berriek.
Era berean, seinaleztatu egin dira garraioarekin eta mugikortasunarekin lotutako puntu esanguratsuak (tren eta taxi geltokiak, Lapurdi, San Esteban eta Alondegia aparkalekuak), zerbitzu publikoak (turismo bulegoa, anbulatorioa eta liburutegia) eta natura eta aisialdi guneak (Zabalarreta, Zumardiaundia eta Elosegi parkeak).
Horiez gain, panel panoramiko berriak jarri dituzte herriko hainbat gunetan eta landa auzotan, Tolosa inguratzen duten mendien izenak zehaztuz; herriko sarreretan ongi-etorri seinale berriak jarri dira, planoak ere egokitu egin dira iruditeria berrira, eta, berrikuntza gisa, Tolosan dauden zuhaitz espezieak nabarmendu dira seinaleen bidez.
Hori guztia Tolosaldea Garatzen eta Tolosako Udalaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren bidez egin ahal izan da, Next Generation funtsei esker, Tolosaldeko Turismo Jasangarritasuneko Planaren jarduketen baitan. Ekimenak 71.116,63 €-ko aurrekontua izan du.
Bestalde, eta turismo-eskaintza osatzeko, herriko eraikinen sarreretan dauden ondare plakak berrituko ditu Tolosako Udalak. Gaur egun dauden plakak ordezkatu egingo dira sanjoanen ondoren. Hartara, herriko eraikin nabarmenenek, udaletxeak edo Lapaza etxeak, besteak beste, plaka berrituak izango dituzte, lau hizkuntzatan: euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa. Gainera, QR kodea izango du horietako bakoitzak, eraikinaren informazioa audiogida moduan eskuratzeko.