Uztailaren lehen astean hustuko da Zumarditxikia, eta Udalak martxan jarriko du aparkatzeko alternatiba berria

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/06/25 | Hirigintza
  • Martxan jarriko dira TAO sistema berria eta beste zenbait neurri, egunez bertakoentzako plaza gehiago izateko, eta gaueko aparkaleku faltari aurre egiteko. 
  • Uztailaren 1etik aurrera, Arrilaga eta Alondegi plazetako bonuak eskuratzeko aukera izango dute Alde Zaharreko herritarrek.

Ekainaren 10ean egin zen Alde Zaharreko bizilagunekin bilera, Udalak Zumarditxikia berreskuratzeari begira planteatutako alternatiba aukeztekoa. Ia 50 herritarrek hartu zuten parte, eta lehen eskutik jaso zituzten planaren xehetasun guztiak, Tolosako alkateak, Andu Martinez de Rituertok, eta Hirigintza zinegotziak, Ander Figueridok, gidatuta. Horrez gain, hurrengo egunean, ekainaren 11n, merkatarien txanda izan zen. Uztailaren lehen astean ekingo zaio Zumarditxikia husteari, eta uztailaren 1etik aurrera izango dute bizilagunek aurkeztutako alternatibez gozatzeko aukera. 

Hala, Udalak beste urrats bat egingo du Zumarditxikia berreskuratzeko prozesuan, eta herritarren gozamenerako eta oinezkoentzako espazio publikoa izatea lehenetsiko da. Erabaki hori Tolosako Mugikortasun Jasangarrirako Planari lotua dago, eta Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien adostasunez onartutako estrategiaren parte da. Horrez gain, auzotar askoren babesa izan du proiektuak, eta Udal gobernuak bi oinarri argi izan ditu: bata, inguruaren zumardi-itxura mantentzea, eta bestea, aparkatzeko alternatibaren plan erreala diseinatzea.

Helburua da berreskuratzea Oria ibaiaren ondoko gune honek, urte luzez, topagune, aisialdi-eremu eta herriko gune berde gisa izan zuen izaera, eta horrela, Tolosak beste babesleku klimatiko bat izango du aurrerantzean; guztiz beharrezkoa, pasa berri dugun muturreko beroaldia kontuan hartuta. Horretarako, gaur egun Zumarditxikian dauden aparkaleku-plazak kenduko dira, eta esku-hartze minimo baten bitartez, gunea egokitu egingo da, herritarrek aukera izan dezaten, bereziki udan eta oro har urte osoan, Tolosaren erdiguneko eremu hau aprobetxatzeko. Aldaketak zenbait arlotan ekarriko dituen ondorioak arintzeko, hainbat neurri eta alternatiba diseinatu dira, bereziki Alde Zaharreko bizilagunen beharrei erantzuteko.

Neurrien artean nabarmentzekoa da auzotarrentzako aparkaleku-eskaintza indartzea. Azken urteotan sortutako plaza berriez gain, Izaskungo igoeran, Soldadu kalean eta Rondilla kaleko eskuinaldean, guztira, 88 plaza jarriko dira bertakoentzat, 24 orduz. Epe motzean, Izaskungo aldapan beste 20 plaza gehitzea aurreikusten da; guztira, beraz, 108. Horiez gain, Rondilla kaleko trafikoaren antolaketa berrikusi da, autobus-lineen zirkulazioa eta zama-lanetarako guneak berrantolatuta, bertakoentzako erabilera lehenesteko. Era berean, Arrillaga plazako aparkalekuan, 62 plazaren emakida egin da Alde Zaharreko bizilagunentzat.

Bestalde, gaueko aparkaleku-beharrei erantzuteko neurri osagarriak ere aurkeztu dira. Zumarditxikiko plazak desagertzeak defizita ekar dezakeen arren bertakoentzako gaueko aparkalekuetan, egoera hori arintzeko hainbat neurri jarriko dira martxan: Belate auzoan, bertakoentzako gaueko aparkalekuak mantenduko dira; Alondegiko aparkalekuan, prezio eskuragarrian, gaueko 90 bonu eskainiko egingo dira (hilean 20 eta 30 euro arteko kostua); eta TAOren ordenantza berriak txartelen banaketa bidezkoagoa bermatuko du, garajea dutenek ezin izango baitute egoiliar-txartela eskuratu. 

Andu Martinez de Rituertok, Tolosako alkateak, udal-gobernuaren konpromisoa berretsi du: «2023-2027rako Agintaldi planean jasotakoaren bidetik, Zumarditxikia oinezkoentzat eta aisialdirako berreskuratzera goaz, bere izaerari eutsita eta interbentzio arina eginda. Eta hori guztia aparkalekuen alternatiba serio eta integral bat mahai gainean jarrita, auzotarren beharrak behar bezala identifikatuta eta aukerak emanez». Martinez de Rituertok lanean jarraitzeko borondatea adierazi du: «Hemendik aurrerako ere, beste aukera batzuk lantzen ari gara, bertakoentzako aparkaleku-aukera handitu eta kale bizigarriagoak izan ditzagun».

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA