«Usabal industria garapen berriaren» landa-izaera eta ordenantza fiskalak, urriko osoko bilkuran hizpide

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/10/31 | Idazkaritza
  • Ondasun Higiezinen Zerga izoztu egingo da; gainerakoetan, eta salbuespenak salbuespen, %2,7ko igoera orokorra emango da, aho batez horrela adostuta.
     

Usabal auzora daraman errepidearen eta SAM lantegiaren artean dagoen «23.1 Industria Garapen berria» azpiesparrua, landa-eremu izatera pasako da berriro, aho batez onartuta. 

Gaur egun hiri lurzoru moduan sailkatzen du HAPOak, industria erabilerarako zona gisa kalifikatuta. 2009an HAPOa onartu zenetik, ordea, Udalak ez du gauzatu bertan aurreikusita zegoen garapena. Hori dela eta, ordura arteko egoerara itzultzea proposatu da. Hau da, hiri lurzoru finkatu gabea izatetik, ez-hirigarria izatera pasako da, nekazaritza-, abeltzaintza- eta landazabaleko-landa zona kategoriakoa. Modu horretara, bertako bizilagunek eskakizunei erantzuna emango zaie.

 

Ordenantza fiskalak

Urriko osoko bilkuran, 2026ko ordenantza fiskalak eta prezio publikoak ere onartu ditu Udalak. Kasu gehienetan, %2,7ko igoera orokorra aplikatuko da tasa, zerga eta prezio publikoetan, Hego Euskal Herriko inflazioaren datuetan oinarrituta. 

Salbuespenetako bat Ondasun Higiezinen Zergarena da, izoztu egingo baita. 2026tik aurrera, gainera, familia ugariei bizikidetza unitatearen sarreren araberako hobaria emango zaie. Puntu hau udal gobernuaren aldeko botoekin eta oposizioaren aurkako botoekin onartu da. 

Udalbatza osoaren adostasunarekin onartu dira gainerako ordenantza fiskalen eguneraketak. Hori horrela, trakzio mekanikoko ibilgailuen zerga, lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga, zerbitzu publikoak eskaini eta jarduerak burutzeagatiko tasa, herri jabari publikoaren erabilera pribatiboari lotutakoak, eta zerbitzu eta jardueren prezio publikoak %2,7 igoko dira, aho batez onartuta. 

Eraikuntza, Instalazio eta obren gaineko Zergaren kasuan, berriz, hobariak izan dira hizpide. Gobernuaren aldeko botoekin onartu da %95eko hobaria ematea Alde Zaharreko, Euskal Herria plaza eta inguruko, eta Santa Klara eremuan egindako obren kasuan.

Taxien kasuan, %3,1eko igoera aplikatuko da, Tolosaldeko Taxiaren Jardunbide Bereziko Zonaldeko ordezkariek eta Agitax taxi elkarteak horrela proposatuta. Igoera oinarritzen da Agitaxek Gipuzkoako Lurralde Historikorako egin duen ustiapen kostuen ikerketan. 

 

Udal eraikin eta hiri altzarien garbiketa

Tolosako udal eraikinen eta hiri altzarien garbiketarako zerbitzu-kontratua beste urtebetez luzatzea onartu du udalbatzak, aho batez. 2021. Urtean sinatu zen kontrua, milioi bat euroko balioarekin, eta bi urteko iraupena zuen, urtez urte, hiru urtetan luzatzeko aukerarekin. Hau, beraz, azken luzapena litzateke. 

Kontratua bera luzatu ez ezik, azken urtean eraikitako eta publikora irekitako elementu berriak txertatzeko zerbitzu-kontratuaren aldaketa ere egin da. Belate eta Larramendi kalearen arteko pasabideetako igogailuen eta Beotibar frontoiko komun automatikoaren garbiketa txertatu da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA