2024ko ordenantza fiskalak onartu ditu udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/10/27 | Idazkaritza
  • Zergek eta tasek %2,5eko igoera orokorra izango dute, salbuespenak salbuespen. Belena patioko bizikleta aparkalekuaren tasa jaitsi egingo da.
  • Kreditu aldaketa hainbat ere onartu dira; besteak beste, 150.000€ bideratuko dira etxez etxeko zaintza zerbitzua indartzera.

 

Urriko osoko ohiko bilkuran egin ohi den moduan, datorren urterako zerga, tasa eta prezio publikoak izan dira eztabaidagai. Bada, KPIa eta inflazioa kontutan hartuta, ordenantza fiskalek %2,5eko igoera orokorra izatea onartu da.

Badira, ordea, salbuespenak. Jabari publikoaren erabileraren atalean, esaterako, Belena patioko bizkleta aparkalekuari dagokiona da nabarmenena, jaitsi egingo baita bizikleta bertan gordetzeagatik ordaintzen den urteko kuota.

“Orain arte garestiagoa izan da bizikleta gordetzea, auto baten bertakoen txartelaren eskuratzea baino. Mugikortasun jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginda, honek ez luke horrela izan behar. Horregatik, bertakoen txartelaren parera jaistea erabaki dugu, eta aurrerago ere aztertuko dugu bestelako trataerarik beharko ote lukeen”, azaldu du Esti Kortejarena ogasun zinegotziak. Gauzak horrela, eta %2,5eko igoera aplikatuta, urteko 66,44 ordaintzetik, 45,45 ordaintzera igaroko dira Alde Zaharreko bizilagunak.

Larunbateroko azokan parte hartzen duten ekoizleen zergak, edota eraikinak konpontzeko jartzen diren aldamioengatik ordaintzen diren tasak izoztea ere erabaki da. Prezio publikoen kasuan, tolosarrei ez ezik, gainerakoei ere prezio berak aplikatuko zaizkie.

Etxebizitza hutsak gutxitzeko eragin nahian

Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren kasuan, berriz, igoera %1ekoa izango da, izan ere Aldundiak balio katastrala ere eguneratuko du. Biak kontutan hartuta, %2,5ean eguneratuko da zerga hau, eta hiri ondasuneko higiezinetan soilik aplikatuko da, hau da, landa eremua eta industriguneei ez zaie halakorik aplikatuko.

Etxebizitza hutsek errekargua izaten dute zerga honen kasuan, eta errekargu hori bikoiztea onartu du udalak. Hamalau salbuespen daude errekargu hori ez ordaintzeko, gainera, eta horietako batean ere aldaketa aplikatuko da. Orain arte, salbuetsita zeuden urtean 230kwo argindarraren kontsumoa zuten etxebizitzak. Bada, aurrerantzean, muga hori urteko 850kwo argindarraren edo gasaren 1.500kwo kontsumoan ezarriko da, hau da, gutxi gora behera, hiru hilabeteko kontsumoan. “Inor erroldatuta ez dagoen etxebizitzen ia %70ak ordaintzen du errekargua, eta hortaz, modu honetara eragin nahiko genuke hutsik dauden etxebizitza kopurua jaisteko”, adierazi du Kortejarenak.

Hain zuzen, etxebizitzaz luze eta zabal eztabaidatu da osoko bilkuran, EAJk eta EH Bilduk –kasu honetan, Etxegabetzeak Stop plataformak sinatutakoa– aurkeztutako mozio banaren harira. Azken hau onartu zen.

Beste aldaketa batzuk: ibilgailuak, zabor bilketa, jabari publikoa…

Ibilgailuen gaineko zergaren kasuan ere bada aldaketa bat. Igoera orokorra %2,5ekoa izango bada ere, 16 zaldi fiskaletik gorakoen kasuan, %3,5ekoa izango da igoera.

Zaborren bilketa zerbitzua, berriz, %5 igoko da, gastuen eta diru-sarreren arteko desorekari aurre egiteko. Orain arte ez bezala, landa auzoetan ere aplikatuko da tasa, nahiz eta hobaria izango duten. Auzo horien erdigunean bizi direnen kasuan, tasaren %75 aplikatuko zaie, eta barreiatuta bizi direnek, aldiz, %50eko hobaria jasoko dute.

Jabari publikoaren aprobetxamenduari dagozkion tasen ordenantzak ere eguneratu egingo dira, %2,5eko igoerarekin. Ordenantza hori, aurrerantzean, orain arte eraginik ez zuen beste hainbat esparrutan aplikatuko da. 

Horrela, Oriaburu eraikineko areto nagusiaren alokairua  –salbuetsita geratzen dira bertako erabiltzaile nahiz irabazi asmorik gabe antolatutako ekitaldien kasuan–, zoru publikoan foodtruck-ak jartzeko ordaintzen den tasa edo Emari Coworking Guneko erabilera kuota ere sartuko dira dinamika horretan. Emariko erabiltzaileen luzapenen kasuan, luzapenaren lehen urtean kuota %50 igoko da aurrerantzean, %75 bigarren urtean eta hirugarrenetik aurrera %100, ordurako enpresek egonkortuta beharko luketela ikusita.

Etxez etxeko zaintza indartuz

Kreditu aldaketa hainbat ere izan dira hizpide osoko bilkuran. Esate baterako, 150.000€ gehiago txertatuko dira, etxez etxeko laguntza zerbitzuarentzat, eskaerek duten intentsitatea eta onuradunen beharrak asko igo direla ikusirik. 

Bi diru-laguntza ere onartu dira, baita horiek egin ahal izateko kreditu aldaketak ere. Batetik, Oargi elkarteko rokodromo edo boulderra konpontzeko, 20.000€ bideratuko ditu udalak, tolosar guztiei irekitako espazioa baita. Bestetik, Samaniego Ikastetxearen urteurreneko ekitaldien antolaketarako beste 20.000€-ko laguntza eskainiko du udalak.

Bestalde, udal langileen ordainsarien bigarren igoera aplikatzea ere onartu da, 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrak 19 BI.2 a) artikuluan zehaztuta dagoen moduan.

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren barruan dauden Gipuzkoako garraio-zerbitzu publiko erregularrak harmonizatzeko Erregelamenduaren aldaketa egitea ere onartu zen, mugikortasun murriztua duten erabiltzaileen laguntzaileei doakotasuna zabaltzeko. Garraio Agintaritzaren Batzar Nagusiak ekainean onartu zuen aho batez aldaketa hori, eta orain partzuergoko kide bakoitzak onartu behar ditu aldaketa hauek.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA