Badu bide-orria Bedaioren udalerri-aldaketak

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/06/17 | Idazkaritza
  • Gaiari buruzko aurkezpen-saioak egingo dira ekainean Tolosan (ekainak 22) eta Amezketan (ekainak 23)

Bedaio auzoa Tolosatik bereizi eta Amezketari atxikitzeko bide-orria zehaztu dute bi herrietako udalek. Orain arte egindako urratsak eta datozen hilabeteetarako aurreikusten direnak azaltzeko, aurkezpen-saioak egingo dira ekainean Tolosan (ekainak 22, 19:00etan, Topic-en) eta Amezketan (ekainak 23, 19:00etan, kultur etxeko areto nagusian). Udalek saio horietan parte hartzera animatu nahi dituzte herritarrak, udalerri-aldaketaren inguruko zalantzak argitzeko, eta ekarpenak egiteko.

Tolosako Udalak, horrez gain, jendeari entzuteko prozesu bat abian jarriko du saioaren ondoren, Erabaki plataformaren bitartez. Bedaioren udalerri-aldaketari buruzko dokumentazioa jarriko da plataforman, eta ekarpenak eta galderak egiteko aukera izango dute tolosarrek, uztailaren 15era arte (Erabaki plataforman eta herritarren arretarako bulegoan jarriko den postontzian). Horiei erantzuteko konpromisoa hartu du Tolosako Udalak, eta parte hartzera animatu ditu herritarrak.  

 

Erakunde arteko Mahaia sortu dute

Bi herrietako udalbatzak osatzen dituzten alderdi guztiek erakunde arteko mahai bat eratu dute, Bedaioko auzotarren ordezkaritza batekin, prozesua gidatzeko. 

Martxoaren 17ko 2/2003 Foru Arauak —eta hori aldatzen duen abenduaren 22ko 5/2025 Foru Arauak— arautzen ditu Gipuzkoako udal-barrutiak. Besteak beste, auzo bat udalerri batetik bereizi eta beste udalerri batera atxikitzeko aukera aurreikusten du arau horrek, eta horretarako baldintzak eta prozedura ezartzen ditu.

Bedaioren udalerri-aldaketarako ekimena udal mailakoa izateko, bi udaletako osoko bilkurek onartu behar dute prozesua abian jartzea. Azken erabakia Gipuzkoako Foru Aldundiak hartuko du.

 

Baldintzak betetzen ditu Bedaiok

Foru Arauak finkatzen dituen eskakizun guztiak betetzen ditu, hain zuzen ere, Bedaioren udalerri-aldaketak, bideragarritasun ekonomikoa barne. Siadeco enpresak ikerketa bat egin du hori aztertzeko. Gainera, azterlan horren bidez, arauak eskatzen duen justifikazio-txostenaren ezinbesteko edukiak landuta daude dagoeneko: kokapena eta azalera, lurralde-mugaketa, biztanleriaren ezaugarriak, herri-ondasunak, egitasmoaren onurak eta bideragarritasun ekonomikoa. 

Bedaioren udalerri-aldaketa azaltzen duten funtsezko faktoreen artean, kokapen geografikoarena nabarmena da: Tolosako herrigunetik 17 km-ra dago errepidez, eta ez du mugarik egiten Tolosako beste auzo bakar batekin ere. Bedaiotar askoren bizimodua Amezketan errotuta dago aspalditik, besteak beste, eskolara Amezketara joaten direlako haurrak. Horrez gain, landa-izaera duen udalerria da Amezketa, eta Bedaion garrantzi handikoa den lehen sektorean ere, handia da Amezketarekin duten eguneroko hartu-emana. 

 

Bedaioren udalerri-aldaketarako erakunde arteko Mahaia

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA