Datorren urterako ordenantza fiskalak onartuta

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/10/01 | Idazkaritza
  • KPIaren %3ko igoeraren azpitik, %2,5 igoko dira udal zergak eta tasak datorren urtean, orain arteko zuhurtzia berarekin jokatuz, udalaren bideragarritasun ekonomikoa zaindu eta herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko.

 

Iraileko Osoko Bilkuran ohikoa den moduan udalbatzak datorren urteko ordenantza fiskalak jorratu ditu.

KPIaren igoera %3koa izan bada ere, neurri orokor modura, udal zergak eta tasak %2,5 igotzea onartu zen atzokoan. Modu honetara, diru-sarrera eta gastuen arteko desoreka ekonomikoa sortzeko arriskua ekidin nahi da, udalaren bideragarritasun ekonomikoa zaintzeko eta bereziki, herritarrei eskainitako zerbitzuak mantendu ahal izateko.

Igoera hori ez da aplikatuko apirilean onartutako prezio publikoen kasuan. Kultura sustatzen jarraitzeko, zine bonoen prezioa, adibidez, ez da aldatuko.

Beste zenbait hobekuntza eta berrikuntza ere txertatu dira datorren urtera begira, bereziki, herritarrei erraztasunak emate aldera:

a. Ibilgailuen gaineko zerga, OHZ eta Zaborren tasa zatika ordaintzeko aukera interesik gabe eskaria UDATEn eginda eta momentuan bertan baieztapena jasota.

b. Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ):

  • Etxebizitza hutsen kasuan salbuespen gehiago txertatu dira, errealitateari modu egokiagoan erantzuteko. Ondorengo kasuetan ez da errekargurik aplikatuko:

    • Zaintza partekatuko habia-etxeetan eta gurasoen etxeetan.

    • Modu jarraituan lanbide nahiz merkataritza jardueretarako erabiltzen bada etxebizitza urtarrilaren 1ean edo aurreko urteko bigarren sehilabetean.

    • Menpekotasunagatik, adina edozein delarik, erroldatutako pertsona etxebizitzaz lekualdatu behar bada.

    • Denboraldi batean bizitzeko etxebizitzaen kasuan, titularra Tolosatik kanpo bizi bada, gutxieneko kontsumoa egiaztatuta.

c. Ibilgailuen gaineko Zergari dagokionez, ibilgailu historikoek edo 30 urteko antzinatasuna dutenek ofizioz izango dute %50eko hobaria.

Era berean, herritarrei erraztasunak emateko, hobariak eskatzerako orduan erakundeek dituzten dokumentuak ez dira eskatuko tramiteak arintze aldera. DGTarekin ere hitzarmena sinatu da, trafiko buruzagitzan egiten diren tramiteak, Tolosako Udalean bertan egiteko aukera izan dezaten herritarrek.

 

HAPOaren aldaketa eta udal kirol instalazioen kudeaketa integralerako lizitazioa martxan

Atzoko Osoko Bilkuran ere Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntuala egiteko prozesua abiaraztea onartu zen. HAPOaren aldaketa, eskualdeko ospitale publikoarekin dago lotuta. Beraz, Tolosako Udalak urratsak egiten jarraitzen du ospitale publikoa eraikitzeko.

Plan Orokorraren aldaketa puntuala legez ezarritako prozedura jarraituta egin behar da, herritarren parte hartzearekin. Horregatik, atzoko Osoko Bilkuran prozesua abiaraztearekin batera herritarren parte hartzerako programa ere onartu zen. Talde eragilea eratuko da eta herritarrekin bi saio egitea aurreikusten da, lehena, ekarpenak jasotzeko eta bigarrena, behin betiko dokumentua herritarrekin partekatzeko.

Atzokoan ere udal kirol instalazioen kudeaketa integralerako zerbitzuen kontrataziorako lizitazioa martxan jartzea onartu zen. Izan ere, laster amaituko da indarrean dagoen kontratua eta beraz, lizitazio berria abiatu behar da. Kontratu berriak 10 urteko iraupena izango du eta 4.570.531,22 euroko aurrekontua. Azpiegiturak egoerarik onenean mantentzeko, kontratuaren baitan, 1.415.000 euroko inbertsioak aurreikusten dira eta hobekuntzak ere txertatu dira kontratazio berrian, bereziki, ordutegiaren zabaltzeari begira, herritarrei eskainitako zerbitzua hobetzen jarraitzeko asmoz.

 

Izaskungo Aldapako saneamendua hobetzeko hitzarmena eta kreditu aldaketa

Asunción klinikako saneamendu pribatua eta Izaskungo Aldapako saneamendu-sare publikoa hobetzea helburu duen lankidetza hitzarmena ere onartu zuen udalbatzak atzo. Proiektu honen bitartez, oso atzetik datorren arazo bati irtenbidea eman nahi zaio. Azterketa egin da, aurretik, irtenbiderik egokiena zehazteko eta proiektua lankidetzan garatu da. Asunción klinikak eremu pribatuari dagokion zatia berrituko du eta eremu publikoko saneamendua Gipuzkoako Urak-ek (euri urak) eta Tolosako Udalak (ur zikinak) berrituko dute.

Udalak guztira, 215.000 euro bideratuko ditu lan horietara eta obrak gauzatzeko kreditu aldaketa, kreditu gehiagarrien modalitatean, jada egina dago.

Adif-ekin elkarlanean herri erdiguneko tren geltokiko eremua irisgarriagoa egiteko obretarako konpromiso-kredituak ere onartu zituen Osoko Bilkurak. Gauzak horrela, urrats hori eginda, Adif-en eta Udalaren artean sinatu beharreko hitzarmena, hurrengo Osoko Bilkurara eramango da udalbatzak onartu dezan.

Amaitzeko, atzoko Osoko Bilkuran onartu eta jorratu ziren beste puntu batzuen artean daude: Izfe-ren eta Tolosako Udalaren arteko hitzarmena; Kirolzer enpresak Tolosako udalaren kirol instalazioen kudeaketa integralaren emakidaren oreka ekonomikoa berrorekatzeko eskaera, Covid19ak sortutako egoera dela-eta, eta Topic eraikinaren erabilera-kontzesio espedientea iraungitzea, berria martxan jartzeko.

Dagoeneko martxan dagoen alokairu ordainketa errazteko dirulaguntza deialdia arautzen duen ordenantza behin betiko onartu izanaren berri ere eman zen eta burujabetza energetikoari buruzko bi mozio jorratu ziren, bata EH Bilduk aurkeztutakoa, bestea, EAJ-PNV eta PSE-Eek aurkeztutakoa. Azken hori atera zen aurrera, EAJ-PNV eta PSE-Eeren aldeko botoekin.


 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA